Ibai AZPARREN
IRUÑEA

Azken urteotan nabarmen hazi da biztanleria

Urte hasieran egin ohi duten bezala, egunotan biztanleriaren gaineko datu berriak argitaratu dituzte estatistika erakundeek. Gaindegiak horiek bildu eta interpretatu ditu: Euskal Herriko hazkunde demografikoa indartzen ari da.

eh_0124_gaindegia_mapa
eh_0124_gaindegia_mapa

Gaindegiak Euskal Herriko biztanleria nabarmen hazi dela eta lurraldean metatzeko joerari eutsi diola azpimarratu du plazaratutako azken txostenean. Euskal ekonomiari eta gizarteari buruzko ezagutza eta iritzia sustatzen duen behatokiak erabilitako azken datuen arabera, laugarren urtez egin du gora herritarren bolumenak, INEk aurreikusitakoaren kontra.

Izan ere, 2012-2015 epealdiko Hego Euskal Herriko biztanle galera murritzaren ondoren jaiotza-tasa apala eta zahartzearen ondoriozko heriotza-tasa altua izan arren, hazkunde demografikoa indartu egin da, Estatu espainiarretik kanpoko etorkin fluxuei esker. Alde horretatik, euskal herritarren jatorri aniztasuna handitzen ari da.

Azken bi urteotan indar bereziarekin hazi bada ere, Gaindegiak Ipar Euskal Herriaren hazkunde erritmo bizia aspalditik datorrela adierazi du. Horrela, 2020. urtean zehar 310.000 biztanleen langa gaindituko du.

Euskal Herri osoko biztanleriaren erradiografiak azken hamarkadako hazkunde handiena gertatu dela islatzen du (+%0,59). Orotara, 3.170.891 pertsona bizi gara Euskal Herrian, 2018an baino 18.673 gehiago. Gainera, herrialde guztietan handitu da biztanleria, Zuberoan izan ezik.

Joera nagusiak alde batera utzita, behatokiak lurralde mailako joerei erreparatzea lagungarri izan daitekeela uste du etorkizuneko Euskal Herria egituratu dezaketen zenbait fenomeno ulertzeko. Egun euskal herritarren %55,3 hiriguneetan eta %27,3 bitarteko hiriguneetan bizi direla zehazten dute estatistika erakundeek. Gainerako %17,4, aldiz, landa eremuan bizi dira. Beste era batera esanda, biztanleriaren %82,6 lurraldearen %15,1ean bizi da.

2019. urtean hiru eremuek herritarrak bereganatu zituzten arren, azken bi urteetan hiriguneen hazkunde demografikoa berrindartu egin da. Abenduan Gaindegiak garatutako eskualdeen atlasak metropolizazioa agerian uzten zuen. Eskualde batzuk biztanleriari dagokionez indartu egin diren bitartean, beste batzuk ahuldu egin dira biztanleen lekualdatzeengatik. Behatokiaren arabera, hiriguneen eta bitartekoen pisuagatik Euskal Herriak Herbehereetako lurralde egituraren antzekoa du.

Desoreka garrantzitsuak

Unean uneko joerez harago, azken hamarkadako biztanleriaren bilakaerak euskal geografiaren desoreka garrantzitsuak agertzen dituela dio Gaindegiak. Nafarroa Garaian Pirinioetako datuek azken hamar urteetan biztanleen %14,2 galdu dituzte eta Zangozaldea, Erdialdea eta Montejurra eskualdeen biztanle galerek ere lurralde gabeziak uzten dituzte agerian. Aldiz, Arga eskualdea herritarrak metatzeko gaitasuna indarberritzen ari da.

Ipar Euskal Herriko kostaldean populazio hazkundeak bere horretan jarraitzen du, bere hedadura kostatik gero eta barnealderago gorpuztuz. Arabako Mendialdea, ordea, despopulazioaren ikur bihurtu da: azken hamarkadan biztanleria %9 gutxitu da. Arabako Lautada (+%6,9) eta Gorbeia Inguruak (+%4,7) herrialdeko hazkunde demografikoan buru dira.

Bizkaian, Bilbo Handiak ere herritarrak galdu ditu azken hamarkadan (-%1,2), nahiz eta azken biurtekoan joera horri buelta ematen hasia den. Plentzia-Mungiak, Arratia-Nerbioik, Durangaldeak eta Enkarterriek kopurua handitu dute.