Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA

Bankinterrek etxegabetze prozesua aktibatu du auto baten bermearekin

Gipuzkoako Auzitegi Probintzialak emandako autoa aprobetxatu du Bankinterrek Donostiako bikote baten ohiko etxebizitzaren exekuzio agindua berraktibatzeko. Bikoteak 2017an urtebeteko kuoten zorra pilatu zuen, langabezia egoera luze baten ondotik. Bankuak salaketa jarri zuen, baina Europako Justizia Auzitegiak klausula neurrigabea zela adierazi zuenean prozedura guztiak gelditu egin ziren. Iaz Auzitegi Goren espainolak irizpidea aldatu zuen arte.

Europako Justizia Auzitegiak hipoteka exekuzioaren klausula neurrigabea zela adierazi zuen eta horregatik geldiarazi ziren aurrez salaturiko prozesu guztiak. Pasa den urteko irailean Estatu espainoleko Auzitegi Gorenak hipoteka maileguen legean aldaketa eragin zuenetik, behin-behinean bertan behera geratu ziren salaketak berraktibatzeko aukera egon da.

Izan ere, hipoteka maileguen lege berriko 24. artikuluak dio etxebizitza exekutatzeko salaketa posible dela zordunak urte bat edo gehiagoko kuota ordaindu gabe baldin badu. Lege horren aplikazioa, gainera, atzeraeraginezkoa da. Etxebizitza exekutatzeko eskaria enkante elektronikoarekin bideratu dezake entitateak eta ondoren, etxegabetzea gerta daiteke.

Hori da Arantza eta Miguel bikotearen kasua. 2017an Bankinterrek salaketa jarri zuen, beraien ohiko etxebizitza exekutatzeko eskatuz. Izan ere, 12 hilabete zeramaten kuota ezin ordainduta, epe luzeko langabeziaren ondotik eta gerora batzen joan diren kontratu behin-behineko eta prekarioengatik. Orain, bertan behera zegoen salaketa hori berraktibatu du Bankinterrek eta Auzitegi Probintzialaren ebazpenean bermatuz, posible du beraien ohiko etxebizitza enkantean saltzea, eta horrek ondoren beraien kaleratzea eragin lezake.

Informatzeko betebeharra

Horren berri eman zuen atzo goizean Kaleratzeak Stop plataformak. Bankinterrek Donostian duen bulegoan egin zuten elkarretaratzea mugimenduko kideek eta bertan izan ziren Arantza eta Miguel, 51 urteko bikote donostiarra. Gaztelaniaz oihukatu zituzten leloak eta tinko adierazi zuten «enkante hau gelditu» egingo dutela.

Etxegabetzeen aurkako plataformako bozeramaile Rosa Garciak azaldu zuen, gainera, bikote honen auzi osoan bankuak ez duela bere betebeharra bete. Teorian, EAEko banketxe guztiak De Guindos dekretura –bankuen praktika egokien kodera– atxikita dauden aldetik, derrigor informatu behar dute bezeroa hilabete bateko kuota ordaindu gabe utzi badute. Dekretuak ahalbidetzen du bezeroen egoera zaurgarria baldin bada bost urteko gabealdia aplikatzea bezeroari.

Egoera horretan, kuotaren zenbatekoan murrizketa bat egiten da –Euriborra + %25 izan ohi da kuota berria–.

Bankinterrek ez zien horren berri eman Arantza eta Migueli eta 12 hilabeteko zerga pilatzen utzi zuen, ondoren salatu ahal izateko. Bi urtez salaketa bertan behera egon ostean, kaleratzeko arriskua azaleratu da berriro ere. Kaleratzeak Stop plataformaren bitartez praktika egokien kodea aplikatzeko erregistroa entregatu zuten atzo Bankinterren bertan. Espero dute horrekin prozesua geldiaraztea.

Era berean, Rosa Garciak ohartarazi zuen, Auzitegi Gorenaren ebazpenaren ondotik eta Auzitegi Probintzialak ateratako autoaren bitartez, kaleratze kasuak areagotu egin daitezkeela datozen hilabeteetan.