«’Psikoterapia’-n egin dudan prozesuak asko bete nau»
Eskalada lehietan behin baino gehiagotan aipatu dugu haren izena, baina 19 urteko elorriarrak argi utzi du kirol eskaladan ere maila handia duela. Eta horixe erakutsi du joan den urriaren 26an Gaubean (Valdegovia) sinatutako «Psikoterapia» bidearekin. Gaztearen lehen 9a izan da.
Harrigarria bada ere, euskal eskalatzaileentzat bederatzi- garren esfera “itzalita” zegoen. Zorionez, pizteko ohorea izan du Martin Urrutiak, “Psikoterapia” (9a, Gaubea) kateatu baitu. Berri honen nondik norakoak ezagutzeko, GARA protagonistarekin bildu da.
Ez zara lehena zailtasun handiko xede baten bila jardun eta bidean maila bat “ahantzi” egiten duena. Horrekin esan nahi dizut 9a zailtasunera salto egin duzula 8c+ ezagutu gabe. Ez da batere bitxia erabaki hori, baina zure kasuan, zergatik egin duzu?
Onartu behar dizut Euskal Herrian eta batez ere nire ingurumarian ez daudela 8c+ graduko bide asko. Eta daudenak ez dira nire estilokoak. Gainera, Gaubean asko eskalatzen dut; eskalada eskola hori nire ezaugarrietarako oso aproposa da eta zailtasun horretako biderik ez dago. Langa pixka bat gorago jartzea erabaki nuen; hots, orain arte eginikoari plus bat gehiago jarri.
Adibidez, Gaubean bertan “Kutxu bitxiak” bidearen lehen igoera egin nuen, eta harentzat 8c gogorra edo 8c/+ proposatu nuen. Jakin badakit estilo horretan ondo moldatzen naizela; beraz, nire hurrengo apustu sendoa “Psikoterapia” izan da.
8c gogor batetik 9a zailtasunera igaro zara. Bederatzigarren esferan sartzea kosta egin al zaizu? Aldea nabaritu al duzu?
Zuk aipatzen duzun alde hori nabaritu dut, baina ez zait gogorregia egin. Onartu behar dizut 9a mailako probatu dudan lehen marra izan dela “Psikoterapia”. Konfirmatuta dauden 8c+ graduko bideetan ez dut jardun.
Arestian aipatu duzu Gaubeako eskalada zure estilora bikain moldatzen dela. Beraz, 9a graduan sartzeko “Psikoterapia” da hautatu zenezakeen bide bakarra.
Esan dizudan bezala, eskola horretan asko eskalatzen dut, eta, gainera, niretzat oso erosoa da. Indar-erresistentzia eskatzen duen bidea da, helduleku txikiak eta erregeletak ditu, ez da luzea (15 metro)… Horrek guztiak bat egiten du nire estiloarekin. Gaubearekin ohituta nago, eta eite horrek asko laguntzen dit; izan ere, burua horrelako helburu batean ondo kokatzea kosta egiten zait.
Bestalde, “Psikoterapia” eskalatu dutenen izenak begiratu eta neure buruari zera esaten nion: «Erronka oso interesgarria da».
“Psikoterapia” bezalako proiektu bati ekiterakoan, sasoiaz gain buruak oso sendo behar du egon. Prozesua luzea izan al da? Zer-nolako eskarmentua bizi izan duzu?
Berez, udan probatzea pentsatu nuen, baino bero egiten zuen. Irailaren hasiera arte atzeratzea erabaki nuen. Horretan nintzela, bosgarren saioan, sika bat apurtu nuen. Tartean, eskalada lehiaren bat edo beste nuenez eta ikasturtea hastear zenez, bada, lasai hartu nuen. Bi astera itzuli nintzen. Puskatutako sika hori bidearen erdian dagoenez, beheko zatia ondo menderatzen jardun nuen. Sekzio hori “Psikoterapia”-ren gogorrena da; goikoak erresistentzia eskatzen du. Egun horretan, gainera, hatz txikian min hartu nuen.
Atsedena hartu eta asteburu batean berriro itzuli nintzen. Aipatu dizudan beheko zati hori oso ondo eskalatu nuen; hain zuzen ere, sika puskatuta zegon leku horretara aise iritsi nintzen. Sika hori berriro itsatsi zutenean, bidearen oinarrian jarri, ekinaldi bat egin eta katera soilik eroriko batekin heldu nintzen. Gertu ikusten nuen, eta, beraz, motibazioak gora egin zuen. Astebetera “Psikoterapia”-n nengoen, eta saio on bat eginda, kateatu egin nuen. Urriaren 26an izan zen. Denera, bi hilabetetan banatuta, hamasei saio izan dira.
Aipatu duzu buruaren garrantzia, bada, esan behar dizut eite hori ere ondo bideratu dudala. Ekinaldi ia guztietan gozatu dut, eta ez dut presio eta urduritasun gehiegirik sentitu.
Horrela entzunda, ematen du “Psikoterapia” erraz egin duzula. Hala sentitzen duzu? Orain, oinak lurrean, eta egun batzuk igaro direnean, jabetzen zara egindakoarekin?
Hasieran kosta egin zitzaidan egin nuenaz jabetzea, baina orain asimilatua daukat. “Psikoterapia” oso azkar egin ote dudan? Bada, ez dakit. Soilik datu objektibo bat emango dizut: “Kutxu bitxiak”-ek hamar saio eskatu zizkidan, eta “Psikoterapia”-k hamasei. Onartu behar dut ez direla asko.
Dagoeneko, 9a esferan sartu zara. Beste urrats bat zure ibilbidean, ezta?
Hala da. Maila horretan sartzeak kristoren poza eman dit. Hala eta guztiz ere, zailtasun horri baino garrantzi gehiago ematen diot “Psikoterapia”-n izan dudan prozesuari. Beste era batera esanda, nola lortu dudan, alde horri azpimarra jartzen diot. Xede handi bat zen, gogorra, eta bikain atera da. Uste dut gauzak ondo egin eta kudeatu ditudala. 9a bat da, bai, eta pozarren nago.
Patxi Usobiaga, Iban Larrion, Adam Ondra eta Martin Urrutia. Soilik lau eskalatzailek lortu duzue “Psikoterapia” kateatzea. Zure izena beste horien ondoan ikustea berezia izan behar du, ezta?
Bai, bai, izen horiek asko motibatu ninduten; kristoren ohorea da. Eta arrazoia duzu, oso eskalatzaile gutxik osatu dugu “Psikoterapia”. Hein batean, harritzen nau. Baina kontuan hartu behar duzu bide motza dela, eta izaera horretako marrek ez dute eskalatzaile asko erakartzen. Estilo berezia da. Ni, adibidez, bide luzeetan ez naiz hain ondo moldatzen. Eta, oro har, eskalatzaile gehienek bide horiek maite dituzte.
15 metro bakarrik ditu, baina, “Psikoterapia” bideak harrapatu egin zaitu?
Asko gustatu zait. Marraren hasieran bloke oso gogor bat dago, eta, beraz, hasieratik %100a eskatzen dizu. Zailtasunean iraunkorra da, eta horrek atseden hartzeko eragozpenak jartzen dizkizu. Arestian esan dudan bezala, helduleku mota hori nire gustukoa da. Eta, oro har, bide estetikoa da.
19 urterekin bederatzigarren mundu horretan sartu zara, eta modu batera edo bestera Euskal Herrian maila horretan zegoen lehorteari amaiera eman diozu. Zer gertatzen ari da?
Uste dut zailtasun hori lor dezaketen batzuk Olinpiar Jokoetara begira daudela. Asko entrenatzen dira, baina batez ere lehiei begira. Eta arrokan gutxi eskalatzen ari dira. Hori gertatzen ari da, bederen, gazteen artean.
Esan dugu 9a mailara 8c+ egin gabe egin duzula salto. “Arantza” hori kentzen saiatuko zara ala beste helburu batzuk dituzu?
Heldu den urtarrilean Erasmusekin kanpora noa. Beraz, proiektu gogor batean jarduteko ez dut denbora asko. Hilabete hauetan disfrutatzen saiatuko naiz. Baltzolan baditut pare bat 8c, Mugarran zer edo zer…

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
