Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Arazoak azaroan

Pasa den astetik nabil koalak nire gogotik aldendu ezinean. Baina hor segitzen duten bitartean jana eman behar, ideien bidez bada ere. Eta hori kolpea! Gero eta gaitzago egiten zait ideiak sortzea, berriak sikiera; hain da handia buruan dudan inguru-zarata! Hain handia, eguneroko albiste batzuen zurrunbiloak buruan utzitako albo-kaltea! Ene, ene! Zenbat aritu gabeko aditu diren sukaldean! Zenbat kalte sortu gaur atzoko lege askok, zenbat kalte hemen hango askok!

Tira, kultur kontsumoaren harira! Gora egin ei du, Durangoko atarian esanda. Kontsumitzeko gora egin behar ere! Ez dakit, bada, haranean nahikoa izan ez eta mendian ere kontsumitu behar ote? Aitor dut, ostiral beltzen zurrunbiloak ito egiten nau, eta ez azaroak bota dituen euri-erauntsiek. Arazoa ez da azaroa. Itxura batean, datuak datu, musika kontsumitzen da gehiago, irakurgaiak baino. Neurri batean ulertzen dut datuona, nire belarriak ezagututa ezinezkoa begitanduta ere; hain da zaila irakurtzea aditu omen diren batzuen testuko orri-oinen letra txikerra!

Ama, ama! Einstein bera ere gogoan, koalen ondoan: «Arazo bat ezin da konpondu arazoa sortu duen pentsaera beretik». Hortaz, arazoetan adituak behar ditu batzorde batek, konponbideetan baino lehenago. Bestela, hor-konponbideak baino ez dira hortik aterako, orri-oinen letra txikerra eta guzti. Usteak ustel, eta urrea latorri!

Koloretan ikusten dut ingurukoa. Aurrekontuak berdeak eta moreak ei dira, betiko grisa zuritzeko badira ere. Ostirala beltza da, black edo, handiaren mesedetan txikia kolpatzen, erdiaren faboretan periferiak kaltetu, kale nagusiak gainezkatu karrikak hustuta. Aitor dut, kaletar artaburuak gara! Komertzioan, goiko politika bera behera ekarrita. Aditurik ez horretan, aldebikotasunik ere ez, iraganeko inertzia geroko helbide … Kaka zaharra!