Andres Osa «Sakona»
Filosofian eta Hezkuntza Zientzietan lizentziaduna.
KOLABORAZIOA

Neure buruaz beste egin nahi

H amairu urte eta ilusioa, bizipoza zenuen. Ondorengo bizpahiru urteetan ez pozik, ez ilusiorik, ezer ez, sufrimendua eta nahigabea. Zer gertatu zitzaizun? Erantzuna jaso behar dugu. Baditu 40 urte paseak, baina oso ongi eta saminez gogoratzen du bizi izan duen kalbarioa, bere buruaz beste egin nahi izatea ez da kontu merkea. Konta egiguzu.

«14 urte nituela eta ondorengo bi urteetan ere eskolan pasatu nuen bizitza larria izan zen. Gaur konta nezake, baina urte haietan neure buruaz beste egiteko gogoa eta tentazioa izan nuen. Nola edo hala salbatu nintzen. Eskolan, gelan, jolasean, kalean, egunero JAZARPENAK irentsi behar izan nituen. Etenik gabeko sufrimendu psikologikoa, eta fisikoa ere bai. Pasatu nituen sufrikarioak pasatuta ez dakit nola etorri naizen neure onera. Edonon zankadila jartzen zidaten. Alboan pasaeran bultzadak. Kalean non nenbilen kontrolatzen ninduten eta edozein ordutan agertzen ziren nire ingurura. Kirolean bakarrik lagatzen ninduten jokoan eta atsedenaldian».

«Gaur egun, aurrekoaz gainera sare sozialetan hedatu da cyberbullying jazarpen sofistikatua. Irainak, gezurrak, mehatxuak, mugikor kaskar horietatik bidaltzen dira. Hitz batean esanaz, zibererasoa. Ondorioz, sufrimendua. Lehen eta orain gauza bera: Ez du etenik, sufrimendua gauez eta egunez».

Ondorioak. «Une guztietan pentsamendu berdina, tentsio bizian. Ikasteko gogorik ez, egun osoan triste eta beldurrez, beldurrez, beti beldurrez. Begiak altxatzea ere zaila. Egunak etorri egunak joan nahigabea gehitzen. Zer egin jakin ezean. Hiltzeko gogoa. Alferreko bizitza. Adin horietan trapu zahar bat sentitzen nintzen. Gaztetxo aroa, askorentzat aro polita. Niretzat ez, eta nire inguruko bakar batzuek ere sufritu zuten. Lerro hauek doaz, gaurko munduan desager daitezen horrelako jazarpenak eta gure seme-alabak antzerako tristurak, nahigabeak, egoerak jasan ez ditzaten».

Eskolatan sufritzen den eraso mingarria, jazarpena, bullyinga gordin eta zintzoki agertu diguzu. Mila-mila esker, adiskide.

Argazki beltza. Adin horietan bideak itxita ikusten dira, nagusiek duten heldulekurik ez dago. Arazo hau tarteko beren buruaz beste egiten duten ikasleak asko dira. Ofizialki datuak estali egiten dira. Bitartean, hitzak bai baina ekintzak gutxi eta sufrimenduak bere horretan jarraitzen du.

Ikastetxe bakoitzeko profesionalei dagokie bereziki erremedioa jartzea. Egoera honetan norbait egon badagoela sumatzen den une berean ekin lanari.

Identifikazio kolektiboa. Lehenbiziko urratsa JAZARPENA burrunbarik gabe zorrotz detektatzea da. Urrats hori egiten denean identifikazio lana dator. Hau egiterakoan, oso garrantzitsua da ikasle kolektiboak eta gela osoak identifikatu behar duela nortzuk diren erasotzaileak eta nor erasoa jasaten duena. Jakin badakite, baina ageriko identifikazioa behar da irtenbideari ateak zabaltzeko. Horretarako baliabide eta trebetasun pedagogikoak erabiliz erraz jotzen da parean.

Horretara iritsi garenean, derrepentean hasi behar da bitartekoak ipintzen. Maila honetan jokabide eta pertsona asko sartzen dira. Une honetan ez gara murgilduko azalpenetan. Lan espezifikoak egin behar dira.

Neurri egokiak hartzen badira, bi-hiru astetan egoera iraulita eta arazoa soluzio bidean legoke. Mota honetako jazarpenen aurrean bizkarra eman, bestaldera begiratu eta ezer ez egitea barkaezina da. Estatistika batzuk atera dira. Baina estatistika berezia interesatzen zaigu. Egoera horretatik irteteko zer modutako laguntza izan duten, laguntzarik izan badute, noski. Hau da benetan interesatzen zaiguna.