GARA
GASTEIZ

Hiru emakume artista saritu ditu ARTgiak

Yone Estivariz, Uxue Ruiz de Arkaute eta Estibaliz Aguirre Lopez de Munain izan dira EmART laguntzaren irabazleak.

Duela bi urte jaio zen ARTgia proiektua Gasteizen. Bere oinarrietan feminismoa dago eta, horregatik, garatzen dituen jardunen artean emakume artistei bultzada bat ematea da helburuetako bat. Horren baitan EmART deialdia egin zuen iaz lehen aldiz, eta aurten ere laguntza hori eskaini diete sortzaileei.

Aurtengo sarituak Yone Estivariz, Uxue Ruiz de Arkaute eta Estibaliz Aguirre Lopez de Munain izan dira. Eurekin batera, epaimahaiak bi accesit eman ditu: Uxue Bereziartua ilustratzaileari eta Maitane Argote Guzman artistari. Accesit horien bidez, erakusketa eta komunikazio zerbitzua izango dute aukeratutako artistek. «Arabako emakume* artiston lana ikustaraztea da deialdiaren helburua. Emergenteak direnak mahaigaineratzea, aukerak zabaltzea. Horregatik plazera da guretzako EmART deialdiaren irabazleak publiko egitea», nabarmendu zuen Almu Maeso ARTgiako kideak.

Aste batzuk iragan dira saritutako artistek ebazpenaren berri izan zutenetik eta ordutik ari dira lanean. «Orotara 23 proiektu aurkeztu dira eta oso pozik gaude bai aurreko urteko emaitzekin bai aurtengo proposamenek izan duten kalitate artistikoarekin ere».

Yone Estivariz argazkilaria da, Uxue Ruiz de Arkautek arkitektura eta eskultura lantzen ditu eta Estibaliz Aguirre Lopez de Minainek, azkenik, diziplina plastiko desberdinak nahasten ditu bere sormen lanerako.