Andoni ARABAOLAZA
MENDIKO KULTURA

CVCE-k sorkuntza bultzatzeko egitasmo berria abian du

Talde donostiarrak CVCE-Errimaia mendiko ipuinen lehiaketa antolatu du. Heldu den larunbatean, berriz, CVCEPhoto lehiaketaren sari-banaketa egingo du.

Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak beti “ezustean” harrapatzen gaitu. Nahiz eta covid-19ak krisi larria eragin duen, mendi talde horrek ez du asmorik etenik egiteko. Bizkar-zakuan bi egitasmo garrantzitsu dituzte. Bata, berria; bestea, berriz, gure artean sei urte daramatzana.

Lehendabizikoarekin hasiko gara; izan ere, sorkuntza literarioa bultzatzeko CVCE-Errimaia mendiko ipuinen lehiaketa antolatu du. Euskaraz zein gaztelaniaz idazten dituztenentzat zuzenduta dago, eta lanak aurkezteko epea ekainaren 1ean zabalduko dute. Itxi, aldiz, urriaren 15ean. Gaia, esan bezala, mendia izango da, baina zentzu zabalean: kirola, etnografia, historia... Lehiaketaren oinarrietan (www.vascodecamping.com) irakur daitekeenez, gehienez 10 orrialdetako lanak aurkeztuko dira. Eta irabazleek, euskarazkoak zein gaztelaniazkoak, 800 euro jasoko dituzte.

Mendiko ipuin lehiaketa honen ordezkari den Juancar Sanzekin hitzordua jarri dugu, egitasmo berria era sakonagoan ezagutzeko: «Mendi talde handi bat gara, eta gure bazkideak mendiarekin lotuta dauden adar guztiekin oso interesatuta daude. Zuzendaritza-batzorde berrian sartu ginenok saltsa ezberdinetan sartzeko ilusioa eta gogoa dugu, eta lehiaketa hori oinarri horretatik sortu da. Gure aldizkarian, ‘Errimaia’-n, oro har mendiko jardueren inguruko lanak argitaratzen ditugu. Eta horiekin batera, zenbaki bakoitzean ipuin bat. Fikzioa, alegia. Horrekin aldizkariari ukitu fresko bat ematen diogula iruditzen zaigu».

Mendiko kultura

Izenburu txiki horri tira egiten badiogu, ikusiko dugu donostiarrek ez diotela soilik ariketa fisikoari edo kirolari lehentasuna ematen. Sanzen hitzetan, mendizaletasuna askoz ere gehiago da: «Mendia kultura da, eta mendizaletasunak kirolaren mugak gainditzen ditu. Hastapenetatik tradizio literarioa izan du. Eta zuhaitz horrek adar ezberdinak ditu: zientzia, esplorazioa, abentura, ekologia, historia, etnografia, ekonomia... Eta hori ezin dugu ahantzi».

CVCEkoek lehiaketa horrekin aurreneko urratsa egin dute, eta mezu argi bat helarazi nahi dute: «Jendea idatz dezan animatzen dugu, aitzakiak eta konplexuak alde batera utziz. Konta ditzatela buruan dituzten istorioak. Bai, ipuinak fikzioarekin lotuta daude; hots, errealitatearen simulazio bat besterik ez dira. Aska ditzatela mendiak buruan sortzen dizkien fantasiak!».

Hein batean, bederen, mendi talde honek abian jarri duen egitasmo berri honek mendiko literaturan hutsune bat betetzeko asmoa du. Eta, jakina, hori baloratu eta txalotu egin behar da. Sanz ere iritzi berekoa da: «Arlo horretan defizit bat dago. Eta ekimen honekin mendiko literatura bultzatu nahi dugu. Batez ere, euskaraz idazten dena. Horrekin erronka handia dugu: fikziozko mendiko literatura apenas idazten den. Jatorrizko testuak nahi ditugu; itzulpenik, ez».

Eta lehiaketa honen nondik norakoak biribildu ostean, “etxe” horretan bertan antolatutako beste bat aipatu behar dugu: CVCEPhoto. Hots, mendiko argazkilaritza lehiaketa. Seigarren aldia du dagoeneko, eta hilaren 30ean egingo da sari banaketa. Aurtengoa, jakina, berezia izango da oso. Eskuarki, lehiaketa honen ekitaldia Donostiako Antzoki Zaharrean egiten da, baina koronabirusaren krisiak bideo bitartez egitera behartu du: «CVCEPhoto webgunearen Facebook edo Instagram bitartez ikus daiteke. 19.00etatik aurrera saritutako argazkiak eta horien egileak ezagutzeko aukera izango da».