Baber KHAN SAHEL (Efe)

Snowboard gainean arriskutik ihesi

Teleaulkirik eta elur-pistarik gabe, XXI. mendeko gerra-agertoki hilgarrienetako baten erdian, Afganistango tontor zabaletan barrena surf egiten du gazte talde batek. Herrialdearen erdialdean, Bamian probintzian, Hindu Kush mendikateak ia 5.000 metroko garaiera duten tontor birjinak ditu, urte osoan zehar elur geruza lodiz estaliak eta esploratu gabeak. Segurtasunik eza mehatxu handia da eta, hortaz, elur gaineko kirolen garapena eragotzi du neurri handi batean. «Leku ederrak daude gure herrian urtaro guztietan snowboarda praktikatzeko, baina segurtasunik ezak eta lurreko minen arriskuak galarazten digute gure mendiez gozatzea», dio 17 urteko gazte batek. Izan ere, gerrak milaka herritar hil eta zauritzen ditu oraindik ere urtero. Hain zuzen, snowboard federazioa eratzearekin, gazteak «drogetatik –opio ekoizle handienetako bat da Afganistan– eta indarkeriatik urrun» mantendu nahi izan dituzte. Milaka haur eta gaztek agertu dute interesa elur- kiroletan, baina oraindik instalazio eta finantziazio egokiak falta zaizkie. Kirola beti lagun.