Ane URKIRI ANSOLA
Entrevista
MAITANE ETXEBERRIA
BERA BERAKO JOKALARIA

«Ezin gara besteez ahaztu Hernandez defendatzeagatik»

Maitane Etxeberriak (Errenteria, 1997) Lasesarren egin zuen debuta 2013an. Estatu mailako garaikur guztiak irabazi ditu Bera Berarekin eta Munduko Txapelketan zilarrezko domina lortu zuen espainiar selekzioarekin. Bera Berako pieza nagusia ere bada, baina berak beste bat baino ez du izan nahi. 200 neurketa jokatu ditu gorengo mailan eta onartzen du ate aurrean hobetu beharra duela.

Guztiari sinpletasun puntua ematen saiatzen da Maitane Etxeberria, baita garaikurrei ere. Onartzen du 2017-2018. denboraldian «oso-oso gustura» aritu zela (97 gol sartu zituen ligan) eta orain defentsan eroso sentitzen dela onartu zion GARAri. Talde lanari eman dio garrantzia, albokoa ulertzeari, pieza guztiak egoki enkajatu ahal izateko. Lasesarrek euskal derbia jasoko du bihar; Etxeberriak bertan egin zuen debuta duela sei urte pasatxo.

2016an esan zenuen ikasketak zenituela lehentasun. Orain?

Egia da orain denbora gehiago eskaintzen diodala eskubaloiari. Gehien gustatzen zaidana da eta posible dut ikasketekin uztartzea. Orain bertan ez daukat presarik. Karrera ateratzen naiz, baina pixkanaka; ez dut bukatu, egia da. Ahal dudan bitartean bi gauzak egin nahi ditut eta ibilbideaz gozatu.

Bera Beran posible da profesional sentitzea?

Ahal den neurrian, bai. Badakigu emakumezkoen kirola nola dagoen. Ez da Bera Bera bakarrik. Ni ezin naiz eskubaloira bakarrik dedikatu; baina orain bertan, ez ni eta ez inor. Era berean, egia da orain bertan jokalari profesional gisakoa sentitu naitekeela.

Igande honetan Zuazo izango duzue aurkari. Etxeko azken bi neurketak irabazi ditu.

Neurketa polita izango dela uste dut. Derbiak politak dira. Ezin gara erlaxatu. Gu berdinketa batetik gatoz, une onean dago Zuazo eta hemen justu-justu irabazi genien. Oso kontzentratuta atera behar dugu.

Zer aldatu da Lasesarren debuta egin zenuenetik?

Erantzukizun aldetik oso ezberdina da. Debutatu nuenean ez nuen inolako presiorik, taldeari gehitzera atera nintzen. Gainera, galdu samar nengoen, ez nuen oso ondo ulertzen mundu hau. Orain ardura handiagoa dut, etxekoa naizelako eta kluba zaindu nahi dudalako.

Bihar non egongo da gakoa?

Defentsan egongo da gakoa; oinarrizkoa da, ondoren korrika egiteko.

Ainhoa Hernandez izango duzu aurrean. Selekzioan kointziditu duzue. Bera geldiarazi beharko duzue?

Oso ondo defendatu beharra dugu, oso adi egon behar dugu. Jokalari oso azkarrak dituzte eta ezin gara despistatu. Ainhoa [Hernandez] defendatzeagatik, ezin gara besteez ahaztu, beste norbaitek aprobetxa baitezake hutsunea. Pieza garrantzitsuena da, baina ezin gara despistatu.

Ligan guztia estuago dago talde gutxiago daudelako. Nola ikusi duzu murrizketa hau? Atseden gehiegi?

Egia da atsedenaldi gehiago daudela eta honek ez digula uzten erritmo bati eusten. Agian aste batean ez duzu jokatzen, hurrengoan bai, ondoren bi astean ez duzu jokatzen… Azkenean, entrenatzen ari zara baina ez zaude txapelketa batean. Ez dakit nola azaldu. Burua landu behar da gehienbat.

Hala ere, lehen itzulian ez duzue porrotik jaso. Zer balorazio egiten duzue?

Uste dut gauza oso zail bat egin dugula. Jende berri asko etorri zen denboraldi hasieran, ez genuen oso ondo elkar ulertzen. Entrenamenduetan bakoitzak berari zegokiona jarri du eta gauzak oso ondo atera dira. Jende berri asko eta oso jokalari onak etorri ziren, baina jakin behar da zure albokoa ulertzen. Gure kasuan, defentsa aldean dago gakoa eta horregatik zure albokoa ulertzen saiatu behar duzu. Hori landu dugu. Bukatu da lehen itzulia, lehen sailkatuak gara eta baloratzekoa da.

Pertsonalki nola sentitzen zara? Ate aurrean kosta egiten zaizu?

Bai, betidanik kostatu izan zaidan zerbait da. Hori aldatu behar dut. Pixkanaka hobetzen ari naizela uste dut. Gustura nabil.

Izan dituzu gol asko sartzen zenituen denboraldiak.

Bai, denboraldi bakoitza ezberdina da. Ezin dut pentsatu urtero berdin egongo naizenik ere.

Azkenean Japoniako Munduko Txapelketara joan zinen. Munduko txapeldunorde zara. Nola bizi izan zenuen esperientzia?

Oso gustura. Ez nuen espero horrelako txapelketa bat egingo genuenik. Ez dakit nola azaldu, baina itzela izan zen. Bai giro aldetik, bai pistan bizi izan genuenagatik. Ez dut inoiz ahaztuko.

Defentsan protagonismo handia hartzen ari zara, batez ere albokoaren postuan.

Egia da defentsan oso eroso nagoela. Defentsan, alboko jokalari gisa jokatzen, bi aldeetan ditut laguntzak; orduan, ez nau asko kezkatzen.

Erraza dela diozu?

(Barrez) Erraza da zeren ondoan ditut beste bi defentsa eta badakit ondo egingo dutela beraien lana. Aurkariak ihes egiten badit badakit lagundu egingo didatela; horregatik nago eroso.

Denboraldi honetako puntu beltza izan daiteke Europako txapelketatik kanporatuta geratzea?

Bai, nik faltan sumatzen dut. Lehen aipatu dugu. Geldialdi asko izan ditugu eta erritmo falta igartzen dugu. Europako neurketak oso desberdinak dira joko zein maila aldetik. Ea hurrengo urterako sailkatzen garen.