Andoni ARABAOLAZA
BERROGEIALDIRAKO MENDI FILM

Balentria baten ikuspuntu garden zein soila

Peter Mortimer eta Josh Lowell zuzendari estatubatuarrek “erraztasun” berezia dute eskalada eta eskalatzaileen istorioak uztartu eta pantailaren aurrean maisulan bat aurkezteko. Hori egin dute “Valley Uprising”, “First Ascent” edo “Alone on the Wall” filmekin. Baina bada dotorezia berezia erantsi dioten bat. Eta hori “The Dawn Wall” da. Zuzendarion zintak Tommy Caldwell eta Kevin Jorgeson eskalatzaileek Kapitain horman (Yosemite, AEB) eginiko balentria bat azaltzen digu. Hain zuzen ere, ehun minutuko pelikula horretan, bi protagonistok Kapitainen zabaldutako eta kateatutako “The Dawn Wall” bidearen “bidaia” jasotzen da. Gogoratu behar da marra hori, egun, hormatzar batean era askean eskalatu den zailena dela.

Jakina, ia mila metro luze den pareta batean filmatzea ez da lan batere erraza, baina Corey Richards zinemagile eta argazkilariak jakin izan du irudi ikusgarri horiek erabat biribiltzen. Eskarmentu handia du; bai, baina lan honetan une oro ikuslea kokapen garden zein soil batera eramaten du. Agian, obsesio baten emaitza bikaina izan da; hau da, Caldwellekin batera Kapitainen 1999. urtean hasi zuena. Horregatik, ziur aski, mendi zinemaldi askotan saritua izan da.

Ez dago dudarik eskalatzaileei bideratutako proposamen bat dela. Baina, era berean, ausartuko gara esaten aditua ez den publiko orokorra harrapatuta gera daitekeela. Gauza bera gertatu zitzaien murruaren oinarrian dauden zelaietara bertaratu ziren ikusleei. Bai, makina bat lagunek Caldwell eta Jorgeson “The Dawn Wall” marran egiten ari ziren lana bertatik bertara jarraitu zuten.