Nagore BELASTEGI
USurbil

Judas Arrietaren mural handi bat aurkeztu dute Usurbilen

Usurbilgo «Harria Hitz» ibilbide gidatuek bisitatu beharreko beste artelan bat izango dute aurrerantzean. Judas Arrietak inguruko interbentzioetan oinarritutako artelana sortu du teknika desberdinak nahasiz.

Usurbilgo alderdirik esanguratsuenak ezagutzeko aukera ematen du “Harria Hitz” bisita gidatuak. Urteko azkena egin zuten atzo, berezitasun batekin, bisitara gehituko den mural berri bat aurkeztu baitzuten. Judas Arrietaren lan bat da, haurrekin antolatutako tailer baten ostean egina. Haurrekin kalera atera zen herriko paretak aztertzera, murala, grafitia eta pintaden arteko desberdintasunak ikastera, eta arlo horretan legala zer den eta zer ez den ikastera.

«Herrian badaude interbentzio artistikoak baina baita grafitiarekin egindako gauzak eta pintadak ere. Nire buruan beti egon da hausnarketa bat pareten inguruan. Nola atera dezakegu artea kalera? Nola kokatu da arte hori? Herri guztietan jartzen dira eskulturak, errazena delako, baina paretak pintatzearena zailagoa da. Zergatik? Uste dut Euskal Herriaren historiak harremana izan duela paretekin. Beti erabili izan ditugu aldarrikapen esparru bezala. Baina egoera politikoa aldatu da eta, orain zer margotu behar da paretetan? Hori da abiapuntua eta haurrekin egindako tailerrean horri buruz hitz egin genuen», esan zigun Arrietak.

Bere murala egiterakoan herrian topatutako interbentzioak izan ditu kontuan, ez bakarrik irudikatutako motiboei dagokienez, baita erabilitako teknikei dagokienez ere. Hori dela eta, grafitiaren, muralismoaren zein pintaden estiloak antzeman daitezke.