Seme-alabarik ez duten EAEko gazteen %70ek guraso izan nahi dute
Seme-alabarik ez duten gazte gehienek guraso izan nahi dute etorkizunean. Zehazki, %71,8k haur bat izan nahiko luke Gazteen Euskal Behatokiak egin duen ikerketaren arabera. Urtetik urtera kopuru horrek behera egiten duela ere nabarmendu dute.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan seme-alabarik ez duten 30 urtez azpiko gazteen %71,8k egunen batean ama edo aita izatea gustatuko litzaiekeela diote, eta beste %26,2ak, aldiz, asko ez litzaiekeela gustatuko edo ez litzaiekeela batere gustatuko adierazi du, Gazteen Euskal Behatokiaren ikerketaren arabera.
Beste hainbat konturekin batera, 15 eta 29 urte bitarteko gazteei etorkizunean seme-alabak izateko gogorik ba ote duten galdetu zaie ikerketan. Galdera hori urtero errepikatu izan da, eta seme-alabak izan nahi dituztela adierazten duten gazteen ehunekoak behera egin du pixkanaka, 2015 eta 2019 artean hamar puntu baino gehiagoko jaitsiera metatua izan arte.
Adinarekin gora doa nahia
Horrela, 2019ko datuen arabera, seme-alabak izateko nahia oso antzekoa da gizonen (%72,1) eta emakumeen artean (%71,5). Sexua eta adina batuz gero, adinak gora egin ahala handitu egiten da emakumezkoen artean seme-alabak izateko nahia; mutilen artean ez dago ia alderik 20-24 urteko taldearen eta 25-29 urteko taldearen artean.
Egunen batean seme-alabak izan nahi dituzten gazteek adierazi dute horretarako adinik egokiena 29,7 urte dela. Emakumeek uste dute egokiena 29,3 urte dela, eta gizonek, berriz, 30,1 urteren alde egiten dute.
Adin ideala pixka bat atzeratzen da adinak gora egin ahala. Horrela, 15-19 urteko pertsonek adierazi dute guraso izan nahiko luketela 28,3 urterekin, 20-24 urtekoen artean adin egokiena 29,5 urte da eta 25-29 urtekoen artean adin ideal hori pixka bat atzeratzen da, 31,2 urtera, hain zuzen ere.
Gazteek idealtzat jotzen duten adin hori EAEn lehen seme-alaba izaten den adin errealaren azpitik dago. INE estatistika erakundearen datuen arabera, emakumeek 31 urterekin izaten dute lehenengo seme-alaba, batez beste, hau da, emakumeek nahiko luketen baino bi urte beranduago.
Seme-alabarik ez duten %63,9, ordea, adin idealean izango dutelakoan daude.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
