Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Formatu txikiko antzezlan handiak, Donostiako auzoetara

Normalean ostegunean hasten bada ere, aurten asteazken batean emango diote hasiera Donostiako auzoetara formatu txikiko antzerkia eramaten duen festibala. Guztira hamasei taldek hartuko dute parte 26 espazio desberdinetan emanaldiak eskainiz.

Donostian urtero egiten den Poltsiko Antzerkiaren jaialdiaren helburua antzerkia hiriko auzo guztietara eramatea da. Gainera, normalean antzerkia programatzen ez duten lekuetan eskaintzen dituzte emanaldiak. Era berean, formatu txikiko euskarazko sorkuntza sustatzen duen festibala da, eta horregatik beka bat ematen dute urtero. Hala, irabazleek eta finalistek euren antzezlana jaialdian eskaintzeko aukera dute.

Jaialdiaren 29. edizioa urtarrilaren 29an hasiko da, asteazkenean –normalean ostegunean hasten bada ere– eta otsailaren 16ra arte luzatuko da. Otsailaren 15ean egingo dute, ordea, amaiera festa handia Intxaurrondoko kultur etxean Kataluniako The Chanclettes taldearen kabaret batekin eta Paula Valluerca eta Nerea Arriolaren bakarrizketarekin.

Bestalde, jaialdian aurtengo Poltsiko Sorkuntza Lehiaketaren irabazleek, Ttak teatroa eta Kamikaz kolektiboko kideak diren Iraia Elias eta Amancay Gaztañagak, “Matriuska” lana aurkeztuko dute. Aurkezpenean azaldu dutenez, beraientzat lehiaketaren saria den 4.000 euroko beka lehendik zuten ideia garatzeko aukera izan da.

«Batzuetan baduzu ideia, baina ez dirua, ezta plataforma bat ere. Donostia bada plaza bat», esan zuen Gaztañagak diruaz aparte, antzezlanak erakusteko aukera ematen duten sariak txalotuz. Eliasek azpimarratu zuen formatu txikiko antzerkia izanik, «publikoarekin gertutasuna eta sortzen den harremana bilatu» egin dutela. Hala, umorezko antzezlan bat sortu dute: bi zientzialarik atzera bueltarik ez duen bidaia bat hasiko dute.

Jarraitzaile asko

Donostiako Kultur Ekintzako teknikaria den Jon Aizpuruak aipatu zuenez, iaz konturatu ziren «jaialdiak jarraitzaile asko dituela, ez bakarrik auzoetan, zentroan ere bai», eta horrexek animatu ditu aurten ere egitarau txukuna prestatzera.

Aurtengo edizioan programatu dituzten antzezlanen artean komediak, bakarrizketak (gehienak umorea lantzen dutenak), antzerki musikatua eta clowna daude. Jaialdia zabalduko duen obra lehiaketako finalista izan den “Esnatu naiz” komedia izango da, Elur Etxearena, eta urtarrilaren 29an eskainiko dute, 19.00etan, erdialdean dagoen Botanika jatetxean. Gerora Herrerako El Nidon (otsailak 7), Sagueseko Scannerren (otsailak 9) eta Egiako La Tabernan (otsailak 14) izango da. Elurrek Londreseko The Pink Flamingo klubean egiten du lan. Dantzatzeaz eta kantatzeaz gain, bere showa izatea lortu du.

Lehiaketako ikuskizun irabazlea, “Matriuska”, Egiako Le Bukowskin eskainiko dute lehen aldiz, otsailaren 2an, 19.30ean. Ondoren Igeldoko Itsas Aurren (otsailak 9), Martuteneko Etxarrienen (otsailak 14) eta Bidebietako Kontadoresen (otsailak 15) izango da.

Horiez gain, egitaraua osatuko duten antzezlanak honakoak izango dira: “Anarkia relacional”, Mila Espiga eta Belen Cruzena (tradiziozko opilak egiten dituzten bi emakumeren ingurukoa); “¡¡Increíble pero cierzo!!”, Diego Peñarena, non komikoa hainbat galderari erantzuna ematen saiatuko den; edo “Inpro-komeriyak”, non hainbat aktorek inprobisazio saioak egingo dituzten.

Gainera, Barry Barrezek “Irlandar edo euskaldun” antzezlanean gurera etorri zenean ezagutu zituen gauzak kantatuko ditu umore handiz. Felix Albok, berriz, pertsonaia bat sortzeko prozesuaren aitzakia hartuko du “Pespuntes” lanean.

Tartean Teatroak Euskal Herriko kantutegian oinarritzen den “Ez dok hiru” ikuskizun teatrala eskainiko du akustikoan, eta Las XL-k “Degenérate mucho” umoretsua aurkeztuko dute. Sol Magunak eta Gemma Martinezek stand up comedy-aren itxura duen “Monolokos” ekarriko dute; Noemi Ruizek eta Asier Hormazak, berriz, Euskal Herria eta Andaluzia batzen dituen “Aupa y olé”, eta Las Pituister taldeak “Qué contamos cuando contamos” genero rolen inguruko gogoeta dakar.