Andoni ARABAOLAZA
IZOTZA ETA MISTOA

«Gaia»-k munduko gogorrenenartean muturra sartu berri du

David Lopez Saenz eta Luis Peninek M12 (?) eta WI6+ zailtasunak proposatu dituzte Ehrwalden (Ipar Tirol) zabaldu duten 175 metrokobide berriarentzat. Jarduera amaitzeko lau egun behar izan dituzte, eta profesionalentzako marra bat dela nabarmendu dute.

David Lopez Saenz eta Luis Penin alpinistak ez dira batere mediatikoak, baina, hala ere, mistoko zein izotzezko muturreko bideetan zailduak dira oso. Eta, beste behin, erabat sasoiko daudela erakutsi dute. Joan den otsailean, sokada honek Ipar Tirolera (Austria) bidaiatu zuen. Hain zuzen ere, Ehrwald izeneko alderdira. Zailtasunaren aldetik arras interesgarria den helburu bat zuten esku artean: “Stirb Langsam” (M11+, WI6+).

“Nortasun agiri” horrek alpinista asko atzera botako zituen; ez, ordea, lerrootako protagonistak. Peninek berak argibide gehiago eman nahi izan ditu: «Michi Wohllbenek marra horren lehen igoera 2007. urtean egin zuenean, erabat harrapatuta geratu nintzen. Bide hori dagoen murrua ezagutzen dut, eta ederra iruditu zitzaidan. Baina hura eskalatzeko asmoa atzeratu nuen, besteak beste, nire denboraldian geldialdia egitea erabaki bainuen. Hilabete horietan blokeak sortzen eta eskalatzen jardun nuen; hots, nire zaletasun horri bidea eman nion. Iazko udaran, ‘Stirb Langsam’ berriro burura etorri zitzaidan. Hainbat kiderekin hitz egin nuen, baina, azkenean, David izan zen sokada osatzeko hautatu nuena. Izan ere, izaera honetako jardueretan curriculum itzela du. Bidearen zirrikitu guztiak ondo baino hobeto aztertu ondoren, xede horren bila joango ginela erabaki genuen. Horretarako, lau hilabete eman nituen jo eta su entrenatzen. Eguraldia eta baldintzak egokiak zirela ikustean, Ehrwaldera abiatu ginen».

Lau eguneko lan eskerga egin eta gero, Lopez Saenz eta Peninek egitasmoa biribiltzea lortu zuten. Antza denez, “Stirb Langsam” bidearen lehen errepikapena izan da. Alpinista galiziarrak nabarmendu du zailtasun handiena bigarren eta hirugarren luzeetan bilduta zegoela: «Arrokaren kalitatea nahiko erregularra da, baina bi luze horiek buruari eta fisikoari asko eskatzen diete. Laugarren luzean, berriz, arroka nahiko txarra da, eta mendiko mistoko ezaugarriak ditu. Eta amaitzeko, beste sekzio gogor bat: WI6+ eta M8. Izotz hori gainditzea oso zaila zen, eta, gainera, sabai bat zegoen. Davidek erakutsi zuen maila izugarria duela. Zalantzarik gabe, baiezta dezaket murru batean eskalatu dudan mistoko bide gogorrena izan dela. Zailtasuna muturrekoa da, bai; gainera, ahalegin izugarria eskatzen du fisikoki eta psikologikoki».

Bitxia bada ere, adierazpenok hutsaren hurrengo izan daitezke, batez ere, hurrengo aipatuko dugun jardueraren nondik norakoak ezagututa. “Stirb Langsam” probatzen ari zirela, bidearen ezkerraldera beste marra erakargarri bat ikusi zuten, oraindik ere eskalatu gabe zegoena. Aipatu dugun errepikapena egin ondoren, bidaiaren azken egunean aipaturiko marra horri hainbat eta hainbat argazki atera zizkioten. Argi eta garbi zuten hura zabaldu eta igotzeko aukerak bazituztela. Itxaropen horrekin itzuli ziren bi alpinistok etxera.

«Gaia»

Helburu berriarekin «oso bero» zeudenez, bi protagonistok beste hamar eguneko oporraldia hartu zuten: «Onartu behar dugu aldez aurretik eginiko lan guztiak ia ez zuela ezertarako balio izan. Bai, bideak ‘iruzur’ egin zigun, besteak beste, guk uste genuen baino askoz ere zailagoa zelako. Bestalde, marra zabaltzeko asmoak berak ‘nahastu’ gaitu. Ez dakigu guk zabaldu dugun edo berak zabaldu gaituen! Nire kasuan sortu dudan bigarren marra da. Eskuarki, asko eskalatzen dut, eta eskarmentu handia dut. Baina bide bat errepikatzen duzunean datu objektibo batzuk dituzu: luzeen zailtasuna, sekzio bakoitzaren ezaugarriak... David ni bezalakoa da. Marra bat ireki baino lehen zabalduta dauden marrak errepikatzea nahiago du. Izaera honetako jarduera bat egin ahal izateko, uste dut sokakide aproposena dela. Jakin banekien tandem ona lortu behar zela, eta lortu dugu. Egundoko eskarmentua du».

Bada, bidaiaren hamar egun horietatik zazpi (otsailaren 28tik martxoaren 9ra arte) aurreko bidaian ikusi zuten marra erakargarri hori sortzen jardun zuten. Eta emaitza “Gaia” izan da. 175 metroko eta muturreko zaitasunak: W12 (?) eta WI6+. Mistoko mailari galdera ikurra jarri diote, izan ere, agian, zailagoa izan daiteke.

Zailtasun tekniko horiek aipatu ditugu, horiek baitira “Gaia” errepikatu nahi dutenentzat datu objektiboak. Baina bada beste eite bat askotan albo batera uzten dena, eta, berez, garrantzi handia duena. Eta hori estiloa da; hots, zabaltzeko era. Lan horretan ari ziren bitartean, bi alpinistok era askean eskalatzen aritu ziren. Hots, artifiziala saihestu zuten. Beraz, igotzen ari ziren bitartean friendak sartzen zituzten. Eta iltze edo parabolten bat jartzeko, pioletean zintzilikatu, mailua eta zulagailua atera eta tresneria hori jartzen zuten.

Jakina, estilo horrek protagoniston buruei asko eskatu die: «Psikologikoki oso gogorra izan zen. Makina bat eroriko izan genituen, lehen metroetatik bertatik bideak erori handia du, bilguneeetan ur asko zegoen, oso goiz jaiki behar ginen... Erabat leher eginda amaitzen genuen. Hori gutxi ez, eta, krokisean ikusten denez, oso parabolt gutxi jarri ditugu. Batez ere kontuan hartzen badugu bidearen nortasuna zein den. Hitz batean esanda, asko kosta egin zaigu ‘Gaia’ zabaltzea».

Peninek krokisa aipatu duenez, gehitu behar dugu bide guztia zailtasunean oso iraunkorra dela. Eta luze guztien artean batek, bigarrengoak hain zuzen, protagonismo berezia du. M12 zailtasuna proposatu dute, baina agian zailagoa izan daiteke. Gainera, jarduera horretan kateatu gabe geratu zaien luze bakarra izan da: «Luze guztiak zailak dira, baina bigarrena... Uste dugu denbora kontua izan dela. Bidaiaren azken-aurreko egunean bidearen azkenengo 20 metroak zabaltzeko falta ziren. Ohartu ginen haizeteak lehen rappelaren soka [80 metro] eraman zuela. Eroria duen rappela da. Progresiorako tresneria guztia bileretan zegoen, eta, azkenean, ferrata batetik igo behar izan genuen eta zuhaitz batetik rappelatu. Gorabehera horiek direla medio, denbora gutxirekin geratu ginen. Alabaina, bosgarren luzea zabaldu eta kateatzeko aukera izan genuen. Eta biharamunean, laugarren luzearen sabaia kateatu eta bigarrenaren mugimendu guztiak era askean gainditu genituen. Beraz, luze hori guztiz kateatzea falta zaigu. Denbora kontua izan da. Davidek eta biok argi dugu lan hori biribiltzera itzuliko garela. Arroka txarra du bideak, eta hainbat gako puskatu genituen. Uste dugu luze guztientzat egin ditugun proposamenak egokiak direla. Inoiz eskalatu dudan bide gogorrena da. Nire ustez, ‘Gaia’ profesionalentzat da, ez gu bezalako eskalatzaileentzat».

Amaitzeko, Peninek argitu nahi izan du jardueran zehar izan duten tenperatura “epela” izan dela: «Eskuarki baino altuagoa izan da tenperatura. Eta horrek gure jarduera baldintzatu egin du. Pentsa, une hotzenak aprobetxatu ahal izateko, lanean goizaldeko lauretan hasten ginen. -8º eta -10º gradu arteko tenperaturak izan genituen».