GARA
DONOSTIA

Bertsozale Elkarteak 45.000 euro bideratuko ditu plaza digitaletara

Martxoaren 15ean osasun alarma piztu zenetik gure bizitzako gauza asko gelditu dira bertan behera, baita kultura arloan ere. Bertsolaritza izan da horietako bat, eta egunak aurrera joan ahala plaza berriak asmatu behar izan dituzte.

Bertsozale Elkarteak bere aurtengo egitasmoa aurkezterakoan ez zuen egoera hau kontuan hartu eta orain egitasmoa zein aurrekontua berrikusi beharko duela iragarri du. Elkarteak esku artean zituen proiektu asko bertan behera gelditu dira, edo atzeratu edo moldatu egin behar izan dituzte.

Ohiko bertso plazak berreskuratzeko asko falta dela jakinda, 45.000 euro bideratzea erabaki du plaza berriak egokitzeko, bertsolaritzaren ikusgarritasunari eusteko eta bertsolarien egoera zaurgarria leuntzeko.

Izan ere, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren datuen arabera, 2019an 1.644 saio egin ziren Euskal Herrian. Horietako gehienek, 1.215 saiok, bertsogintza izan zuten ardatz, dela jaialdi, dela lagunarteko, plaza libreko zein txapelketa. Gainerakoak, 400etik gora, saio bereziak, esperimentalak, didaktikoak edo hitzaldiak izan ziren. Oro har, urtez urte kopuru hori mantendu egiten da.

Aurten ere, aurreikuspenak antzerakoak ziren, lehenengo bi hilabeteetako saioetan gorakada txiki bat izan bazen ere –urtarrila eta otsaila normalean hilabete «osoenak» izaten ez diren arren–. Hala ere, koronabirusaren berri izatean egoera errotik aldatu zen, eta otsail bukaeratik apirilera saioak guztiz murriztuz etorkizun ilun bat agertu da, dena zintzilik dagoelako. Martxoan 195 saio aurreikusten ziren, eta 53 gauzatu dira. Iaz, apirilean 122 saio egin ziren, maiatzean 162 eta ekainean 179.

Horietako asko, zuzenean, bertan behera gelditu dira: Bertso Udalekuak eta barnetegiak, Haizea dator, Sakontze Bertso Eskola, Eskolatik Plazara, Plazara!, Bertso Eskolen Egunak, bertsulari ttiki eta elebidunen ikasturte bukaerako Besta Eguna. Beste asko atzeratu egin dituzte: Arabako Kuadrilla Artekoa, Bardoak, Bizkaiko Txapelketako Udabarriko fasea, BBK Sariketa, Eskolartekoa, Pello Mari Otaño bekako deialdia (epea luzatu zaio), Udako Bertso Eskola ikastaroa UEUn. Gutxi batzuk beste modu batera egin ahal izateko moldatu dituzte, hala nola ikastetxeetako ikasturte amaierako jaialdia edo Gizonezkoen Bertso Eskola Feminista.

Bizkaiko eta Euskal Herriko elkarteetako batzarrak ere ezin izan dituzte egin, alarma egoera ezarri zen asteburu horretan bertan zutelako jarrita bilera egiteko eguna. Elkartzeko baldintzak daudenean hitzordu berria jakinaraziko dute.

«Inondik inora espero ez genuen bat-bateko kolpea izan da», adierazi zuen Lanku Kultur Zerbitzuetako Martxa Agirrezabalak apirilaren 7an egindako elkarrizketa batean. Lankurentzat plaza oso garrantzitsua da, eta espazio hori desagertu denez, orain aldi baterako erregulaziopean daude.

Irtenbideak bilatzen

Ondorioak leuntzeko asmoz, eta gauzak bere horretara itzultzeko oraindik asko falta dela ikusirik, formula berriak bilatzen hasi dira. Konfinamendu garai honetan Internet bidezko bertso saio bereziak jarri dituzte martxan Nafarroako Bertsozale Elkartetik, hainbat irratirekin elkarlanean. Arabako Bertsozale Elkarteak, berriz, Internet bidezko lehiaketak abiatu ditu gazteen artean sormena sustatu nahian (bideoklipak eta zuzeneko lanak grabatu eta bidali beharko dituzte maiatzaren 15era arte eta sarean 23an jarriko dituzte). Ekimen horiek eredu hartuta, beste batzuk abiatuko dituzte datozen egunetan.

Epe luzera begira, bestelako formulak lantzen dituzten bitartean, Interneteko leiho hori baliatzea erabaki dute. Hala, maiatzaren 2tik aurrera plaza digitala aberastuko du Bertsozale Elkarteak Lankuren bidez hitzartuta zituen saioak sarean eskainiz, eta bertsolariei dagokien lansaria ordainduz.

Proposatutako hau guztia nola gauzatuko den argitzeko, elkarteko bi kidek azalpenak eman dituzte. Xabi Igoa, Bertsozale Elkarteko lehendakaritzako taldeko kidearen esanetan, «batetik, bertsolarientzat sormen kutxa ari gara lantzen, eta bestetik plazako egitasmoak indartzen. Antolatzaileei aukera emango diegu bertso saioekin aurrera egin eta streaming bidez eskaintzeko, eta bestetik esperimentaziorako gune bat martxan jarri nahi dugu: ‘Bidaiak’. Hau guztia Bertsozale Elkarteko baliabideekin egingo dugu eta bertsozaleek ere aukera izango duzue zuen ekarpena egiteko».

Ekarpena egin nahi duten herritarrek bide desberdinak izango dituzte, bihartik aurrera: Bertsozale Elkarteko webgunean adierazi duten telefono zenbakiaren bidez, Bizum plataformari esker, eta kontu korrontearen bitartez.

“Bidaiak” izango da, beraz, Bertsoa.eus atarian egongo den ataletako bat. Igoak azaldu bezala, esperimentaziorako txokoa izango da, inertziak apurtzeko gunea. Formatu aldean nahiz gaitegian berritzaileak izan nahi duten saioak eskainiko dira, molde desberdinetakoak, asteazkenetan.

“Potokastak” atalean bertsolari gazteei egindako elkarrizketak entzun ahal izango dira. Azken asteetan Ane Zuazubiskar, Eli Pagola, Peru Abarrategi, Aitor Bizkarra, Sarai Robles eta Aner Peritzekin hitz egin dute. Gainera, espazio honetan sorkuntza jolasez gozatzeko aukera izango da astelehenero.

Azkenik, “Plaza” gunean lehendik hitzartuta zeuden saioak eskainiko dira, online. Villabonako Subijana etxean prestatu dute grabaketa lekua, eta beharrezko osasun neurriak hartuta bertan egin ahal izango dituzte saioak osorik –zuzenean edo diferituan–, antolatzaileak erabakitzen duen egunean.

Itxaropen txiki bat eskoletan

Bestalde, Jon Agirresarobek, Bertsozale Elkarteko koordinatzaileetako batek, esan duenez, «kolpe handia izan da bertsolaritzarentzako eta mugimendurako osasun krisi honek eragin duena, batez ere plazarako eta pertsona asko biltzen zituzten ekimenetarako».

Emandako datuak zabaldu nahian, azaldu du «aurreko urteko kopuruetara mugatuz gero, plazan esaterako ekaina bitarte 600 saiotik gora bertan behera gelditu behar izan dira eta ekonomikoki 385.000 euro inguruko galerak espero dira uda kontuan hartu gabe».

Agirresarobek gaineratu du Bertsozale Elkartean ere eraginak nabarmenak izan direla. «Horren adibide da herrietako bertsoak bertan behera gelditu direla edo zenbait txapelketa atzeratu beharra. Baina, esatea ere bai, zorionez ikastetxeetako proiektua oso ondo egokitu dela egungo egoerara eta ekimenak joango garela unean unean komunikatzen nola egingo diren», adierazi du koordinatzaileak.

Asteburuan bertso saioak hasiko dira: aurrez aurre ez, online

Lanku Kultur Zerbitzuen bidez antolatuta zeuden saioak bihartik aurrera hasiko dira eskaintzen, Internetez. Hala, asteburu honetarako jada bi hitzordu jarri dituzte. Bertsoa.eus atarian eskainiko dituzte biak. Alde batetik, bihar, Idoia Anzorandiak gaia jarrita, Jone Uria, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Xabi Igoa arituko dira kantuan. 18.30ean hasiko da saioa.

Igandean, berriz, Igor Elortzaren eta Onintza Enbeitaren txanda izango da. Kike Amonarriz arituko da gai-jartzaile. Bigarren saio hau Erandioko Udalak antolatu du, eta nahiz eta plaza fisiko batean ezin den ospatu, ekitaldiarekin aurrera jarraitzea erabaki du, Internet bidez besterik ez bada ere.

Horrez gain, Bertsozale Elkarteak gogoratu nahi du telebistako bertso programek aurrera jarraituko dutela. Kasu honetan, igandean, 15.00etan, ETB1eko “Hitzetik hortzera” saioan, 1967tik 2013ra bitarteko bertsolari txapelketa nagusiak gogora ekarriko dituzte.

Ordubeteko saioan, pasadizo bitxiak kontatuko dituzte. 1967. urtean Uztapidek jantzi zuen txapela, baina lehiaketa hura ez zuen egin horrek ezagun, Xalbadorrek jasotako txistualdiak baizik. Hortik abiatuko dute txapelketaz txapelketa egingo duten ibilbidea. Gero Donostiako Belodromora eta Barakaldoko BECera joko dute, azken urteetako bertsolaritzaren festa erraldoiak gogoratuz. Bertan jantzi zuten txapela Xabier Amurizak, Sebastian Lizasok, Jon Lopategik, Andoni Egañak, Maialen Lujanbiok eta Amets Arzallusek.

Mixel Itzaina, Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi eta Unai Iturriaga izango dira hizlari. Txapelketa handi bat falta da saioan, 2017koa, hitzordurako hilabete batzuk falta zirela osatu baitzuten programa. Hala ere, oroimen ariketa egiteko aukera aparta da. GARA