Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
Surf

Airwave: Hondartzetako olatuei forma emateko hondo artifiziala

Australia mendebaldeko Bunbury udalerriak bertako hondartzan olatu hobeak izateko proiektu bat finantzatu du, surflariakerakartzeko asmoz. Helburua olatuak itxi egiten diren hondartza batean ezker-eskuin lehertuko diren piko formako olatuak sortzea da.

Olatu onak hartzeko inguruko hondartzetara joan behar izaten zuen surflari batek abiarazi zuen «Airwave» proiektua 2015. urtean. «Sasoi hartan denbora gutxi nuen surfean aritzeko eta, olatu txarrak izan arren, etxetik gertuen dudan hondartzan itsasoratzen nintzen. Horregatik sarritan egiten nion galdera neure buruari: zergatik ez egin zerbait hemen ere olatu onak izateko?», azaldu du Troy Bottegalek.

Denbora apur bat izan zuen bezain laster ekin zion bere hondartzako olatuei forma egoki bat ematen lagunduko zien zerbait diseinatzeari. Hala, 2015. urtean dirua biltzeko laguntza kanpaina bat abiarazi zuen. Udalak probak egiteko baimena eman zion, eta herriko urpekari taldea ere laguntzeko prest agertu zen.

Proiektua martxan jarri zutenetik aldaketa asko egin behar izan dituzte, bai materialari dagokionez baita gailuaren diseinuan ere. Aldaketa nagusia hau izan da: hasieran belaontzi baten oihalean haizeak egiten duen efektu bera baliatu nahi zuten olatuari forma emango zion hondo artifiziala jasotzeko; azken bertsioan, ordea, hondo artifiziala haizez betetzen den arren, irmoagoa da eta eremu batean itsatsi behar da.

Udalak finantzatua

Proiektuak aurrera egin ahala, Bunburyko Udalak surflariek ezarritako helburua lorgarria zela ikusi zuen eta, egitasmoa ongi ateratzen bazen surflariak eta turistak erakarriko zituztela iritzita, diruz laguntzeko hautua egin zuen.

Joan den azaroan egin zuten lehen proba eta, egitasmoaren sustatzaileek ongi atera zela baieztatzen duten arren, oraindik arazo tekniko batzuk konpondu behar dituztela onartu zuten. Ez dute egindako probaren irudirik argitaratu, baina albisteak oihartzun handia izan zuen eta komunikabideen zein surflari mesfidatien galderei erantzun behar izan zieten.

Geruza desberdinek osatzen duten arrezife bat imitatzen du arrezife artifizialak, eta piko formako olatu bat altxarazten duten hondoen antza dauka. Aldiz,, Troy Dottegalek azaldu zuenez, zailena ez da arrezife artifizialari forma egoki bat ematea, material egokiak aurkitu eta eremu naturalean ematen diren aldaketei egokitzea baizik.

Hau da, erronka handiena itsasoak ezartzen dituen faktore ezezagunei aurre egitea da. Dottegalen esanetan, «proba bakoitzean zerbait berria agertzen da, ainguren inguruan pilatzen den hondar multzoa, materialean eragindako kalteak edo hondar mugimenduen eragina».

Proiektuaren zuzendariak jakinarazi zuenez, itsasoko gatzaren aurrean erresistentea den kautxua topatzea izan da zailtasunetako bat, baina behin hori lortuta, moldeari forma ematea ez da hain zaila izan.

Merkea eta ekologikoa?

Horrela aurkezten du Airwave proiektua Dottegalek: «Ingurune natural batean ezartzeko diseinatua izan da, eta eremu horretan zegoen hondarra ahalik eta gutxien mugitzeko forma berezia du hondo puzgarriak». Edonola ere, jarri eta kendu daitekeen hondo artifizial bat da, ez da kai-mutur bat bezala iraunkorki irauteko ezartzen den eraikin finko bat.

Olatuak alderik alde ixten diren hondartzetan ezartzeko pentsatua denez, hondartza berean nahi adina Airwave ezar daitezke. Hamar Airwave instalatzeak 3,5 milioi dolar australiarreko kostua izango du (2,2 milioi euro inguru). Hau da, gailu bakoitzak 220.000 euro inguru balio du. Ez dirudi, beraz, oso merkea izango denik.

Nola funtzionatzen du?

Airwaveak hau egiten du: itsabazterrera hurbiltzen den uhin lerroa hautsi eta piko formako olatu bat altxarazi; horregatik sakonera gutxiko hondartzetan erabiltzeko egokia dela dio Dottegalek. Finean, piko formako olatuak altxatzen diren lekuetan izaten diren hondoak imitatzen ditu Airwave sistemak.

Ingurune natural batean ezartzen den gailua izanik, arazo handienak inguruneak berak ezartzen ditu, itsasoa mugimendu etengabean dagoen eremua baita. Zentzu horretan, ez du igerileku batekin zerikusirik.

Hondartzetako korronteak, hondar mugimenduak eta itsasaldiak dira zailtasun handienak eragiten dituzten faktoreak. Horregatik, korronte gutxi, olatu txikiak eta itsasaldi apalak dituzten eremuetan errazagoa izango da Airwave gailuak egoki funtzionatzea.

Airwave hondo artifiziala probatu duten hondartzan (Bunbury) itsaskien sarrera mugatua da; hau da, ez da olatu handiak izaten diren hondartza bat, 0,5 eta 2 metro artekoak izaten dira normalean. Itsasaldiak ere ez dira oso handiak, soilik 0,25 eta metro bat arteko aldea izaten da itsabeheraren eta itsagoraren artean.

Ondorioz, baldintza apalak dituen hondartzetan erabil daiteke Airwave hondo artifiziala. Itsasbeheran ainguratzen da gailua, eta itsasoak gora egin ahala, uhin lerroak hondo artifizialarekin talka egiten hasten diren unean, hondoak agintzen dion moduan lehertzen hasten dira olatuak. Hau guztia, noski, artean arazorik sortzen ez bada.

Esan bezala, Airwave sistemarekin egindako proben irudirik erakutsi ez duten arren, emandako azalpenen arabera, funtzionatu dezakeen hondo artifizial bat dela dirudi, baina itsaski indartsuak eta itsasaldi handiak dituzten hondartzetan ez dirudi halako gailu batek balioko lukeenik, itsasoaren indarra handiegia baita gizakiak ezarritako hondo artifizial baten «aginduei» erantzuteko.

Euskal Herrian posible da?

Airwave sistema diseinatzeko erabili duten Bunburyko hondartzak dituen ezaugarriak kontuan hartuta, lehenik Bunburyko hondartzaren antzeko lekuak identifikatu beharko lirateke. Alegia, itsaski apalak eta itsasaldi txikiak dituzten eremuak.

Bunburyrekin alderatuta, Euskal Herriko kostaldean itsasaldiak handiagoak dira. Kantauri itsasoan itsasbehera eta itsasgoraren arteko aldea Bunburyn dutena baino hiru bider handiagoa da; hortaz, ezaugarri hori kontuan hartuta, Airwave sistema itsasaldiak geldoenak diren eremuan jarri beharko litzateke, hondartzaren behealdean edo goialdean. Inola ere ez erdialdean, marea erdian den unea baita itsasaldiak abiada handiena duen unea. Logika berari jarraiki, marea hilak diren sasoian hobeto funtzionatuko luke marea biziekin baino.

Itsaskiei dagokienez, ostera, badira babestuta dauden hondartzak, batzuk ingurune naturalak berak babestuta eta besteak gizakiak eraikitako dike edo antzeko eraikinekin babestuta. Kasu horietan Airwave bezalako sistema bat ezartzeko aukera handiagoa izango litzateke. Gainera, itsaskietatik babestuta dauden eremuetan olatuak alderik alde ixten dira, hondar-bankuetan aldaketa handirik izaten ez delako eta hondoa zapal eta lau mantentzen delako.

Sopela, Zarautz edo Biarritz bezalako hondartza irekietan oso zaila da hondo artifizial bat ezartzea, baldin eta itsaski txikiak direnean ezarri eta itsaski handiak datozenean kendu badaiteke. Aldiz, Plentzian, Donostiako Ondarreta eta Kontxa hondartzetan edo Zokoako itsasbazterrean, ez luke arazo handirik izan beharko Airwave bezalako hondo artifizial batek.

Orain artean ez da deus lortu

Orain artean eremu naturaletan olatu artifizialak sortzeko egin diren saiakera guztiek porrot egin dute. Hondar zaku erraldoiak erabiliz AEBetan eta Ingalaterran osatu zituzten hondoek zein Australian granitozko harriekin osatutakoek, guztiek porrot egin zuten.

Itsasoak hondo artifizial guztiak irentsi zituen, eta kasu gehienetan egun bakar batean ere ez zuten lortu hondo artifizial horiek olatuei forma egokia ematea. Airwave salbuespena izango den denborak esango du.