Literaturari esker arnasgunea sortu du favelan Lua gazteak
Rio de Janeiroko Tabajaras favelan bizi da Lua eta hamabi urte ditu. Ilehoria da eta irribarre bizia du, baina bere kemena da aipagarriena, horri esker lortu baitu auzoan liburutegi bat irekitzea, haur eta gazteentzat arnasgune bilakatuz. 18.000 izenburutik gora apalategietan txukun-txukun jarrita, Brasilgo beste leku batzuetan abiatu nahi dituzte halako ekimenak.

«Nik liburuak ez ditut irakurtzen, irentsi egiten ditut!», dio Luak, Nelson Mandelari buruzko liburuari gogo biziz eusten diola esku artean. 12 urte bakarrik izan arren, Rio de Janeiroko favelan liburutegia zabaldu du.
Hogei metro koadro ditu espazio honek eta teilatua xafla bat da, baina barruan 18.000 liburu gordetzen ditu, txukun-txukun apalategietan. Lurrean, gustura eta patxadaz irakurtzeko, kuxin handiak daude barreiatuta. Bere unibertso honi “Ilargiaren mundua” deitu dio Raissa Luara de Oliveirak, hori baita bere egiazko izena. Neskatoak argia du irribarrean eta kixkur biziz betetako adats ilehoria. Eta izenak ilargiari erreferentzia egiten badio ere, brasildarrak oinak lurrean ditu.
«Hamabi urte ditut, eta honezkero nire bizilagunen zein auzoaren alde zuk zeure agintaldi osoan baino gehiago egin dut», leporatu zion Rioko alkateari orain gutxi bideo bidez. Bere auzoa, Tabajaras favela, Copacabana eta Botafogo auzune dotoreak hartzen dituen muinoaren gainean dago; bertan bizi da Lua bost urte zituenetik. Liburutegia hartzen duen elkartearen balkoitik berriz Pão de Açucar (Azukrezko ogia) mendia ikus daiteke, Rioko gune turistiko esanguratsuenetako bat eta mundu mailan leku ezagunenetako bat.
Astero 1.500 liburu
Luaren egitasmoa orain sei hilabete jaio zen, liburu azoka bat bisitatu zuenean piztu zitzaion auzoan liburutegi bat sortzeko ideia. «Ikusi nuen nola ama batek bere alabatxoari esaten zion ez zituela baliabide ekonomikoak hiru erreal balio zituen liburu bat erosteko. 60 xentimo euro inguru da hori. Neure buruari zerbait egin beharra nuela hitzeman nion orduan», aitortzen du gazteak.
Azoka hartatik bueltan egin zuen liburu eskaera publikoa, Facebook sare soziala baliatuz. Bere amona zela esanez, Vania Ribeiro bizilagun elkartearen presidenteordeari mezua bidali zion lokal bat uzteko eskatuz. Gaztearen «gezurraz» ohartu bazen ere, zera erantzun zion: «Zeuk hartzen baduzu kudeaketaren ardura, arazorik ez».
«Dena ezkutuan egin zuela konturatu nintzenean errieta egin nion, baina gero nire babesa eman nion bilobari», kontatu du Fatima Oliveira amonak. Jostuna da eta Lua jaio zenetik berak hezi eta zaindu du, horregatik «ama» deitzen dio.
Gaztearen bideoak sekulako arrakasta izan zuen eta hiriaren leku guztietatik liburuak ailegatzen hasi ziren Tabajaras favelako liburutegira. Ez hori bakarrik, izan ere, Luak telebistaren arreta bereganatu zuen proiektuaren berri emateko.
Hainbestekoa izan denez oihartzuna, astero, bere liburutegi txikira, 1.500 liburu inguru ailegatzen dira gaur egun. Ezin denak sartu ordea; hala, apalategien atzealdean kutxak eta kutxak daude beste leku batera eramateko prest. «Piauiko [Brasilgo ipar-ekialdeko eskualde txiroa] gazte batek bere hirian halako liburutegi bat ireki nahi duela adierazi zidan eta martxan jar dezan 500 ale aukeratu ditut, baina dirua behar dugu bidali ahal izateko», eskatu du.
Arrazismoaren aurka
Luak bildutako liburuek irakurtzeko gogoa eta grina piztu dute favelako haur eta gazteen artean. «Maite dut hona etortzea, horrela ez dut kalean egon behar eskola amaitzen denean. Lehen futbolean edo bideo jokoetan baino ez nuen pentsatzen», dio Daniel Couto Nascimento, 10 urteko mutikoak komiki bat esku artean duela.
Lua ere 9 urterekin hasi zen benetako interesa sentitzen literaturagatik, irakasle batek Jeff Kinney estatubatuarraren eleberri bat erakutsi zionean. Geroztik, bere jakin-mina asko zabaldu da, eta arrazismoa bezalako gaiak jorratzen dituzten liburuak maiz irakurtzen ditu. Bere familiak eta berak maiz jasan dituzte halako bazterkeriak, salatu duenez. Luak, ordea, literaturarekin erantzuten du.

Una Copa al cielo dedicada a Aitor Zabaleta que ayuda a sanar heridas

Hilario Urbizu iheslaria Mexikon hil da, 45 urte itzuli ezinik eman ostean

¿Está el modelo D con PAI camino de la extinción?

Txomin Letamendiren heriotzaren inguruko agirien zentsura salatu dute
