Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Harri Handien Txapelketa jokatuko da bihar Azpeitian

Aimar Irigoien irtengo da faborito, baina ez zaizkio aurkariak faltako Izarraitzen.

Amezketako Albizuri Handiari hautsa kendu ondoren, Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa jokatuko dute zazpi harri-jasotzailek bihar, 18.00etan, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Parte hartzaileak hauek dira: Iñigo Eizagirre, Aimar Galarraga, Xabier Aranburu, Xabier Peñagarikano, Julen Diaz, Jokin Eizmendi eta Aimar Irigoien.

Egin beharreko lana lau harri desberdinekin hiru minutuko txandatan aritzea izango da. Harriak hauexek dira: 175/200 kiloko harri errektangularra, 175/200eko zilindroa, 150 kiloko kubikoa eta 125eko bola. Sarrera 20 eurokoa izango da.

Aimar Irigoienek Amezketan Albizuri Handiari altxaldi bat ere eman gabe gelditu zenean barruan geratu zitzaion arantza atera nahiko du, eta bihar bera izango da faborito Azpeitian. Hala ere, alboan izango dituen beste sei kirolariak ere ez dira motelak eta deskuidu txiki bat nahikoa izango da txapela beste norbaitek janzteko.

Urrezko Aizkolariak

Urrezko Aizkolarien Kopako beste kanporaketa bat jokatuko da gaur, 12.00etan, Agurainen: Ugaitz Mugertza eta Jon Rekondo neurtuko dira. Hamarna kana-erdiko izango dira ebaki beharreko pago enborrak.

Gabonetako Harri-jasotzaileen Kopak ere ekitaldia izango du. Beñat Telleria eta Jon Gisasola “Zelai V.a” gazteak neurtuko dira. Eta emakumeentzat ere bada lana; Gabonetako Ingude Kopa jokatuko dute Estibaliz Cidad eta Karmele Gisasola “Zelai III.a”-k.

Ikuskizunak bihar izango du jarraipena Mendaron. 18.00etan hasita, Urrezko Aizkolarien Kopan Julen Alberdi “Txikia IV.a” azkoitiarra eta Beizamako Eneko Otaño neurtuko dira. Hauek ere hamarna kana-erdiko izango dituzte aurrean lanerako.

Harri-jasotzaileen Kopan Imanol Albizu “Goikoetxe” eta Mikel Lopetegi “Urra” neurtuko dira. Azkenik, emakumeen Ingude Kopan Maika Aristegi eta Nerea Egurrola lehiatuko dira.

Sokatira Ozaetan

Euskal Herriko goma gaineko 4x4ko sokatira txapelketak bosgarren jardunaldia igandean du aurreikusia Ozaetan. Lehiaketa 11.30ean hasiko da eta emakumezkoek 260 kilotan bigarren ekitaldia izango dute. Bizindar, Txantrea A eta B, Beti-Gazte, Gaztedi, Badaiotz A eta B, eta Ibarra jardungo dira lehian. Gizonezkoak 300 kilotan neurtuko dira elkarren aurka, eta bigarren jardunaldian Biti-Gazte, Ibarra, Ñapurrak, Beriozar A eta B, Txantrea, Gaztedi, Antsoain eta Bizindar arituko dira.

Urdulizen zaldi probak

Gaur kintopeko zaldi proben txanda izango da Urdulizen, 18.00etan. Fermin Santamaria, Garagartza eta Ibekohondoren abereak plazaratuko dira. Bihar, 21.00etan, Koba, Torrontegi eta Jabi Peña arituko dira. Igandean, 18.00etan, Juan Uriarte, Nabarniz jatetxea, Baraiazarra eta Imanol Mujikaren abereak.