Marka saiakera Zarautzen
Izeta IV.a eta 14 urteko Udane Ostolaza bihar arituko dira Zarauzko kiroldegian, arratsaldeko 18.00etan.

Biharkoa herri kirol arloan egun handia dela esan genezake. Desafioak, tamalez desagertzear, hilzorian, daudenez, biharko saiakera iluntasunean nolabaiteko zuzia dela esan daiteke. Oraindik, gau ilunean ipurtargien gisan, marka pertsonalak tarteko, itxaropenari eutsi behar zaio. Badakigu zein tamainako sakrifizioa eta denbora luzea eman duten horretan Hodeik eta Udanek.
Bihar, arratsaldeko seietan, Zarauzko kiroldegiak ateak parez pare zabalduko ditu. Hodeik bere gain hartu du marka saiakera, orain arte inork egin ez duena. Handiagoak eta txikiagoak eginak dira, bai, baina Hodeik egin behar duena exijentzia handikoa da. 100 kiloko zilindro kopari esku bakarrez 100 jasoaldi eman, eta ondoren, 125 kiloko kubikoari 50 jasoaldi. Ez da nolanahiko lana. Ohartarazi behar da antzeko lanak eta handiagoak ere eginak dituztela bere aita Joxe Ramonek, Jose Antonio Gisasola Zelaik eta beste batzuek, baina Hodeik egin nahi duena ere lan neketsua da.
Berarekin, Joseba Ostolazaren alaba Udane arituko da plazan. 14 urterekin, 75 kiloko harria leporatzen ahaleginduko da. Bere lehen marka ofiziala izango da.
Bestalde, bihar Ibarran, gizonak 600 kilotan 3. eta azken jardunaldia dute, eta emakumeek, 500 kilotan 2. jardunaldia. 600 kilotan Ibarra, Beti-Gazte, Berriozar, Antsoain, Txantrea, Gaztedi eta Murueta neurtuko dira. Lesakarren eta Ibarrakoen artean dago dominaren jabetza.
Emakumeen 500 kilotan Ibarra, Beti-Gazte, Txantrea, Badaiotz eta Gaztedi lehiatuko dira. Lehen egunean Badaiotz izan zen onena. Irlandara begira daude, Munduko Txapelketa otsailaren 20-23an jokatuko baita.
Urrezko Aizkolariak Beasainen
Igandean, 12.00etan, jokatuko dira Urrezko aizkolarien gizonezkoen binakakoa, emakumeen banakakoa eta harri-jasotzaileen txapelketak. Aizkoran bi bikote, Mikel Larrañaga-Jon Rekondo eta Ruben Saralegi-Eneko Otaño. Emakumeetan, Irati Astondoa eta Maika Aristegi lehian, eta azkenik, harri jasotzen Jokin Eizmendi eta Xabier Peña.
Binakako txapelketan egingo duten lana ohikoa da. Erlojuaren aurka bi enbor 45 ontzakoak; zutik 54 ontzakoa txanda librean; abiadurakoan 65 ontzakoa, aizkolari batek alde bat eta besteak bestea ebakiko du; zutik eta etzanda 45 ontzakoa eta 54koa. Azkenengo proba, iraupenekoa, 4 enbor 60 ontzakoak eta bi 65ekoak txanda librean.

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

Xabi Iraola proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokor izateko

67 preso 20 urtetik gora espetxean, eta 44k ez dute kalea zapaltzen
