Andoni ARABAOLAZA
Txina

Lehoinabarraren atzaparrek Grosvenor mendia hartu dute

Joan den udazkenean, Etienne Journet, Jordi Noguera eta Pierrick Fine frantziarrek Txinako seimilakoaren mendebaldeko horman bide berri bat zabaldu zuten. «Tcheu c’te panthère» deitu diote. 1.300 metro luze da eta honako zailtasunak ditu: ED, AI5+/6.

Nahiz eta ohiko zirkuituetatik at egon (hots, Himalaiatik eta Karakorumetik), Txinako Grosvenor mendia (6.376 m) garaieran jarduten duten alpinistentzat leku paregabea da. Azken urteotan bisita ugari jaso ditu eta jarduera benetan bikainak egin dira bertan. Iragan udazkenean, adibidez, talde frantziar batek mendebaldeko horman bere sinadura utzi zuen. Protagonistak honakoak izan ziren: Etienne Journet, Jordi Noguere eta Pierrick Fine.

Alpinista gazteak dira, baina zailtasuneko eskaladan eskarmentu polita dute. Groupe Excellence d´Alpinisme Nationale-ko (GEAN) taldeko ordezkariak dira. Eta jasotako “irakasgai” guztiak ondo baino hobeto egokitu dituzte Grosvenor mendian. Izan ere, taldeak 1.300 metroko “Tcheu c´te panthère” bidea (ED, AI5+/6) zabaldu zuen.

Protagonistek dioten modura, «lehoinabar txinatarraren arrastoen atzetik» ibili dira. Bada, hurrengo lerrootan, Pierrick Finek kontatuko digu “ezaguna” den urruneko alderdi horretan bizi izan zutena.

«Lehoinabarra»

«Informazioa bilatzen espezialista da Etinene. Interneten arakatzen ari zela, Txinako bitxi hau aurkitu zuen. Lau hilabete geroago, Ri Wu Qje Feng bezala ere ezaguna den seimilakoaren kanpaleku nagusian geunden. Ederra baino ederragoa. Baina izaera honetako jarduerekin gertatzen den bezala, paisaiari begiratzeari utzi eta girora egokitzen hasi ginen.

Egitarau iradokitzailea genuen: lehen bost egunetan 1.100 metroko desnibela zuen irteera, irakurketa pixka bat, Netflix ikusi eta logura asko. Laugarren egunean, Little Konka mendiak (5.928 m) duen lepo batera heldu ginen. 5.400 metrora geunden, eta bertan bi gau igaro genituen. Irteera horretan egoera bereziak bizi izan genituen: elurteak, haizeteak, ekaitzak... Hango baldintzetara egokitzea besterik ezin zitzaigun falta.

Fase hori amaitu bezain laster, hirurok ala hirurok pronto geunden ‘otsoaren’ deiari jarraitzeko. Beno, berez ez; ia-ia prest geunden. Kanpalekura itzultzen ari ginela, gure Pirinioetako ehiztari Jordik animalia baten arrastoa ikusi zuen urrunera. Arrasto horiek bedeinkapen bezala hartu genituen; izan ere, jaisten ari ginen morrena ez zen batere agerikoa eta animaliek bideak ondo baino hobeto ezagutzen dituzte. Horretan ginela, ahoa bete hortz geratu ginen; 4.600 metrora, katu antzeko baten hanka handi bat ikusi genuen. Elurretako lehoinabar baten aurrean al geunden?

Kanpalekuan, berriz, arrastoak ez, baizik eta hainbat animalia ikusi genituen. Azeri eta txakur baten nahasketa zuen bat izan zen bitxiena. Eguraldia oso kaskarra zen, eta dendetan makina bat ordu igaro genituen. Pixka bat atertu zuenean, bizkar-zakuak bete eta paretaren oinarrian tresneria utzi genuen. Berriro itzuli eta animalien ikuskizunarekin jarraitu genuen.

Baina kontu hauek, momentuz, alde batera utzi behar ditut. 72 orduko leiho on bat iragarri ziguten. Hots, espedizioan izan genuen handiena. Une erabakigarria zen. Paretaren oinarritik gertu zegoen bibak batera abiatu ginen.

Urriaren 23an abiatu genuen eskalada, goizeko lauretan. Korridore batean sartu eta lehen luzeetan giro bikaina izan genuen. Izotz mehea zuen, eta geure buruak babesteko apenas zegoen lekurik. Erorikoak, beraz, debekatuta zeuden. Kontu handiz eskalatzen ari ginen. Ez zen oso lan fisikoa, baina bai, ordea, aspergarria. Gainera, burua nekatzen duen eskalada horietakoa zen. Sekzio ‘errazago’ bati esker, atseden hartzeko aukera izan genuen. Ondoren, apoteosia iritsi zen: izotz zutabe edo estalaktita bat. Jordik kudeatu zuen sekzio hor. Burua ondo astindu zituen hiru luzez. Muturreko kontzentrazioa. Edertasun magikoa. Ekaitz baten mehatxupean heldu ginen ertzera. Beste pare bat luze errazago egin eta gero, bibaka antolatzeko leku bat aurkitu genuen. Badakit izen hori ezin diodala jarri, baina tira... Eta hori diot 45 graduko aldats batean denda altxatzeko lan izugarria egin behar izan genuelako.

Gaua ez zen batere erosoa izan. Alabaina, egunsenti magiko batek gure penak arindu zituen. Berriro martxan ginen. Ekaitzak harrapatu aurretik, gailurra zapaldu eta jaitsiera guztia egin. Horixe zen gure plana. Tontorrera iritsi aurretik elurretan sekzio txiki bat genuen. Mantso gindoazen. Garaieraren eragina ez genuen berdin nabaritu: alpiniston paradoxa izango ote da?

Gailurra egin ondoren, ez geunden batere lasai. Pozarren bai, baina era berean oso arduratuta. Haizea, lainoak, elurra... Hitz batean esanda, ekaitza gain-gainean genuen. Apenas zegoen ikuspenik; hamar metro baino gutxiago. Den-dena zuri zegoen. Une jakin batean gailurrean ote ginen zalantza ere piztu zitzaigun. Baina argi genuen beste urratsik ezin genuela egin. Tontorra zen, eta kito! Polemikak ez ditugu gustuko. Grosvenor mendiko tontorra ez da Annapurnak duen meseta erraldoi hori bezalakoa. Ez geunden hirugarren edo laugarren tontorrean ginenik pentsatzeko moduan. Suitzarren zorroztasuna pikutara joan dadila! Mendiaren goialdean, heriotza dago. Eta behean, kanpalekuan, bizitza.

Konfiantza osoarekin geunden, baina jaitsiera gorabeheratsua genuen oraindik aurretik. Izan ere, lasterketa ez zegoen amaituta. Lasterketa kanpalekura heltzean amaitzen da beti. Nahiz eta ekaitzak gailurraren bataila irabazi zuen, oraindik ez zuen gerra irabazi. Gure esku zegoen azkarragoak izatea.

Zoritxarrez, bigarren garaipena eskaini genion ekaitzari. Estrategia on bat ezinbestekoa da gerran. Eta guk akats bat egin genuen. Gure kalkuluak nahiko soilak izan ziren. 45 graduko korridore batetik jaitsi behar genuen. Segurtasunaren argia piztu egin zen. Artesiak, seracak... inguru guztia ezkutuan. Den-dena, zuri. Jordik sei-zazpi metroko eroriko bat ere izan zuen. Horrek estrategia aldatzera eraman gintuen. 20 metroko soka batean korapilo batzuk egin genituen; izan ere, artesi traidore horiekin ez ginen batere fio.

Ez genuen ezer ikusten, bazirudien bidea han bertan amaituko zela. Izkina guztiak oso zorrotzak ziren. Baina korridore batek zorioneko irtenbide bat eskaini zigun. Torloju eta iltze batzuetatik rappelak egin eta glaziarrera iritsi ginen. Lasaitu ederra hartu genuen!

Ekaitzaren erasoa atzean utzi genuen azkenean, eta hormaren azpian antolatu genuen bibakera iritsi ginen. Konkistatzaile batzuek honakoa esango lukete: ‘irabazi dugu’! Gure kasuan, jaitsiera horretan bizi izan genuenarekin ezin dugu hori esan. Guk ez genuen ezer irabazi. Esan dezakeguna da Grosvenor mendian eta bere mendebaldeko hormatzarrean zabaldu dugun bidean une zirraragarriak (askatasuna ere) bizi izan genituela.

Jordiren saihets-hezurrak minduta (puskatuta?) zeuden. Hiru ordu geroago, oinarrizko kanpalekuan ginen. Hor amaitu zen seimilakoan egin genuen jarduera alpinistikoa, eta oso harro gaude ‘Tcheu c´te panthère’ bidea ireki dugulako».