Estibalitz EZKERRA
HELDUEN LITERATURA

Bi aldeetatik begiratuta

Izenik gabeko idazle batek euskal gatazkaren gainean nobela bat idazteko duen egitasmoarekin abiatzen da Itxaro Bordaren azken lana, “Susmaezinak”. Hogeita hamar urte baino gehiago preso egon ostean, Felix Sutarregi aske geratu dela eta horren harira, fikzioaz baliatuta, 1980ko hamarkada gatazkatsuan –Erauntsi komandoko buruzagia izandakoaren ekintzak gertatu ziren garaia– sakontzeko erabakia hartzen du. Jarraian, Felixen bizipenekin batera Patxi, Pierre eta Marian komando kideenak ere azaltzen zaizkigu: zerk bultzatu zituen borroka armatura, nola arrazoitzen dituzten beren ekintzak, zer-nolako bizimodua daramaten ETAren izenean bonbak jartzen edo jeneralak tirokatzen ez dabiltzanean. Bizipenok ez dira modu isolatuan agertzen; aitzitik, Bordaren nobelak lan bikaina egiten du gertaeren testuingurua aztertzen (GALek errefuxiatuen kontra abiaturiko errepresio kanpainak, esaterako), garaiaren konplexutasuna azaltzeko.

Konplexutasun horren barruan sartzen da ere jardun armatutik kanpo ETAko kideek daramaten bizimoduaren erretratua, zeinak, komando kideak humanizatzen laguntzearekin batera, beren ekintzen ondorioak familiaren ikuspuntutik aztertzera bultzatzen gaituen: hain zuzen ere, komando kideek daramaten bizimodu bikoitza, nobelako izenburuan adierazten zaigun bezala, susmaezina delako kanpotik –Iparraldean Iparraldeko jendearekin osaturiko komando bat egon daitekeenik susmaezina da poliziarentzat, eta, horregatik, atzemanezinak dira hainbeste urtez– zein barrutik begiratuta, behin egia azaleratuta beldur eta samin neurrigabe bat egiten da haien senideen jabe. Neurrigabea da, halaber, Erauntsi komandoko kideek eragindako hildakoen familiek zein atentatuetatik bizirik ateratako biktimek sentitzen duten mina. Haien testigantzak ETAkideen bizipenekin tartekatuta agertzen dira nobelan zehar, maila berean, batak besteari itzalik egin gabe, eta horretan datza Bordaren nobelaren ausardia eta berritasuna.

Iragan hurbilari heltzeko orduan, nobela barruko nobela delako teknika baliagarria eta emankorra gertatu zaio euskal literaturari. Hortxe ditugu Ramon Saizarbitoriaren “Hamaika pauso” (1995), Bernardo Atxagaren “Soinujolearen semea” (2003) zein Harkaitz Canoren “Twist” (2011), adibide batzuk aipatzearren. Nobelaren barruko nobela teknikak afektuari zein gertaerei begira arras korapilatsua den historiari hariak ateratzeko aukera ematen du, literaturak berak zenbait historia gogoratu, berrikusi, gorde, zabaldu… hots, artxibo bat osatzeari begira joka dezakeen rola aztertzen duen aldi berean.

Itxuraz, Bordaren “Susmaezinak”-ek ere antzeko estrategia darabil, esan bezala gatazkaren gainean nobela bat idatzi nahi duen idazle baten gogoetekin hasten delako. Hala ere, lehen sei orrietan azaltzen den idazlea desagertu egiten da testutik –ustez bere nobela den horretatik– azken bi orrietan berriro agertzeko. Hots, Saizarbitoriaren, Atxagaren eta Canoren lanetan ez bezala, Bordarenean nobelako idazleak ez du idazten ari den horri buruz iruzkinik egiten; alegia, ez du sortze prozesuak berak kontatzen den horretan duen eragina azaltzen. Hala ere, amaierako bi orri horiek argigarriak dira oso historia jakin batzuk kontatzeko orduan, idazleak alderdi teknikoez aparte aurre egin behar dizkien zailtasunei begira: batetik, gertaerak berdindu edo sinplifikatzearen arriskua, eta, bestetik, gizarteak hainbat gauza entzun eta onartzeari begira ager dezakeen erresistentzia. Badirudi azken horri zuzentzen zaiola idazlea bakea lortzeko gatazkaren bi aldeak aintzat hartzea beharrezkoa dela azpimarratzen duenean.