NAIZ eta 40 Minutu Rock, berriro eskutik

Herrialde gutxitan izango dute hain konnotazio argia 40 minutuk. Ondo baino hobeto dakite hori asteburuero-asteburuero espetxe politika ankerraren ondorioak pairatzen dituzten senide eta lagunek. Herri gutxitan izango dira, halaber, desagertzeko bokazioz jaiotako jaialdiak. Horietako bat da, hain zuzen, 40 Minutu Rock, herri honetan preso, iheslari edo deportatu bakarra dagoen bitartean konpromisoari eusten diona eta, aurten ere, hilaren 29an, Durangoko Landako Gunea elkartasun doinuekin leporaino beteko duena. Goizeko 10.30ean hasi eta goizaldeko ordu biak arte luzatuko den seigarren edizio honetan, 17 talde izango dira taula gainean, ohiko formatuan (bi oholtza eta karpa txiki bat), elkartasun sugar hori bizirik mantentzeko aletxoa jartzen. Jaialdiaren arrakastaren erakusgarri da sarrera guztiak agortuta daudela eta egunean bertan, beraz, ez direla salgai egongo. NAIZ eta 40 Minutu Rock-en arteko hitzarmenari esker, hala nahi izan duten harpidedun guztiek gonbidapen bana eskuratu dute jaialdira joateko. Akordio hau NAIZek musikarekin eta herri honetan presorik egon ez dadin duen konpromisoaren isla argia da, baina ekarpena ez da horretara mugatuko eta, noski, kazetaritzaren eremutik ere egingo du ekarria: jaialdiaren jarraipen berezia egingo da NAIZ.eus-en eta NAIZ Irratiak ere saio berezia egingo du, bertaratzerik ez dutenek han baleude bezala goza dezaten.