Maddi TXINTXURRETA

EGUNGO HIRIAK, KORONABIRUSA HEDATZEKO BUNKER PERFEKTUAK

Arkitekturak eta espazioak herritarren bizimodua baldintzatzeko ahalmena daukate. Azkartu dezakete pertsonen mugikortasuna, merkantziena, handik hona eraman bizigai eta materialak. Eta, testuinguru honetan, baita birusak ere.

Hiri eta herrien formak eta funtzioak baldintzatzen dute bertako gizarte proiektua, eta alderantziz. Hirigintzak baldintzatu dezake, beraz, gizarte batek krisi larri bati erantzuteko izan dezakeen gaitasuna. Koronabirusaren osasun krisiak, hala, azalera ekarri ditu Euskal Herriko hiri ereduaren erabilgarritasuna eta gabeziak, eta sortu du abagunea, halaber, egungo hirigintza eredua zalantzan jarri eta espazio urbano bizigarriagoak pentsatzeko. Prest al dira Bilboko San Frantzisko auzoko espaloiak pertsonen arteko distantzia bermatzeko? Lagundu al dute Gasteizko errepide-sareek azken hilabete eta erdian hain premiazkoa zen zaintza sareak osatzen? Unai Fernandez de Betoño arkitektoak egin du egoera honetan giltzarria den galdera: «Gure hiriek lagundu al dute birusari eta haren ondorioei ondo erantzuten, ala kontrakoa gertatu ote da? Datozen bestelako aldaketetarako (klima-larrialdia, bereziki) prest al daude Euskal Herriko hiriak?».

Arkitektoak dioenez, «ez da kasualitatea» hiri handiek jaso izana Covid-19ak kutsatutakoen datu larrienak. Gasteiz izan zen Euskal Herriko lehen fokua, eta honek badu azalpena. «Arabako makrozefalia (herrialdeko biztanleen % 76 bizi dira Gasteizen) ez da izan oso lagungarria birusaren aurka; hobeto erantzun du gipuzkoar lurralde orekatuagoak», argitu du Fernandez de Betoñok. Horregatik dio «deszentralizazioa» izango dela gakoetako bat auzi honetan: «Hiria pilaketa da, definizioz. Hainbat interesen pilaketa: ekonomikoak, sozialak, politikoak... Eta pilaketa horrek birusen hedapena ere errazten du. Hala ere, ezin da esan hemendik aurrera hiriak jada ez duela balio, eta kalekume guztiok arbasoen herrira itzuli behar dugunik. Hiriak birplanteatu beharko genituzke, ordea, halako aldaketa handien aurrean hobeto erantzuten lagundu diezaguten».

Bere ustez, etorkizuneko erronka bat «eskualdea erabakigune moduan indartzea izango da». «Zentzu berean –gaineratu du–, kostaldean hainbeste herritar pilatzea ere ez dirudi oso ideia ona, etorkizunera begira. EAEko biztanleen ia bi herenak bizi baitira bertan, itsasertza lurralde osoaren azaleraren %15 soilik izan arren. Euskal Herriko kostaldeko dentsitatea barnealdeko batez bestekoaren laukoitza da. Arriskutsu samarra, birus-pandemien aurrean, eta, bereziki, klima-aldaketak eragingo duen itsas mailaren igoeraren aurrean. Horretarako prestatzen hasi beharko ginateke».

Mugikortasuna

Hemen, etxebizitza blokea, hor kontsumorako egokitutako espazioa, han poligono industriala. Eta han, hemen eta hor, batetik bestera zirkulatzeko errepideak. Mugimenduan dagoen hiriaren eredu zaharra da, garraio pribatua lehenesten duen hiria. Konfinamenduak erakutsi ditu kale eta errepide hutsen argazkiak, eta iritzi publikoa berehala konturatu da errepideek Euskal Herriko hiri eta herrien espazio handiak okupatzen dituztela.

Zenbait hiritan, gomendatutako distantzia errazte aldera, udal agintariek oinezkoentzako bideak zabaldu dituzte, errepideei zati bat lapurtuz. Pandemiaren ostetik ere «betikotu» daitekeen neurria dela uste du Karlos Renedo Hiritik At kooperatibako kideak, «anbizio txikiko» neurriak ezarri direla dioen arren. Azaldu duenez, egungo mugikortasun ereduak lehentasuna ematen dio ibilgailu pribatuari (autoak eta motorrak), atzetik garraio publikoari eta, azkenik, bizikleta eta oinezkoei. Renedok dio egitura hori guztiz irauli beharko litzatekeela. «Gure hirietako agintari askok planteatzen dute oinez edo bizikletaz mugitzea aisialdirako hautu bat dela. Baina hirietan lehenetsi beharko genukeena izan beharko litzateke mugikortasun mota hori eta, hortaz, hiria horretarako pentsatu», adierazi du.

Berdin pentsatzen du Unai Fernandez de Betoñok. Bere aburuz, hirietan «herrietako baldintza sozial, anbiental eta ekonomiko positiboak» ezarri beharko lirateke. «Auzoaren eskala txikiagoan zaintzarako beharrezkoa den gertutasuna ere ondo landu daitekeelako. Mugikortasun-eredu suburbano motorizatua alboratzen ere lagunduko duen gertutasuna», agertu du.

Deszentralizazioa hiri mailan egin beharko litzatekeela uste du Fernandez de Betoñok, horretarako auzoak indartuz. «Saiatu beharko ginateke auzo-unitate mistoak planteatzen, non etxebizitzez gain lantokiak ere egongo diren, oinez eta bizikletaz eskuragarriak, sozializatzeko zentro urbano baten inguruan, gizarte-etxea eta bestelako ekipamendu publikoak bilduko dituena. Eta, auzoen artean, berdegune jarraituak, inguruko naturarekin lotuak, biodibertsitatea hirietako muinoetara sartuz, eta hiri-ortuak ere barneratuz».

Espazio urbano jasangarriagoak sortzeko hirigintzaren debatea ez du Covid-19aren krisiak ekarri, baina eztabaida areagotu du. Hiritik At-ek “Euskal Herria Pertsonentzat” izeneko manifestu bat kaleratu zuen, eta aste honen hasieran, jada ehundik gora pertsonak sinatua zuen. «Etorkizuneko pandemiei aurre egiteko, justizia sozialean aurrerapausoak emateko eta planetari eragiten dion krisi klimatiko larria indargabetzeko» xedea du manifestuak, eta horretarako proposamen zerrenda luze bat jasotzen du. Edonork ikusi eta sinatu dezake euskalherriapertsonentzat.wordpress.com helbidean.

Etxebizitzak

Koronabirusak etxebizitzaren auzia ere fokuratzea ekarri du. Etxeak norberaren eremu segurua behar luke, espazio bizigarri bat, eta guztiek ez dituzte baldintza horiek betetzen. Eztabaidagai da orain zer den etxebizitza duina, eta zer beharko lukeen pertsonen bizitza duintzeko. Konfinamendua zailduko zitzaien, ziur asko, metro karratu gutxi bizilagun askoren artean partekatzen dituzten horiei, edo kalera ematen duen leiho, terraza edo balkoirik ez daukatenei.

Karlos Renedoren iritziz, auzi hau ez da eztabaidagarria, egin egin behar da. Gogorarazi du toki batzuetan neurriak hartzen ari direla zentzu honetan, udal ordenantzen barruan etxeak «bizigarriago» egingo dituzten irizpide batzuk txertatuta. Durangon, We Are Tipi diseinu eraldatzaileko bulegoak orain bi urte udal ordenantza bat aldatzeko lana hartu zuen, eta genero perspektibarekin egin zuten. “Etxebizitzak eta bulegoak eraikitzean genero ikuspegia txertatzeko ordenantzetan” izeneko proiektuan, adibidez, ondorioztatu zuten etxeek gutxienez 3,6 metro koadroko terraza edo balkoia izan behar zutela.

«Etxebizitza ezin dugu merkatuaren logikan utzi, orain arte arlo honetan ezarri diren arauek bizi egoera prekarioak eragin dituzte», agertu du Renedok eta, horren harira, esan du ezin dela kolokan jarri etxe guztietan egon behar dela «espazio bat kalearekin kontaktu bisuala ematen duena». «Jarri beharko liratekeen arauak direla uste dut, bizitza duin minimo bat izateko», azaldu du.

Hirigintza feminista

Koronabirusaren krisiak azalera ekarri du zaintzaren krisia, eta egungo hirigintza ereduak ez du zaintza sareen sorrera erraztu. «Hiri ereduak ez daude lan erreproduktiboak, zaintza lanak, aurrera eramateko diseinatuta, lan produktiboaren perspektibatik diseinatuta daude gure hiriak. Hortaz, balio horietan eraikitako hirietan nekez eman ahalko zaio erantzuna era errazean zaintza krisiari. Zaintza krisiari ekiteko, ezinbestekoa da zaintza erdigunean jartzea, eta hirigintza arloan, espazioak eta hiriak begirada horrekin diseinatzea», esan du Maialen Arregik, Hiritik At-eko kidea bera ere.

Hala, zaintza lanak «era kolektiboan eta partekatuan» garatzeko, azpimarratu du beharrezkoa dela eguneroko beharrak asetzeko baliabideak «eskura izatea», gertu, eta «bizitza komunitarioa sendotzeko espazioak» sortzea hiri, auzo eta herrietan, publiko-pribatu dikotomia hautsita.

Arregiren ustez, koronabirusaren krisiak «bideak zabaldu» ditu, adibidez, egungo hirigintza zalantzan jarri eta birpentsatzeko. «Pertsonak erdigunean izango dituen hiri bat behar dugu, guztiontzat bizigarria izango dena, eta hori hirigintza feminista praktikan jarriz lortuko dugu. Uste dut badela momentua aukera baliatu eta hirigintza feminista lehen lerrora ekartzeko», esan du.

«Lan erreproduktiboa egiteko erraztasunak eskaintzen dituzten hiriak behar dira, zaintza lanen zama partekatzeko, arintzeko, kolektibizatzeko, baliabideak eskaintzen dituzten hiriak», zehaztu du.  

Bestalde, hirien forma eta geometriek giza harremanak baldintzatzeko daukan ahalmenaz mintzatu da Arregi, eta, zentzu horretan, konfinamenduak, bere ustez, ekarri dituen alde on eta txarrak aipatu ditu. Batetik, etxean gelditzeak gertuen ditugun pertsonak ezagutzeko aukera eman digula esan du, eta horrek, modu berean, «auzo mailan komunitatea» egiteko balio duela. Bestetik, itxialdiaren alde negatiboei begira, Arregik sentitu du «espazio publikoaren deskonkista eta mugimendu kontrola» antzeman dituela. Hirian zehar era autonomoan mugitu ahal izatea kolektibo askorentzat borroka latza izan dela dio, eta «emandako aurrerapauso horiek guztiak» bat-batean galdu egin direla. «Botere harremanen eta espazio publikoaren inguruan izan daitezkeen gatazkak, denontzako hiri justuago bat lortzeko bidean, ez dira bat ere lagungarri», esan du.