Surflari ernegatua

«Kamchatka 2»

Atal honetan bertan duela zenbait urte argitaratu genuen artikulu batean Kamtxatkako penintsulan surf egiteko aukeren berri ematen genuen eta bertako olatuak hartzeko sasoi onenak noiz diren ere azaltzen genuen. Izenburu bera zuen zutabe bat ere idatzi nuen hemen bertan. Horregatik jarri diot bi zenbakia goiburuari. Kito! Erabili dut “surf” hitza. Beraz, hemen idazteko ezartzen didaten baldintza bakarra bete ostean, gaurkoan kontatu nahi dizuedana kontatzeko moduan naiz.

Koronabirusaren kontu honekin etxe zuloetan konfinatuta gauden honetan, “Kamchatka” izeneko film argentinarra datorkit burura. Film bikaina da, ikastoletan etikako klaseetan eman beharko litzatekeen horietakoa. Agian, horregatik ez dute ematen, eta agian horregatik ez da hain ezaguna.

Argentinan 1976tik 1983ra bitartean izan zen diktaduraren testuinguruan kokatzen da filma. Ricardo Darin eta Cecilia Roth aktoreek bi haurrekin etxalde batean babes hartzen duten guraso bikotea antzezten dute. Militarren atzaparretatik ihes egin nahi dute, baina nola azaldu haurrei horrelako egoera korapilatsu bat? Haien eskolako lagunak normal bizi dira.

Lagun batzuek utzitako etxalde batean konfinatuta daude hiritik urrun. 10 urteko haurrak lagunei telefonoz deitzeko itzelezko gogoa du. Buruz dakien telefono zenbakia markatu besterik ez du bere lagun minarekin hitz egiteko, baina ezin du.

Artean, sasian dabilen gazte bat ere aterpean hartuko dute, eta elkarrekin biziko dira, eguneroko zereginetan bat eginez. Momentu latzenetan ere irri egiteko gaitasuna erakutsiko dute pertsonaiek. Aita-semeak joko batean jolasean aritzen dira, eta, haurrak, ehunka herrialdez osatutako mapan, dena galdua dirudienean, Kamtxatkako penintsula beti salbatzen dela ikasiko du. Hortik, filmaren izenburua.

Argentinarrek bezala, etxe zuloan sartuta egon beharra zer den ongi dakite milaka euskaldunek. Badakigu pare bat hilabete etxean egoteagatik ez dela mundua amaituko, baina une gogorrak ere bizi beharko ditugu.

Koronabirus madarikatuak eraman zuen Antxon. “Kamchatka” filmak kontatzen duena, lehen pertsonan bizi izan zuen. «Egun gaizto eta malapartatu batean nire jaiotze herritik urruntzera behartu ninduten mendi zoragarri hau zeharkatuz», zihoen “Zarauzko ametsen liburua” lanean. Dramarik gabe egin zuen aurrera, beste askok bezala, apal eta sotil, bihotz handiko pertsona. Doakie hemendik nire aitortza, agurrik eskaintzeko aukera gabe joan diren Kamtxatkako lagunei, eta joango direnei.