GARA
DONOSTIA

eLiburutegia: 35.000 film eta liburu digital, herritarren eskura

Hemendik aurrera errazagoa izango da eLiburutegia EAEko liburutegi digitalerako sarbidea eskuratzea. Email bakar bat idatzita, Estatuko liburutegi digital handienerako sarbidea eskuratu ahalko dute herritarrek: 20.000 liburu digital eta 15.000 film baino gehiago bateratzen ditu eLiburutegiak. Orotara 35.000 proposamen baino gehiago etxe barruko itxialdia samurrago egin eta, bide batez, kulturari gure sukaldeetarainoko ateak irekitzeko.

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak atzo jakinarazi zuen eLiburutegirako sarbidea errazteko neurriak hartuko zituela. Azaldu zutenez, azken egunetan eLiburutegiko maileguen gorakada nabarmena izan dela ikusita hartu dute liburutegi digital horretarako sarbidea errazteko erabakia eta, hala, liburutegi-zerbitzua@euskadi.eus helbide elektronikoa herritar guztien eskura jarri dute, eLiburutegira hurbil daitezen.

Batetik, eLiburutegian sartzeko pasahitzik ez duten Irakurketa Publikoko Sareko bazkideek (udal liburutegiren bateko txartela duten erabiltzaileek, alegia) helbide horren bidez eskatu ahal izango dute; bestetik, Irakurketa Publikoko Sareko bazkide ez direnek aukera izango dute helbide horren bidez bazkide egiteko eta, ondorioz, eLiburutegian sartzeko.

Behin pauso horiek burututa, eliburutegia.euskadi.eus helbidean sartu eta liburutegietako bazkideek 20.000 liburu digital eta 15.000 film baino gehiagoko katalogo bat izango dute eskura. Liburuak ordenagailu, tablet zein eBook bidez irakur daitezke.

Gaineratu zutenez, helbide elektroniko horrek aldi baterako eskainiko du aukera hori, «egoera normalizatu arte». Hortik aurrera, eLiburutegian sartzeko pasahitza lortu nahi duenak edo EAEko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegiren bateko bazkide egin nahi duenak liburutegietan bertan egin beharko du, orain arte bezala.

Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak 2004an sortu zuen Irakurketa Publikoko Sarea, EAEko liburutegi publiko guztiak bildu eta zerbitzuak hobetzeko sinergiak sortzeko asmoz. Sarearen oinarria udal titulartasuneko liburutegiak dira, baina udalarenak ez diren beste liburutegi batzuek ere osatzen dute (Jaurlaritza, Euskadiko Artxibo Historikoa, HABE, Lazkaoko Beneditarren Artxiboa, Zarauzko Photomuseum, Arabako Foru Aldundiaren mendeko liburutegiak...).

Milioi bat erabiltzaile

Sareak 1.036.217 erabiltzaile ditu, eta funtsen artean (6.000.000 baino gehiago) 1.200.000 titulu inguru daude. 2019an, 2.744.200 mailegu baino gehiago egin ziren Irakurketa Publikoko Sarean dauden liburutegien bidez, eta 120.000 liburutegi arteko mailegu-bidalketa baino gehiago egin ziren (Irakurketa Sareari esker, liburutegi batek ez badu erabiltzaileek eskatutako tituluren bat, Sareko beste liburutegi bati eskatzeko aukera du).

Bestalde, eLiburutegia Estatu espainoleko liburutegi digitalik handiena dela nabarmendu zuten Kultura Sailetik, eta formatu ezberdinetan 20.000 liburu digital inguru eskaintzen dituela zehaztu. 2014ko azaroan jarri zen martxan, eta urtez urte hazten jarraitzen du. 2019an 68.981 mailegu egin ziren eta une honetan 43.000 erabiltzaile ditu.

Herritar bakoitzak hilean lau liburu irakurtzeko eta astero bi film ikusteko aukera du eLiburutegian. Honako helbide honetan azaltzen da nola deskargatu eduki digitalak gailu elektronikoetan: www.eliburutegia.euskadi.eus/descarga-en-epub

Gainera, eLiburutegia sare sozialen bidez jarrai daiteke eta zalantzak argitu daitezke, bai Twitter bidez (@elibututegia_), bai Facebook bidez (www.facebook.com/eliburutegiak/).