30 urte geroago, Yemen batua arrisku bizian
Yemengo Iparraldea eta Hegoaldea batu zirenetik 30 urte igaro diren honetan, herrialde arabiarra zatiketaren atarian dago. Egungo gerrak areagotu egin du 1990era arte estatu independentea izan zen Hegoaldeak salatzen duen diskriminazioa; kanpo injerientziek, batez ere Arabiar Emirerri Batuek, beren interesetan elikatu eta erabili duten egonezina.

Iparraldeko eta Hegoaldeko Yemengo bi errepubliken agintariek estatu bakarraren jaiotza iragarri zuten 1990eko maiatzaren 22an Sana hiriburuan.
Gehiengoa oso pozik zegoen orduan. «Batasuna Yemengo belaunaldi oso baten ametsa zen», gogoratzen du Saleh al-Baidhani analista politikoak.
Yemenen banaketa Britainiar Inperioari «zor» zaio, 1839an Aden hegoaldeko portu hiria okupatu baitzuen. Iparraldeak, aldiz, Otomandar Inperioaren kontrolpean jarraitu zuen.
Britainiarrek, «Divide et impera» estrategiaren maisuek, Yahya imam zaidiaren erreinua onartu zuten iparraldean 1934an, baina Aden eta hegoaldea Londresen kolonia izendatu zuten; geroago protektoratu.
Nasserren Egiptoren laguntzarekin 1962an iparraldeko militar abertzale talde batek imanatoa boteretik kendu eta errepublika eratu zuen.
Hegoaldean, britainiarren aurkako matxinadak independentzia lortu zuen 1967an. Ezkerrak boterea lortu zuen eta lehen erregimen marxista arabiarra eratu zen, Sobietar Batasunaren babespean. Nahiko erregimen irekia izan zen, batez ere Iparraldekoarekin alderatuz.
Iparraldean errepublikanoek eta erregezaleek bakea sinatu zuten 1970ean eta gobernua Saudi Arabiaren menpe geratu zen. 1972an, Yemengo Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko liskarrak hasi ziren. Mugaren alde batean zein bestean hilketak izan ziren etengabeko negoziazioen erdian.
Tirabirak tirabira, eta Sobietar Inperioaren krisi eta suntsipenaren harira, 1990ean Hegoaldea eta Iparraldea batu egin ziren. Yemengo Errepublika berria 1978an Sanan –Iparraldeko hiriburua– boterera iritsi zen Abdallah Salehk gidatu zuen. Hegoaldeko hainbat agintari politikoren babesa izan zuen.
Hala ere, Salehk laster utziko zuen albo batera Hegoaldea eta egonezina hedatu zen Adenen Sana hiriburuaren aurka.
1994an banantzen saiatu zen Aden, baina Sanak odoletan suntsitu zuen matxinada armatua. «Batasuna gaizki egin zen, Hegoaldearen kolonizazioa baino ez zen izan», dio Hussein Hanachik, Adenen ikerketa zentro bat gidatzen duenak. Adituak gogora ekartzen duenez, «Hegoaldeko enpresak itxi eta Iparraldeko enpresa gizonen esku utzi zituzten. Bitartean, lur komunak Saleh presidentearen ingurukoek eskuratu zituzten».
2007-2008 urte bitartean, jendea kalera atera zen Hegoaldeko hiri eta herrietan errespetua exijituz. «Hegoaldeko mugimenduaren» sorrera izan zen.
Mugimendu horrek lehengo sozialistak eta egungo islamistak, independentistak eta autonomistak bildu zituen.
Horiek horrela, 2011n Saleh boteretik bota zuen Udaberri Arabiarra iritsi zen. Abd Rabbo Mansour Hadik, hegoaldekoa bera, hartu zuen lekukoa baina ez zituen onartu –edo Saudi Arabiak ez zion utzi– Hegoaldearen eta zaidien huthi mugimenduaren aldarrikapen federalak. Huthiek egoera profitatu eta 2014an Sana hiriburuan sartu eta boterea hartu zuten.
Huthiek Iranen babesa eta laguntza zuten eta Riad 2015ean buru-belarri sartu zen gerran.
Ez zen bakarra izan. Arabiar Emirerri Batuek (AEB) gauza bera egin zuten eta Saudi Arabiarekin duten barne lehian aukera ezin hobea ikusi zuten Hegoaldearen egonezinean.
2017an Adengo gobernadore Aidarous al-Zoubaidi kargutik bota zuen Hadiren erbesteko Gobernuak, haserrea areagotuz. Hegoaldearen Trantsizio Kontseilua (HTK) eratu zuen, Abu Dhabiren babespean.
2018an Emirerriek Sokotrako irla estrategikoa okupatu zuten momentuan Hegoaldeko indarrek Adenen dagoen Hadiren gobernu egoitza indarrez hartu zuten, eta presidenteak eta bere ministroek Riadera bidea hartu behar izan zuten.
Iaz berriro ere liskarrak hasi ziren Gobernuaren eta Hegoaldearen artean. 2019ko azaroan Riadek «bake akordio» bat sinatu zuen, baina paper-hutsa da eta inork ez du dagokiona bete.
Aurtengo apirilaren 26an Hegoaldearen autonomia iragarri zuen HTK-k. Joan den maiatzaren 11n bi aldeen arteko liskarrak hasi ziren Abyane Hegoaldeko eskualdean, Al Qaeda indartsua den zonaldean.
Bere garaian Yemengo azaleraren bi herenak hartzen zituen Hegoaldeak, populazioaren %20ra iritsi ez arren. Egun Aden hiria eta hegoaldeko hainbat eskualde kontrolatzen dituzte.
Hego-mendebaldea Tarek Saleh jeneralaren esku dago, presidente izan zenaren iloba.
Huthiak Sana eta iparraldeko hainbat eskualdetan jaun eta jabe dira. Hadiren gobernuak Marib eta ekialdeko probintzia bakan batzuk ditu alde.
Horrela, bada, bi aukera baino ez dute aurreikusten analistek eta Yemengo gobernukideek: Yemen zatitu bat edo Yemen federala akordio baten bidez. Eta horrelako akordio bat zaila da gerra egoera honetan.
Argi dagoena zera da. Duela 30 urte sortu zen Yemen ez dela. Behin ere izan bada.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
