«Oztopo lasterketa Olinpiar Jokoetan egotea nire ametsa litzateke»
Soin Hezkuntzako ikaslea da Donostiako Deustuko Unibertsitatean (SHEE/IVEF) eta kirol monitore gisa lan egiten du. Gimnasta eta soroslea izan da, triatloiak egiten ditu eta duela urte gutxi «El Conquistador del Fin del Mundo» saioan parte hartu zuen. Hortxe piztu zitzaion benetan oztopoen lasterketan murgiltzeko gogoa. Halakoa da Irati Beorlegi irundarra, Hendaian bizi den kirolari gaztea.

Irati Beorlegi (abenduaren 21ean, San Tomas egunean, 24 urte beteko ditu) Espainiako oztopo lasterketetako txapeldun berria izateaz gain, Ligako irabazlea ere bada jada, azaroaren 1etik 3ra bitartean Pozuelo de Alarconen (Madril) 15 eta 5 kilometroko probak irabazi eta gero.
Lehenik eta behin, zer da zehazki oztopo lasterketa?
Spartan Race bezalakoa da, baina hori marka bat da, eta guk egiten duguna OCR deitzen da. Azken finean, zirkuitu batean korrika egitea da, eta bertan oztopo ezberdinak aurkitzen dituzu: lokatzetik ibili, gantxo batzuen azpitik pasa, sokak igo, ‘monkey’ delakoak gainditu; hau da, eskailera horizontal batzuetatik zintzilikatuta pasatzea... Horrelako oztopo asko daude lasterketetan.
Gauza berria denez, kirol hau oraindik ez da oso ezaguna eta jendeari ezagutaraztea gustatuko litzaidake. Guk talde bat dugu Euskal Herrian, Denontzat deitzen da; zehazki Hernanin eta Irunen. Liga bat dago urtarriletik abendura bitartean, eta Liga horretan lasterketa ezberdinak egiten dira Espainian. Puntuak hartzen eta klasifikatzen joaten zara. Ni aurten Europakorako (ekainean) eta Mundukorako (urrian) sailkatu nintzen, eta Espainiako Txapelketan lehenbizikoa izan naiz 15 kilometrokoan, 5ekoan eta Liga irabazi dut matematikoki, lasterketa baten faltan.
Hiru garaipen batera, beraz. Zer sentitzen duzu?
Oso ondo sentitzen naiz, urte osoko entrenamenduekin lortutako garaipena da. Gustatzen zait ikustea entrenamenduek beren fruitua ematen dutela. Orain arte gimnasta izan naiz, gimnasia erritmikoa egiten, eta aurten sartu naiz honetan. Iaz Farinato Race probatu nuen eta pila bat gustatu zitzaidan. Esan nuen: ‘igual, honelako lasterketa bat prestatzen badut, ondo joan dakidake’. Gimnasia utzi eta aurten gehiago zentratu naiz oztopo lasterketetan. Egia esan, oso ondo joan zait. Aurreko urtean egin nituen lasterketak irabazi nituen. Pixkaka aurkarietatik ikasten eta esperientzia hartzen joan naiz. Nazionala aprobetxatu dut lortutako esperientzia hori guztia bermatzeko.
Gainera, minduta amaitu zenituen bi lasterketak.
Gauza da urtarriletik ez dagoela geldiunerik lasterketetan. Ia asteburuero egon naiz lasterketak egiten eta ez dut ondo deskantsatu. Gainera, ni monitorea naiz gimnasio batean; pixka bat kargatuta iritsi nintzen. 15ekoan oso ondo hasi nintzen, baina 5. kilometroan zaintiratua izan nuen hankan. Esan nuen: ‘saiatuko naiz txipa aldatzen, ez dut minik’, eta jarraitu nuen. Nahiz eta erritmoa pixka bat jaitsi, ondo bukatu nuen. Baina hurrengo egunean kristoren mina nuen eta ia-ia ez nintzen atera 5 kilometrokoan, baina neska dexente falta ziren eta ez nuen ezer galtzeko. Gero izango nuen deskantsatzeko aukera. Herrenka egin nuen ia lasterketa osoa, baina ez zegoen hainbesteko nibela eta irabazi egin nuen. Flipatu egin nuen.
Zu Denontzat kirol elkartekoa zara. Noiztik zaude bertan eta nola entrenatzen duzue?
“El Conquistador del Fin del Mundo” saioan parte hartu nuen (2016an), eta joan baino lehen Denontzatera joan nintzen entrenatzera, esan baitzidaten hara joateko hobe nuela bertan entrenatu. Behin joan nintzen, ez nintzen asko entrenatu. Hortik bueltan konturatu nintzen gehiago entrenatu behar nuela eta Denontzatera gehiago joaten hasi nintzen.
‘Conquis’-etik gehien gustatzen zitzaidana probak ziren, eta horiek, azken finean, oztopo lasterketetan egiten direnen antzekoak dira. Beraz, Hernaniko Denontzatera hasi nintzen joaten, oso gustura. Farinato Race probatu nuen, pila bat gustatu zitzaidan eta hurrengo urtean gimnasia uzteko erabateko erabakia hartu nuen eta honekin hasi nintzen. Irungo gimnasioa ireki zuten eta niretzat errazagoa zen, ni Hendaian bizi naizelako, eta Javi eta Asierrekin egon naiz entrenatzen. Beraiekin asko hobetu dut.
Asier (Landarte) aipatu duzula, hirugarren amaitu zuen Espainiako Txapelketan. Lan bikaina egiten ari zarete Denontzaten, ezta?
Nire entrenadorea hirugarren geratu zen, baina nire ekipoko kide batek, Jose Maria Pesok (Jox deitzen diote), irabazi zuen. Oso ondo dago, gimnasioari prestigioa ematen diolako. Nesketan eta mutiletan biek irabazi dugu. Oso pozik gaude Denontzaten.
Esaten duten bezala, benetan hain gogorra al da “Conquistador del Fin del Mundo”?
Gogorra da. Entrenatuta joan behar zara, ez bakarrik fisikoki, baita mentalki ere. Niretzat esperientzia oso polita izan zen, baina errazagoa izango zela pentsatzen nuen. Gogorra zen mentalki eta fisikoki. Egon behar zara kondizio horretan eta ezagutzen ez duzun jendearekin, askok jarrera potentea dutela. Ez da edonor joaten hara. Beraiek nahi dutena da telebistan ematea; eta jendea joaten da telebistan emateko. Horiekin, elkarbizitza zaila izaten da askotan.
Bertan bizitako esperientziak oztopo lasterketetarako balio al dizu?
Bai, noski. Horrek motibatu ninduen hau egiteko. Egia esan, oztopo lasterketak ez nituen ezagutzen eta Denontzatera eta ‘Conquis’-era joan nintzenean gehiago informatu nintzen.
Donostiako Deustun SHEE/IVEFeko ikaslea zara eta kirol monitore bezala lan egiten duzu. Gainera, gimnasta eta soroslea izan zara eta triatloiak egiten dituzu. Denbora ematen al dizu dena egiteko?
(Barre egiten du). Unibertsitatetik atera eta lanera joaten naiz, eta gero etxera. Entrenamenduak lanetik ateratzerakoan, gauean, egiten ditut, edo bazkaldu aurretik edo ondoren. Horrela ibiltzen naiz.
Nola entrenatu oztopo lasterketa bat prestatzeko?
Denontzaten oztopoak egiten ditugu entrenatzeko eta, horretaz aparte, indarra hartzeko gihar guztiak indartu behar dira gimnasioan. Niretzat garrantzitsuena korrika egitea da; ez baduzu korrika egiten, ez zara lehenengotarikoa izango. Orduan, astean hiru egunetan egiten dut korrika gutxi gorabehera, serieak sartuz eta noizbehinka mendira joaten naiz. Denontzaten eta gimnasioan lesiorik ez izateko ere lan egiten dugu.
Zer egutegi daukazu urte amaiera arte?
OCR Ligaz aparte, Farinato Liga ere egiten ari naiz. Azken lasterketa falta zait eta hor sari ekonomikoak daude; gauza gehiago lortuko ditut. Pena bat da, Nazionalean ez digute ezer ematen neska eta mutilei. Liga hori pertsona talde batek egiten du, eta ez dute ondo antolatu sari ekonomikoak emateko. Azken lasterketa bi asteburu barru da eta hor daukat sari garrantzitsu bat. Urtean zehar hainbeste mugitu ondoren, eskertzen da zerbait jasotzea. Abenduan, Liga bukatzeko beste bat egingo dut, eta hori izango da aurtengo azkena.
Nola ikusten duzu kirol honen osasuna eta bere etorkizuna?
Kirol polita da jendeak ikusteko. Ez dago bakarrik lehiaketa moduan. Popularrean ondo pasatzera joan zaitezke. Ondo egongo litzateke kirol hau aurrera eramatea, Federazioa sartzea eta laguntza ekonomikoak egotea. Hemen lasterketa gutxi daude; beraz, zabaltzeko pixka bat. Ea horrela noizbait Olinpiar Jokoetan sartzen diren. Hori izango litzateke nire ametsa. Zaila da, baina uste dut lor dezakegula, laguntzekin eta informazioa zabaltzen.
Momentuz, otsailean Denontzat Race egingo da Irunen; ea jendea animatzen den. Hernanin egin zen maiatzean eta Irungoa lehenengo aldia da.
Eta zer espero duzu 2020an?
Lehenengo deskantsatu, ondo errekuperatzeko eta hurrengo urteko Liga ondo hasteko. Aurten, Europakoan eta Mundukoan egon naizela, esperientzia hartzen eta beste atletengandik ikasten egon naiz gehiago. Datorren urterako ondo prestatu nahi ditut Europakoa eta Mundukoa, hemendik kanpo lasterketak amaitzea zaila baita.

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
