Amaia U. LASAGABASTER
Entrevista
OIHANE VALDEZATE
ATHLETICEKO JOKALARIA

«Amets asko bete ahal izan ditut azken hilabete hauetan»

Konfinamenduaren ondorioz festa familiartera mugatu behar izan badu ere, ospakizun bikoitza izan du azken egunotan Oihane Valdezatek. Apirilaren 10ean 20 urte bete zituen eta hiru egun beranduago, Athleticekin debuta egin zueneko urteurrena etorri zitzaion. Oso azkar pasa eta bizipenez, ilusioz eta ezagutza berriz beteak egon diren hamabi hilabete.

Errutinara bueltatzeko irrikatzen dago Oihane Valdezate. Eta ez da harritzekoa, errutina horrek Athleticeko lehen taldeko jokalari –nahiz eta oraindik filialaren fitxa izan– bilakatu baitu azken urtean.

Orain dela urtebete debutatu zenuen, Joseba Agirreren eskutik. Eta ordutik aurrera, etengabe etorri zaizkizu gogoratzeko moduko uneak. Lezama, Kopa, San Mames...

Bai, gauza asko. Egia esan, luzeena egin zitzaidana Lezaman debutatzea izan zen. Iazko partida biak kanpoan jokatu nituen, aurtengo denboraldiko hasierakoak ere... Gogo asko nituen Lezaman, zaleen eta batez ere familiaren aurrean debutatzeko, eta azkenean irailean amets hori ere bete ahal izan nuen. Gero beste asko etorri dira. Gola, hori ere kanpoan izan bazen ere, debuta Kopan, San Mamesen jokatu... Gauza asko, gauza on asko bizi izan ditut urte honetan.

Ametsak asmo handikoak dira beti baina, bere osotasunean betetzeko lan egin arren, zer puntutaraino espero zenuen hain gazte izanda eta hain denbora gutxian hainbeste gauza lortzea?

Egia esan, ez nuen batere espero. Hilabete hauetan etorri zaidan guztiak ustekabean harrapatu nau. Beharbada debuta zen lortzeko errazena edo azkarren heltzeko modukoa ikusten nuena, denbora neramalako lehen taldearekin entrenatzen. Baina gainerako guztia... Amets egin bai, lan egin ere bai, baina hain azkar lortu ahal izango nuela ez nuen uste.

Bizi izan dituzun une horietatik guztietatik zein da bereziena?

Denak! Ia ezinezkoa da bat aukeratzea. Baina nahitaez egin beharko banu, seguruenik San Mamesen jokatzea izango litzateke. Txikitatik nuen ametsa zen. Txikia nintzenean, taldeak San Mamesen jokatzen zuenean ikustera joan eta pentsatzen nuen nola gustatuko litzaidakeen niri ere zelai hori zapaltzea. Amets handia zen eta, zorionez, bete ahal izan dut. Baina gainerako guztiak ere handiak dira, adibidez, Kopan jokatzeak ere sekulako ilusioa egin dit. Eta, noski, zale gisa miresten nituen jokalariekin batera jokatu ahal izatea.

Hala ere, une zehatzak baino, beharbada urteak eskaini dizun garrantzitsuena Angel Villacamparen planetan postu bat bereganatu izango litzateke?

Bai, horrela da. Are gehiago entrenatzaile berria zela kontuan hartuta. Nik Joseba Agirrerekin debutatu nuen eta ez nekien zer-nolako aukerak izango nituen entrenatzaile berri batekin, nire ibilbidea ezagutuko ote zuen, aukerarik emango ote zidan... Aldi berean, denok zerotik hasi ginen nolabait eta alde horretatik baikorragoa nintzen.

Argi utzi du gazteekin jokatzeak ez diola beldurrik ematen.

Argi dago, bai. Ustekabean harrapatu nauela aitortu behar dut, ez nuen espero. Eta eskertzekoa da, noski.

Berarekin zelai erdian ikusi zaitugu batez ere, baina aurretik hainbat postutan aritu zara.

Gustura nago denetan, baina nire postua zelai erdian dago. Hor hasi nintzen txikitan. Gero aurrean jarri ninduten, Lezamara heldu nintzenean ere bai. Zentral bezala ere jokatu nuen eta azkenean zelai erdian kokatu ninduten berriro eta hor jarraitzen dut. Denetan nago gustura, bai defendatzea eta bai erasotzea ere gustatzen zaidalako, baina batez ere zelai erdia daukat gustuko, beharbada hor gauza biak egiten direlako.

Puntan eta defentsan probatzearena zure alturaren (1,80) ondorioa izango zelakoan nago. Baina Oihane Valdezate neska luze bat baino gehiago bada.

Nik ere uste dut altuerak postu desberdinetan probatzeko aukera eman didala, aireko jokorako, erasoan edo defentsan, garrantzitsua izan daitekeelako. Argi dago hori baino gehiago eskaintzen saiatzen naizela, adibidez, abiadura eta indarra dauzkadala uste dut eta zelai erditik jokoa ondo ikusten dudala. Baina gaztea naiz eta oraindik nik neuk deskubritu behar ditut nire bertute eta akatsak, gauza asko dauzkat ikasteko, hobetzeko eta demostratzeko.

Horietatik guztietatik zein da Villacampa konbentzitu duena hainbeste minutu emateko?

Zer postutan eta zer unetan zelairatu nauen ikusita, nik uste dut batez ere indarra dela. Altuera ere bai, baina batez ere indarra nahi izan duela esango nuke.

Ondorioa hor dago, 21 partida. Beterano askok ez dute hainbeste jokatu.

Bai, ezin dut kexarik eduki. Asko jokatu dut, amestu nezakeena baino askoz gehiago.

Eta, hala ere, oraindik filialeko fitxarekin. Kontratua 2022ra arte daukazula kontuan hartuta, hurrengo urratsa hori da, lehen taldeko fitxa eskuratzea?

Gustatuko litzaidake, noski.

Helburu garrantzitsua bai, baina ez da izango epe laburrean daukazun bakarra, denboraldia ez baita amaitu. Orain arte entzun diren aukeren artean zein izango litzateke onena zuretzat?

Egia esan, ez dakigu zer gertatuko den, ziurgabetasun handiko egoeran gaude. Futbolean eta orokorrean, gizartean. Guk entrenatzen jarraitzen dugu etxean bada ere, lehiaketa noiz bueltatuko den edo bueltatuko ote den ere ez dakigun arren. Baina oraindik lehiatzen jarraitu ahal izateko ilusioa daukagu taldean. Denboraldia amaitzea gustatuko litzaidake.

Batez ere Kopagatik izango dela suposatzen dut. Ilusio handia zegoen taldean.

Horrela da. Lan asko egin dugu finalerdietara heltzeko eta gainera orain arte irabazi ezin izan dugun txapelketa da. Beste urrats bat egiteko eta finalera heltzeko gogo handiarekin geunden, sekulako gogoak dauzkagu jokatzeko. Baina, zoritxarrez, une honetan ez dakigu ziur zer gertatuko den.