Asier AIESTARAN
Arrauna

TKE Liga koronabirusari aurre egiteko protokoloa lantzen ari da

Traineru Kluben Elkarteak (TKE) jakinarazi duenez, estropadak izango dituen uda bati begira lanean jarraitzen du, eta helburu hori lortzeko bilera telematiko bat egin zuten atzo goizean elkartea osatzen duten hamabi klubetako ordezkariek eta Zuzendaritza Batzordeko kideek.

Saio horretan, Juan Jose Badiolak, Elkarteko Mediku Zerbitzuen eta Dopinaren Aurkako Zerbitzuen arduradunak, hartu zuen parte, klubetako medikuekin batera, COVID-19aren aurrean jarduteko protokolo bat lantzen aritu ostean. Argi utzi dute, hori bai, agintariek une bakoitzean diotena errespetatuko dutela eta eurekin elkarlanean ari direla.

Badiolak aurkeztu zuen dokumentuan Eusko Label Liga eta Euskotren Ligako arraunlariek jarraitu beharreko neurriak eta protokoloak jorratzen dira, «agintariek kirol jarduerara itzultzea ahalbidetzen duten unetik bertatik ‘0 kutsatu’ premisa nagusia lortzeko».

Ligako ordezkariek ez dute protokoloaren xehetasunik zehaztu nahi izan, oraindik zirriborro bat besterik ez dela argudiatuz eta datozen egun edo asteetan aldaketak egon daitezkeelako, baina GARAk jakin ahal izan duenez, “0 kutsatu” helburu hori lortzeko ezinbestekoa izango da testak egitea arraunlari guztiei.

Gogoratu behar da TKE Ligak joan den apirilaren 4an egindako batzarrean onartu zuela aurtengo kirol egutegia. Printzipioz, denboraldiak 19 estropada jardunaldi izango lituzke, ohiko guztiak eta ekainaren 28an hasita, baina osasun egoeraren arabera aldaketak aurreikusiz: hasiera atzeratu daiteke esaterako, baina betiere lehen estropadaren aurretik taldeei entrenatzeko bi aste utziz eta gutxieneko estropada kopuru bat ziurtatuz –hamabi jardunaldi Eusko Label Ligan eta zortzi Euskotren Ligan, ohiko bi play-offak gehituz–.