Donostiako martxa nagusitu da gauerditik, danbor kolpe artean
San Sebastian egunean martxa nagusitzen da Donostiako kaleetan gauerditik aurrera. Herritar merezimenduaren dominekin udalak saritutakoen elkartasun mezua airean dabilela, 19.000 lagun aritu dira 151 danborradatan. Gaur eguerdian, haurrek dute hitzordua, eta 5.000 inguruk parte hartzea espero da, Realeko futboleko eta belar hockeyko emakumeen taldeek Urrezko Danborra hartzen duten bitartean. Eta martxak, oraindik, luze joko du gauerdira arte.

Martxa hitzak bi esanahi borobil ditu Donostian eta biek gaurko jaiarekin dute lotura zuzena. Hiria gauerditik hartuta daukate danbor hotsek, eta sortzen duten jai giroa hirigunean eta auzoetan barreiatzen da. Egunotan eguraldiak agintzen duen hotzari nagusitzen uzten ez dion San Sebastian egunaren hasierako orduek elkartasun kutsua hartu zuten banderaren igoeraren aurreko uneetan. Gauerdiaren ostekoa, aldiz, kaleetan bizitako etengabeko jai giroari buruzko hamaika kronikak kontatuko dute. Soilik esan 19.000 lagun inguru biltzen duten 151 danborrada dabiltzala hirian atzera eta aurrera.
Horren aurretik, atzo eguerdiko ekitaldian udalak hiritar merezimenduaren dominak eman zituen, hainbat donostiarren lana aitortzeko. Aurten bereziki erreparatu diete gizarte mailako aktibismoari, animalien eta landareen babesari, buru gaixotasuna dutenen laguntzari, adin txikiko transexualen eskubideen defentsari eta Txernobyleko haurren urteroko harrerei.
Gaurko arreta guztia Alderdi Ederren dago, 6 eta 12 urte arteko 5.000 haur bilduko baitira, txikien danborradan. Udaletxean, bitartean, Urrezko Danborra jasoko dute Realeko futboleko eta belar hockeyko emakumeen taldeek, joan den denboraldian lotutako tituluak aitortzeko.
Martxa ez da gauerdira arte isilduko. Aurten 150 urte bete dituen Union Artesanaren danborrada 20.30ean aterako da Euskal Herria kalean duen egoitzatik eta 23.30 aldera helduko da Konstituzio Plazara.

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
