BOST ZENTZUMENEKIN GOZATU BEHARREKO ELEBERRI GRAFIKOA
Zenbat aldiz irakurri duzue nola irakurri behar den argibideak ematen dituen liburu bat? Silvia Manzanak idatzitako eta Naiara Palaciosek ilustratutako «Orbanak, burbuilak eta kremazko bonbak» eleberri grafikoaren berezitasunetako bat besterik ez da horixe.

Hurbil ezazu orrialdea zeuregana paperak sudur-punta ukitzen dizula sentitu arte, eta bere aroma zeure sudur-zuloetako iletxoetan kulunka». Horra hor “Orbanak, burbuilak eta kremazko bonbak” liburuarekin batera banatutako argibideetan ematen den gomendioetako bat. Izan ere, Silvia Manzana eta Naiara Palaciosek elkarrekin plazaratu dutena ez da ez liburu arrunta, eta, agian, horregatik da hain garrantzitsua irakurtzeko gomendioak izatea.
Silvia Manzanak aspaldian idatzitako ipuin batean du iturburua eleberriak, gerora antzezlan bilakatu zena. Naiara Palacios Donostiako San Telmo Museoan lanean ari zela ezagutu zuen Manzanak, eta, egiten zituen ilustrazioak ikusi ostean, pentsatu zuen bere istorioa kontatzeko aproposak zirela. Bien arteko harreman artistikoa abiatzeko, performance bat egin zuten lehenik urtebetez, eta, elkarlanari etenik eman nahi ez ziotenez, eleberri grafiko bilakatu dute orain.
Performancean gorputzarekin modu oso sentsorialean egiten zuten lan eta testuan ere zentzumenak aipatzen dira; bada, Palacios zentzumenen bidez sentitutakoa ilustrazioetan islatzen saiatu da. Liburuak zentzumen guztiak jartzen ditu dantzan: ukimena, liburua eskuetan izatean; ikusmena, irakurtzean eta ilustrazioak begiratzean; usaimena, azalpenetan orrialdeak usaintzeko agintzen delako; entzumena, irakurtzen ari garen bitartean entzuteko musika konposatu duelako Ebi Soria soinu-artistak; eta dastamena, azken orrialdeetan bonbazko kremak egiteko errezeta azaltzen delako. Guztiak du bere azalpena.
Matilde eta Tristanen istorioa kontatzen da “Orbanak, burbuilak eta kremazko bonbak” eleberrian, emakumearen ikuspuntutik. Maitasuna da nagusi, baina ez saldu diguten modu idilikoan, baizik eta harreman batek dituen argilunak agerian utziz. Eleberriaren izenburu bitxiari dagokionez, berriz, burbuilek gaixotasun mentalari egiten diote erreferentzia, orbanek, gaixo den pertsonaren alboan daudenek jasaten dutenari, eta, kremazko bonbek, bien artean eraiki beharreko formulari. Palaciosek liburuaren sinopsia egin digu: «Emakume bat etxera iristen da eta bere senarra burbuila bat da. Berak ez daki burbuila batekin bizitzen, ikasi egin behar du, eta burbuilak ere ikasi egin behar du burbuila izaten. Bien artean harremana aurrera atera ahal izateko errezeta bat aurkitu behar dute».
Burbuilaren irudiarekin islatzen saiatu direnaren gaineko argibide gehiago ere eman dizkigu Manzanak. «Burbuilak mugitu egiten dira baina oso hauskorrak dira. Pertsonak ez gara burbuilak, pilotak gara, hautsi beharrean botatu egiten dugulako. Gauzak gaizki joaten direnean altxatu eta berriro saiatzen gara. Burbuilak izango bagina, puskatu eta desagertu egingo ginatekeen. Depresioaren metafora da burbuila», argitu digu.
Idazlearen hitzetan, «maitasunari buruz saldu diguten ideia da dena polita dela, zoragarria, beti gaudela hasieran bezain maiteminduta. Pertsona batekin zaudenean maitasuna gauza gehiago dira, ez bakarrik maitasun fisikoa: besteenganako konpromisoa, babesa eta, batzuetan, aguantatzea ere bada. Eta aguantatu behar izate hori ez da maitasun falta». Eleberriak, beraz, bi pertsonaren arteko harreman baten inguruko kontakizuna biltzen du. Hori bai, egileek argi utzi nahi dute kasu zehatz bat dela, ez autolaguntza liburu bat.
Maketazio berritzailea
Osasun mentala da jorratzen duten gaia, baita maitasun harremanetan gertatu ohi diren garai ez hain politak. Baina horrek ez du esan nahi kontakizun tristea denik. Izan ere, uste dute gaia tristea bada ere, istorioa alaia izan daitekeela. Hori irudiekin primeran islatu dute. Maketazioak ere badu zeresanik. Autoekoizpenaren alde egin zuten euren erritmora eta askatasun osoz sortu ahal izateko, baina, euren lehen liburua denez, ez zekiten nola egin maketazioa. Hala, Itsaso Mezzacasari laguntza eskatu zioten.
Mezzacasak lehen zirriborroa egin zuen eta ideia horrekin gelditu ziren. Euren nobela grafikoa klasikoagoa irudikatzen bazuten ere (zuriagoa, txukunagoa, testuak batetik eta irudiak bestetik), lagunak egindako proposamena izugarri gustatu zitzaien. Diseinatzaileak tipografia desberdinak erabili zituen ahots eta tonu desberdinak banatzeko; koloreak, berriz, berari testuak sorrarazten zizkion sentsazioen arabera hautatu zituen. Zentzua bazuela ikusirik, aurrera jarraitu zuten. «Testu batzuk oso poetikoak dira, eta beste batzuei saiatu nahiz poetikotasun hori kendu eta hitzekin jolasten», azaldu du Manzanak, diseinuak berak ere ideia horrekin bat egiten duela adieraziz.
Sortze prozesuan ideia guztiak «ongi etorriak» izan zirela azpimarratu dute, baita taldean egindako liburua izan dela ere. Azken kolaborazio bat ere aipatu nahi izan dute: Iñaki Mendigurenek euskaratu du Manzanak gazteleraz idatzitako “Manchas, burbujas y bombas de crema” lana. Mendigurenek egindako lanarekin oso pozik agertu da idazlea, «mimo handiz» egin duelako. Denek «maitasun handiz» lan egin dutela azpimarratu dute bi egileek.
Autoekoizpena izanik banaketa euren kontu egiten ari dira eta, momentuz, eleberria Donostiako Tobacco Days eta Kaxilda liburu dendetan zein Konpota arropa dendan dago eskuragarri, eta, Bilbon, Anti liburu dendan eta Arte Ederren Museoan. Norbaitek denda bat badu eta liburua saldu nahi badu, egileak prest daude ale batzuk bidaltzeko, nahiz eta uste baino hobeto saltzen ari diren eta jada ez zaizkien gehiegi gelditzen. Ale solteak eskuratzeko aukera ere zabaldu nahi diote jendeari espresuki horretarako sortu duten helbide elektronikora idatziz: silviaetanaiara@gmail.com.
Amaitzeko, aipatu eleberriak Creative Commons lizentzia duela. Ez da ohiko hautua testu literarioetan, material didaktikoetan hain arraroa ez bada ere. «Copyright lizentzia bat egiteak ez zuen zentzurik, gure intentzioa ez zelako diru piloa irabaztea. Guk sortzaile bezala nahi duguna da kontatzen dugun istorioak ahalik eta zabalkunde handiena izatea», azaldu du Manzanak. «San Telmon ezagutu genuen elkar eta biok arlo pedagogikoan egin dugu lan. Tailerrak egiteko materialak behar dira eta sarri liburuak eta ilustrazioak izaten dira. Horregatik, guretzat ohorea da gure liburua norbaitek horrelako zerbaiterako erabiltzea», gehitu du Palaciosek. Eleberria are eta bereziagoa egiteko, ilustratzaileak kontatu digu «sorpresatxo» batzuk gehitu dituela ale batzuetan: petaloak eta postalak.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
