IZASKUN ESPARZA ARTAZCOZ
Iruñea
GUTUNAK

Esku-hartze sozialeko hitzarmena orain!

Bitxia badirudi ere, XXI. mendean gaudela, badira prekaritate egoeran lan egiten duten profesionalak; konparazio batera, esku-hartze sozialaren arloan lan egiten dugunok. Gizarte egoera ahulean dauden pertsonekin lan egiten dugu; besteak beste, hainbat arrazoirengatik beren familiekin bizi ezin diren adingabeekin, genero indarkeriaren biktima diren emakumeekin, familia desegituratuekin, etxerik gabeko pertsonekin, eta abarrekin.

Gizarteak gutxi edo gaizki ezagutzen duen sektorea da gurea, baina, hala ere, gizartean oihartzun handia duen lana egiten dugu.

Sektore honetan lan egiten dugunok hainbat diziplinatako eta kualifikazio mailatako profesionalak gara: gizarte hezitzaileak, gizarte integratzaileak, gizarte langileak, psikologoak… Denbora, ahalegin eta diru franko jarri dugu gure prestakuntza eta birziklatze profesionalean, eta konpromiso eta kontzientzia sozialeko plus bat ematen diogu sektoreari.

Esku-hartze sozialaren arlo guztietan emakumeak dira nagusi. Tradizioz, sektore feminizatua da, eta, ondorioz, gutxietsia dago eta bigarren mailakotzat jotzen da.

Gure lanaren prekaritatearen ondorioz, mugikortasun handia dago zuzeneko arretako postuetan, eta horrek maila guztietan du eragina, bai artatutako pertsonentzat, bai lantaldeentzat beraientzat ere.

Gaur egun, gure lan baldintzak arautzen dituen hitzarmenik gabe aritzen gara lanean. Gurean normalak dira gehiegizko eta abusuzko ratioak, 14 orduko txandak, muturreko egoeretan erabaki zailak hartu behar izatea... Eta, bestalde, batzuetan oso ezberdinak diren egoeretan jarduten dugu, enpresaren edo lan egiten duzun lekuaren arabera.

Gure lan errealitatea gogorra da. Gure erabiltzaileak/bezeroak muturreko egoeran bizi diren pertsonak dira, pertsona oso eta independente gisa hazteko eragozpenak dituztenak. Gure lana hazkunde eta ahalduntze prozesu horretan laguntzea da.

Horregatik guztiagatik, guztiz beharrezkoa eta premiazkoa da gure lan baldintzak arautuko dituen hitzarmen bat izatea, esku-hartze sozial duina eta kalitatezkoa bermatzeko.