Euskadiko Gizon-proba Txapelketa Nabarnizen jokatuko da bi mailatan
Bihar eta etzi indarra, sasoia eta jendea bilduko da Nabarnizen, bertan jokatuko baita Euskadiko Gizon-proba Txapelketa. Bi mailatan jokatuko da: pisu arinekoak –85 kilo azpitik daudenak– eta pisu astunekoak –85 kilotik gorakoak–. Bihar 18.00etan lehiari ekingo diote Kerman Perez arabarrak eta Aitor Etxaniz bizkaitarrak –85 kiloz azpikoak–, eta ondoren Joseba Santxez arabarra eta Bernardo Ureta Urpe bizkaitarra arituko dira –pisu astunekoak–. Igande eguerdian aperitibo bezala bi probalari neurtuko dira: Beñat Amade eta Aitor de la Concepcion bizkaitarrak. Eta 18.00 aldera faboritoak agertuko dira, denak pisu astunekoak: Eneko Bilbao, Gorka De la Concepcion eta Santi Zubizarreta bizkaitarrak eta Juan Karlos Lopez arabarra.
Bestalde, sokatiran, bihar 17.00etan Idiazabalen dute zita gizonezkoek 640 kilotan eta emakumezkoek 540 kilotan, azken ekitaldia bi maila horietan. Aurreko bietan izan diren emaitzak kontuan hartuta, badirudi lehen postua garbi dagoela. Lesakako Beti-Gazte oso indartsu agertu da eta gaur txapelaren jabe egingo da. Emakumezkoetan bost talde ariko dira lehian eta gizonezkoetan zortzi.
Azkenik, Berrizko probalekuak era guztietako probak ikusteko aukera eskaintzen du. Aurten 24an, 25ean, 26an, 27an eta 31n izango dira. Gaur izango da lehen eguna, eta 21.00etan hasita Iñaki Oliden, Garagartza Elkartea, Olazar eta Bizkiak lehiatuko dira. Bihar Antonio Deunaren sari nagusia jokatuko da, 21.00etan hori ere. Plazaratuko diren uztarrien ugazabak Telleria, Unai Elorrieta eta Zumeltsuondo dira. Igande eguerdian hiru izango dira: Benguria, Lobene eta Bizkiak. Astelehenean 21:00etan Motxo, Garzia Alabak eta I. Lopategi. Eta amaitzeko, urtarrilaren 31n, zaldi probak izango dira gauean, 22.00etan hasita.

Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai
