Amaia EREÑAGA
BERROGEIALDIRAKO ERAKUSKETAK

Argazkilari bat izurritean barna

Covid-19 birusari aurre egiteko berrogeialdia ezarri zenetik, Madrilen errotuta dagoen Clemente Bernad argazkilari nafarrak egunero erritu berbera egin izan du; etxeko atetik atera, hirian barneratu eta bertan aurkitzen zuen guztia jaso ondoren, etxeratu. Egoera arruntean interes handirik ez lukete izango irteera horiek, baina orain bai, gaur egun azpimundura egindako bidaiak diruditelako. Dena estaltzen duen giro arraro horrek hain ezagunak egiten zitzaizkigun txokoak arrotz bihurtu dizkigulako. Bernaden objektiboak oinaze hori aurkitu du, dolurik gabeko gorpuen oroitzapenak poesia ukitu mingotsa duten irudiotan... apirilean zehar Reina Sofia museoan online ikus daitezkeenak. Guztiak, zuri-beltzean.

Clemente Bernadek egindako beste lan bikainen artean hauek aipa daitezke; euskal gatazka protagonista duen “Basque chronicles” (1987-2015) eta oraindik bukatzear duen eta buruko min dezente (epaiketa eta guzti) sortu dion gerra zibileko hobi komunen inguruko proiektu handi bat.