GARA
DONOSTIA

Urratsik ezean, ez da baztertzen greba gehiago izatea egoitzetan

Gipuzkoako egoitzetako langileek greban jarraitzen dute datorren urtarrilaren 10era arte, baina, Aldundiaren aldetik gerturatzerik ematen ez bada, ELAk ez du baztertzen lanuzte gehiagorekin jarraitzea. San Tomas eguna baliatu zuten atzo gatazkaren berri emateko.

Gipuzkoako egoitzetako langileek 160. greba eguna bete zuten atzo eta, Donostian San Tomas egunak duen sona baliatuz, ELA sindikatuak agerraldia egin zuen Bulebarrean egoera ez dela apur bat ere aldatu jakinarazteko. Iragan urteko irailean abiatu zuten borroka ez da eten; are gehiago, datorren urtarrilaren 10etik aurrera greba eta lanuzte gehiago egitea ez dute baztertu.

Izatez, urtarrilaren 10ean amaitzen da ELAk deitutako azken mobilizazio fasea, hilabetekoa izatekoa zena, baina, egoerak bere horretan jarraitzen duela ikusita, ez da borroka etengo sektorearen eskaerei erantzunik ematen ez bazaie. Aipatutako egunean 180 greba egun beteko dituzte langileek.

Txomin Lasa sindikatuko bozeramaileak adierazi zuenez, Gipuzkoako egoitzetako langileek Aldundiaren arreta bereganatu nahi dute, «interpelatua senti dadila», erantsi zuen. Lasaren hitzetan, ez Markel Olano ahaldun nagusiak ez Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak ez dute gatazka honekiko enpatiarik sentitzen. «Horregatik ez dute irtenbiderik bilatu nahi, ulertezina da bestela», salatu zuen hedabideen aurrean.

Sindikatuak, gainera, eskandalutzat jo ditu greba ikusezin egiten saiatzeko ezarritako gutxieneko zerbitzuak, gehiegizkotzat jotzen dituenak. «Gipuzkoan langile gehiago daude greban lanean, Bizkaian edo Araban grebarik gabe baino». Lasak gogorarazi zuenez, Gabonak oso garai «konplikatua» dira egoitzetako langileentzat, erabiltzaileentzat zein haien familientzat. «169 egun greban egotea gauza gogorra da», adierazi zuen.

«Jendetza aprobetxatu nahi dugu kontzientzia zabaltzeko, gure egoeraren berri emateko eta bizi dugun lan gatazka ezagutzera emateko», gaineratu zuen Lasak. Atzo eta Santa Lutzi egunez egin zuten bezala, abenduaren 24an eta abenduaren 31n ere «gatazkaren sozializazioarekin» jarraituko dute. Egoitzetan greban dauden bigarren Gabonak dira honakoak.