Jon GARMENDIA «TXURIA»
Idazlea

Zaldi urdina

Norbaitek atera behar zuen gaia, heldu behar zion eztabaidari, eta ez dut erran nahi nehork ez duenik drogaren gaia lantzen egunerokoan, anitz baitira prebentziotik ondorioetarainoko bidean modu desinteresatuan lan eskerga egiten dutenak. «Gure aldiaren galdera ez da nora goazen, gure aldiaren galdera da, noiz arte?», planteatzen du une batean “Zaldi urdina” antzezlanak, eta nire belaunaldiaren artetik galdera bat hautatu behar banu «drogaren eztabaida noiz emango dugu?» litzateke, bilkura geletan txostenak idazten eta kale kantoietatik harriak jaurtiz iraultza hauspotzen baikenbiltzan, drogari buruzkoak gerorako utziz, beti gero den gerorako. Apika konplexuegia da gaia, kritika eta autokritika behar dituena ausaz, lotsa eta auzo lotsa saihesteko, arazoaren muinera jo eta eragingarria den zerbait lortzeko, baina ukaezina da arazo potolo baten aitzinean gaudela, urteak joan arau handiagotzen ari dena gure herriaren luze-zabalean, eta ertz anitz dituenez ertz anitzetatik heldu behar zaio, irmoki bai, baina enpatiaz eta gardentasunez ere bai. Hori dena maisuki taularatzen du Ximun Fuchsen gidaritzapean plazaratutako obrak, zer pentsatu ematen duen proposamen artistiko bikaina da, zuzena eta zorrotza. Euskal Trainspotting baten aitzinean aurkitu naiz antzezlan honekin, gidoilarietatik antzezleetara lan txukun bat. Baliatu ikusteko parada.