GARA
GASTEIZ

Miñaoko zuzendaritzak ez du «De Miguel auziari» buruzko azalpenik eman nahi

Arabako Batzar Nagusietan eta Gasteizko Udalean «De Miguel auziaren» ondorioen gaineko azalpenak emateari uko egin diote Miñaoko parke teknologikoko ordezkariek, atzo EH Bilduk salatu zuenez. Horien agerraldia eskatu du talde subiranistak Legebiltzarrean.

Arabako Parke Teknologikoko zuzendaritzak uko egin dio herrialdeko erakunde publikoei “De Miguel auziaren” ondorioei buruzko azalpenak emateari. Hala salatu du EH Bilduk.

Euskal Herrian ezagutu den ustelkeria kasu handienaren epaiaren nondik norakoak ezagutu ostean, Itziar Epalza eta Francisco Marquezen agerraldia eskatu zuen EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan eta Gasteizko Udalean. Alabaina, Arabako Teknologia Parkeko zuzendari nagusiak eta zuzendari kudeatzaileak uko egin diote azalpenak emateari.

«Administrazio Kontseiluak hartutako erabakiak dagoeneko publiko egin dira erakundeetako ordezkarien agerraldien bidez», adierazi zuten agerraldiari ezezkoa ematean.

EH Bilduren ustez, ordea, Arabako Parke Teknologikoko zuzendaritzak azalpen asko eman behar ditu oraindik; izan ere, ustelkeria auzi honetan zigortua izan den Koldo Otxandianok parke teknologikoan lanean jarraitzen du.

«Zigor epaia nahikoa izan da Stoarekin zuen kontratua bertan behera uzteko baina, aldiz, ez da nahikoa ustelkeria kasu honetan inplikatuta dagoen eta tramaren burua den pertsona baten aurkako neurriak hartzeko. Horregatik esaten dugu parkeko zuzendaritzak azalpen asko dituela emateko», adierazi zuten atzo Kike Fernandez de Pinedok eta Miren Larrionek, EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan eta Gasteizko Udalean dituen bozeramaileek.

Agerraldi eskaera

Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia eta Lakuako Gobernua Miñaoko Parke Teknologikoaren Administrazio Kontseiluko kide dira eta 2008. urtean instalazioak handitzea erabaki zuten. Stoa enpresari egindako esleipen baten bidez egin zuten hori, eta, auziaren epaian jasotzen denez, komisio bat ordaindu zuen lan horregatik.

Ustelkeria auzi honi buruzko epaia plazaratu baino hilabete gutxi batzuk lehenago, Arabako Teknologia Parkeak orain baliogabetutako kontratu hori berriz aktibatu zuen.

«Uste dugu oraindik teknologia parkeak azalpen asko dituela emateko, erakundeei ez ezik, herritarrei ere bai», adierazi zuten atzo talde subiranistako ordezkariek.

Egoera honen aurrean, Gasteizko Legebiltzarrean agerraldia egin dezaten eskatu du EH Bildu koalizioak.