Amaia EREÑAGA
BERROGEIALDIRAKO TELESAILAK

Emakumeon gogoeta «arraro» horiek

Biak ingelesak dira, eta biek, bakoitzak bere erara, emakumeen pentsamenduak lehen planoan jartzen dituzte. Pentsamendu pornografikoz beteta dago Filminen estreinatu berri den “Pure” komedia dramatikoaren protagonista. Rose Cartwright gidoilariaren eleberrian oinarritutako istorio honetako protagonista Marnie da (Charly Clive ikaragarria), eta Marnie ez dago ondo. Mundu guztia larru bizitan imajinatzen baitu, sexua egiten jo eta fuego. Etxetik, Eskoziatik, alde egingo du ea Londresen bizitza –eta burua– aldatzen ote zaion.

Londresen bizi da, era berean, “Fleabag” komediako protagonista. Beti haserre, nahiko nahasita eta sexu gose asegabea du bere protagonistak. Eta bikote erlazioekin pixka bat nahastuta dabil. “Fleabag” Amazon Primeko “altxorra” da, jarraitzaile ugari lortu dituelako estreinatu zenetik. Phoebe Waller-Bridgek sortu, idatzi eta antzeztutako bakarrizketan oinarrituta, ospetsua da “laugarren horma” apurtzen duelako etengabe; hau da, ikusleei zuzenean hitz egiten dio. Dibertigarria oso.