20/01/2020

Mistoko bide gogor berria Tozal de Riperaren ipar horman

Mikel Zabalza, Iker Madoz eta Alberto Fernandez izan dira «Julia»-ren egileak. Baldintzak lagun, marra berria sortu ahal izateko, bi eguneko eskalada egin behar izan zuten; hilaren 5 eta 6an. 700 metro luze da eta honako zailtasuna du: ED, 6a, M6 eta 90º.

Andoni ARABAOLAZA
0120_men_aperturabikoitza1

Azken frontea sartu aurretik, Pirinioetan jardun alpinoak egiteko baldintza paregabeak izan dira. Egoera hori suertatu zaie behintzat hurrengo lerrootako protagonistei. Mikel Zabalza, Iker Madoz eta Alberto Fernandezek osatutako sokadak aukera izan du Tozal de Riperaren iparraldeko horman bide berria zabaltzeko. “Julia” du izena, eta hirugarren saiakeran lortu dute lan hori biribiltzea.

Hirukoteak 700 metro luze den mistoko marra berria sinatu berri du. Zailtasunean gogorra zein iraunkorra da. Orokorrean, ED jarri diote. Zehatz-mehatz esanda: librean 6a, mistoan M6 eta izotzean 90°.

Hori da, beraz, piriniozale horiek aurkezten diguten proposamena. Bi eguneko lana egin behar izan zuten “Julia” hirugarren saiakeran amaitzeko. Beste bietan luze batzuk zabaldu zituzten, baina zenbait arrazoirengatik paretatik jaitsi behar izan zuten.

Lehen ekinaldian Kepa Escribanok eta Zabalzak berak hartu zuten parte. Duela hamar urte izan zen. Tozal de Riperaren ipar horma handi horretan balizko bide bat ikusi eta gero, han sartu ziren. Udaberria aurreratua zegoen, eta bero egiten zuen. Bost luze eskalatu ondoren, eguerdi aldera tenperaturak gora egin, eta goialdetik izotz eta harkaitz puska ugari erortzen hasi ziren. Erretiratzea izan zen irtenbide bakarra eta seguruena.

Orain dela lau urte, berriz, Madoz Zabalzarekin jardun zen. Hormatzarrera hurbildu eta esku artean zuten asmoa egun bakarrean egitea izan zen. Alabaina, saiakera horretan baldintzek ez zuten lagundu eta bidearen erdialdean, xedea egiteko aukera urriak zituztela ikusi zutenean, jaistea erabaki zuten.

Hirugarrena, bai, arrakastatsua izan da. Aurreko saioan ez bezala, Fernandezek baieztatu digu baldintza bikainekin jardun zutela: «Pirinioak primeran zeuden. Argi geneukan izotzezko sekzioak osatuta egongo zirela. Beraz, baldintza perfektuak aurreikusten genituen. Eta hala izan zen. Negu honetan hegotik elur asko egin du, eta, ipar murrua denez, izotz guztia ondo baino hobeto itsatsita zegoen. Bestalde, bibakaren aldeko apustua egin genuen; bidea, berez, luzea eta gogorra delako. Eta esan behar dut gau horretan ez genuela hotzik izan. Oro har, eskaladaren bi egun horietan bikain igaro genuen. Lan eskerga egin dugu, bai, baina era berean barre asko ere egin dugu».

Hilaren 5ean sartu zen sokada hau paretan. Lehen luzeak ezagutzen zituztenez, arazorik gabe heldu ziren bibaka egingo zuten lekura: «Elur zelaitxo batera iritsi ginen, baina oraindik denbora izan genuen beste luze bat zabaltzeko. Hura sokarekin finkatu, bibakera jaitsi eta gaua igarotzeko prestatu ginen. Nire sokakideek aurreko saiakeretan eskalatutako luzeei beste bizpahiru berri gehitu genizkien. Bigarren eskalada egunean, berriz, den-dena berria zen. Tontorrera ia arratsaldeko ordu bietan heldu ginen».

«Kristoren bidea»

“Julia”-k dituen ezaugarriei dagokienez, mistoa da nagusi. Hala ere, piriniozale hauek izotzean ere luze batzuk eskalatzeko aukera izan zuten. Zailtasunean, berriz, gogorra eta iraunkorra da.

Tozal de Riperaren horma handia da, eta izaera horretako marra bat zabaldu ahal izateko zirrikitu guztiak ondo baino hobeto begiratu eta aztertu behar dira. Fernandezek berak adierazi digunez, eskalatu eta zabaldu berri dutenak ez du ibilbide oso nabarmena: «Hormatzar hori ez da txantxetakoa, baina ondo begiratzen baduzu, uste dut agerikoa den marra bat dela. Izotz hari batzuk baditu, baita placageak ere. Baina eskalada mistoak indar handia du».

Nahiz eta bide zaila biribildu duten, krokisean ikusten denez, ez du mistoko luze oso-oso gogorrik; gehienez, M6. Baina elgoibartarrak baieztatu nahi izan duenez, guztiek ere asko eskatzen dute: «Inolako zalantzarik gabe, eskalatu ditugun luze gehienak oso onak dira. Ez dute kristoren zailtasuna, baina horietan ondo eskalatu behar da. Lehen bibakera heldu baino lehen azpimarratzekoa den luze bat dago. Artesi bat, ondoren placagea, izotz mingain fin bat... Artesi hori babesteko, berez, ez dago arazorik. Izotz eta placage horretan sartzen zarenean komeriak hasten dira. Ohartzen zara segurtagailu bat sartzeko leku aproposik ez dagoela. Hots, zeure burua ezin duzu ondo babestu. Kontu handiz ibiltzeko sekzioa da, azken segurua oso urruti duzulako».

Ohi den bezala, hirukote horrek tresneria finko gutxi utzi du; lehen saiakeran jarritako bi arroka-zubi eta hiru iltze. Hori da guztia. Hala eta guztiz ere, protagonista hauek ez dute uste ireki berri duten bide berria oso arriskutsua denik.

Ardura hirurek hartu nahi izan zutenez, luzeak banatu zituzten. Sokaburu gisa bina egin zituzten bibakera heldu arte, eta ondoren, bana.

Behin “Julia”-ri forma eman eta gero, Fernandezek baieztatu digu denak ados daudela marra bikaina eskalatu dutela esatean: «Kristorena da; hala uste dugu. Luze guztiak oso onak dira, baina, arestian aipatu dudan bezala, ondo eskalatu behar da. Arroka ona da ere, eta horrek asko laguntzen du. Bide hau Alpeetan zabaldu izan bagenu, argi eta garbi dugu beste aura bat izango lukeela. Baina Pirinioetan dago, eta horrek badirudi garrantzi pixka bat kentzen diola. Horrelako kasuak Pirinioetan asko daude. Kalitate handiko bide gogorrak sortu dira, baina ia ‘oharkabean’ pasatzen dira. Uste dut bide horiei ez diegula ematen behar adinako balioa. Beste era batera esanda, Pirinioetan egin ditugun jardun gogorrak ez ditugu ondo saltzen. ‘Julia’ Alpeetan egongo balitz, izen handia izango zukeen. Baina esan dudan bezala, Pirinioetan dago».

Beste kontu bat ere aztertu nahi izan dugu. Aipatu dugunez, bigarren saiakeran Tozal de Riperaren ipar horman eskalatu behar zuten bidea egunean bertan egin nahi zuten. Sortze lana zenez, erritmoa ez zen egokiena izan helburu hori lortu ahal izateko. Orain eskalatu eta ireki ondoren, gipuzkoarra uste berekoa da: «Mikelek, Ikerrek eta hirurok egin dugun jardunaren ezaugarriak eta nortasuna ezagututa, ‘Julia’ egunean eskalatzea oso zaila da. Horrekin ez dut esan nahi ezinezkoa denik. Baina uste dut justu-justu ibiliko direla. Jakina, bidea ezagutzen baduzu, erritmo azkarragoa eraman dezakezu. Eta horri esker, egun bateko eskaladan goitik atera zaitezke. Horretarako, bidearen sarreran eguneko lehen izpiak azaltzen direnean egon behar duzu. Eta ziur aski gauak goialdean edo tontorrean harrapatuko zaitu. Bestalde, horrelako apustua egiten baduzu aitortu behar dut jaitsiera ez dela batere samurra. Eta gauez eta kopeta-argiarekin egitea badakizu zer den».

Bai, jaitsiera nahiko delikatua da. Sekzio batzuk “deseskalatu” behar dira, eta rappel batzuk ere baditu. Hori guztia esan eta gero, Fernandezek honako aholkua eman du: «Bide hori eskalatzen gozatu nahi bada, uste du hoberena lasai joan eta bibaka egitea dela. Benetan, kristoren marra da».

GOGORRA


Piriniozale hauek bi egun behar izan zituzten 700 metroko bide hori sortu ahal izateko. ED zailtasuna eman diote: 6a, M6 eta 90º.

HIRUGARRENEAN


Marra berri hau biribildu ahal izateko, hiru saiakera egin dira. Protagonistek diote kalitate handiko mistoko proposamena dela. Baldintzak lagun izan dituzte.

BIDE BERRIA


Mikel Zabalzak, Iker Madozek eta Alberto Fernandezek Tozal de Riperaren ipar horman «Julia» izeneko marra zabaldu dute.