Andoni ARABAOLAZA
Entrevista
BITTOR ESPARTA
ESKALATZAILEA

«Denboraldia berezia izan da. Hala eta guztiz ere, uste dut helburuak bete ditudala»

Nahiz eta ikasketek aurtengo denboraldia baldintzatu dioten, 21 urteko bilbotarrak argi eta garbi utzi du lehiaren munduan sasoiko dagoela. Azpimarratzekoa da Espainiako Kopan lortutako garaipena. Jokatutako hiru probetatik bitan izan zen, eta biak irabazi zituen. Espainiako Txapelketan ere emaitza ederrak lortu zituen.

Bittor Esparta pozik ikusi dugu. Bederen, elkarrizketan alai egon da. Lehien denboraldiari dagokionez, urte berezia izan du, eta bere buruari jarritako helburuak hein handi batean bete ditu. Arrokan, berriz, nahi baino askoz ere gutxiago jardun du. Denboraldia nola joan zaion aztertu du GARArekin.

Zortzi egun besterik ez dira falta urtea amaitzeko; beraz, joan zaigu urtea. Baina ia 365 egun atzera egingo dugu jakin nahi baitugu Bittor Espartak 2019. urterako eskalada lehietarako zer asmo edo helburu zituen. Nola planteatu zenuen urtea?

Bada, urte berezia izan da. Eta azalduko dizut. Ikasketak direla eta, lehen sei hilabeteak Txilen igaro nituen. Beraz, lehen helburua ikasketak eta entrenamenduak uztartzea izan zen. Jakina, ondo pasatzea ere bai. Sasoia hartzen jardun nuen, baina tartean lehiaketarik ez zegoenez, bada beste kontu bat izan zen. Alabaina, aurreikusita nuen itzultzerakoan hainbat lehiatan hartuko nuela parte, eta, beraz, horiek buruan nituen.

Txiletik bueltan, berriz, pare bat hilabetez jo eta su entrenatzen egon nintzen. Bi xede nagusi nituen: Espainiako Kopa eta Europako Txapelketa.

Lehen helburu horri buruz, esan dezakegu bete egin zenuela; izan ere, hiru proba zituen zirkuitu horretan erregularrena izan zara. Hots, irabazi egin duzu. Europako Txapelketan, aldiz, helburua betetzeko zorian izan zinen.

Espainiako Kopan oso eraginkorra izan naiz. Hiru hitzordu izan ditu. Lehenera ez nintzen joan; Txilen nengoen. Beste bietan, aldiz, bai, eta bietan ala bietan nagusitu nintzen. Arestian esan dizudan bezala, bi hilabetez gogor entrenatu nintzen, eta proba horietara oso sasoiko heldu nintzen.

Lehiakideek duten maila kontuan hartzen badugu, Europako Txapelketan, jakina, beste asmo bat nuen. Onartu behar dut hitzordu garrantzitsu horretara oso indartsu iritsi nintzela, baina uste dut zorte txarra izan nuela. Ez nintzen batere ondo sentitu, agian, urduriegi nengoen. Onartu behar dizut bezperan ez nuela lorik egin. Neure burua finalerdietan ikusi nahi nuen. Saiatu nintzen, baina ez zen posible izan. Txanda horretara 26 lehiakide igaro ziren, eta ni 28. postuan sailkatu nintzen. Pena, baina hala da lehia.

Zuk baieztatu duzun bezala, Fedme-k antolatutako erregulartasunaren zirkuituan eraginkorra izan zinen oso. Ez dizut meriturik kenduko, baina aurtengo Espainiako Kopan, parte-hartzaile gutxi egoteaz gain, iruditzen zait ez dela maila handirik izan.

Bai, ados nago zuk esandakoarekin. Ez dakit zer gertatu den, baina aurtengo koparen langa ez da oso goian egon.

Alabaina, espero zenuen irabaztea?

Esan dudan bezala, indartsu nengoen, eta neure buruarekin konfiantza handia nuen. Zirkuitu horretan gustura nabil den-denak elkar ezagutzen baitugu. Nik, bederen, garaipen horri garrantzia eman diot.

Bi helburu horiek aipatu dituzu, baina tartean beste hitzordu batzuk egon dira. Adibidez, Euskal Herriko zein Espainiako Txapelketak.

Europako Txapelketa nuenez, gurean ezin izan nuen parte hartu.

Euskal Herrikoan ere, seniorretan, apenas egon zen lehiakiderik. Zer diozu krisi horri buruz?

Eskuarki lehien aldeko apustua egiten dugun batzuk min hartuta zeuden. Nire anaia Andonik sorbalda gaizki zuen, Mikel Linacisoro ere lesionatuta zegoen, ni Eskozian Europako Txapelketan parte hartzen nengoen… Eta horretaz gain, inguruan ditugun eskalatzaileak ez dira izaera honetako hitzorduetara hurbiltzen. Egoera horrela dago.

Espainiako Txapelketarako, berriz, pronto zinen. Hitzordu hori berezia izan zen oso, hiru modalitateez gain, overall ere jokatu zelako. Abiaduran zein blokean ez zinen fin ibili, hamargarren eta bederatzigarren postuetan sailkatu zinelako, hurrenez hurren. Zailtasunean, aldiz, meritu handiko zilarra sinatu zenuen.

Ez ninduen harritu lortutako bigarren postu horrek. Indartsu egoteaz gain, final erraza izan zen. Alberto Gines, Mikel eta hirurok bidea kateatu genuen.

Overallean, bestalde, abiaduran seigarrena izan zinen, laugarrena zailtasunean eta blokeko proban gailendu zinen. Ezustekoa izan zen garaipen hori?

Apur bat, bai. Boulderrean asko entrenatzen naiz, izan ere, sokarekin erraztasun handiagoa dut. Hots, menderatzen dut. Topera irten nintzen, eta bloke oso gogor bat nik bakarrik egin nuen.

Hiru modalitate horietako postuak kontuan hartuta, sailkapen orokorrean hirugarrena izan zinen. Ikusten den bezala, zailtasunean zein blokean indartsu zaude. Abiaduran, aldiz, lehiakide asko bezala, hankamotz.

Arantza bat da, baina onartu behar dizut Espainiako Txapelketan ondo moldatu nintzela. Diziplina horrek ez nau erakartzen. Betidanik, soilik blokean eta zailtasunean jardun dugu. Baina dakizun bezala, overallean postu on bat lortzeko abiadura ere landu behar da. Nik ez dut batere entrenatzen.

Esan dugun bezala, ingurumari honetako hitzorduetan parte hartzeaz gain, IFSC edo Nazioarteko Kirol Eskaladako Federazioak antolatzen dituen hitzorduak ezagutzen dituzu. Batzuen edo besteen arteko aldea handia da oso, ezta?

Inolako zalantzarik gabe, bai. Fedme-ren finalak, adibidez, oso errazak dira. Bidean zauden bitartean, atseden hartzeko aukera duzu. Beste era batera esanda, sentitzen duzu bidea zuk zeuk kontrolatzen duzula. Nazioarteko beste horietan, aldiz, biziraupen kontu bat da. Ekipatutako bidean sartu eta badirudi irentsi egiten zaituela. Beste mundu bat da.

Jakina, Ifsc erakundearen hitzorduetan aurrean egoteko txipez aldatu behar da. Horrekin esan nahi dut, ia-ia profesional baten modura entrenatu eta bizi behar duzula, ezta?

Hala da. Alberto Ginesen kasua hor dago. Heldu den urteko Olinpiar Jokoetarako sailkatu da. Eta horretarako buru-belarri entrenatu behar izan du. Katalunian dago, zentro berezi batean. Lehen lerroan ibiltzeko, helburu hori lortzeko, entrenamendua da oinarria. Profesional bat bezala jardun behar duzu. Horretarako bizi, alegia. Eta nire kasuan ikusten duzu…. Ikasketak eta entrenamenduak uztartzen ditut.

Olinpiar Jokoetarako indarrean jarri den overall formatua gustuko duzu?

Ez gehiegi. Batez ere, abiadura probek ez nautelako erakartzen. Oso ezberdinak dira. Hala ere, dominaren bat lortu nahi duenak hiru modalitate horietan oso erregularra behar du izan. Eta horretarako prestatzen ari dira.

Hitzordu garrantzitsu horrekin amesten al duzu?

2024. urtean Parisen jokatuko direnekin, zergatik ez? Oraindik urruti daude, eta ez dakigu Japonian jokatuko direnetan bezala 20 sailkatu egongo diren ala ez. Buruan ditut, baina aldez aurretik beste helburu zehatzagoak ditut.

Zeintzuk dira?

Gogor entrenatu, hori da lehentasuna. Blokean hobetu nahi dut, indarra landu. Eta helburuen artean Munduko Kopa dut. Ea aukera dudan datorren urteko zirkuituan parte hartzeko. Horretarako, Espainiako selekzioan postua lortu behar dut.

Lehiak alde batera utziko ditugu eta arrokari heldu. Badirudi aurten albo batera utzi duzula.

Zoritxarrez, bai. Txilen sei hilabete horiek igaro eta ondoren lehiak helburu izan ditudanez, bada, ezer gutxi egiteko aukera izan dut. Urte berriarekin ea gehiago joaten naizen. Helburuen artean Baltzolan dagoen “Il domani” dut. Badakizu 9a zailtasuna duela, eta oso gogorra dela. Niri hala iruditzen zait. Kateatzeko aukera ikusten dut, baina horretarako asko entrenatu beharko dut. Bide batez, arrokan gozatu nahi dut.

Egun 21 urte dituzu, eta arrokan baino gehiago lehietan zentratuta ikusten zaitugu. 17 urterekin 8c mailako lau bide zenituen. Non dago garai hartako Bittor?

Bada, garai haietan arrokan topera ibiltzen nintzen. Hori da kontua. Egun asko arrokan eskalatzen nuen, eta sasoi ederra hartu nuen. Oso indartsu nengoen, baina ondoren lehiak iritsi eta horretan buru-belarri jarri nintzen.