Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Naturan Oinarritutako Irtenbideak!

Bada bai, horixe. Dena ez, baina asko behintzat berria da, berria dugu, pandemia-aldi zer honetan. Horra! Gure gorputz-atal batzuen zergatia hasia naiz ulertzen, amak munduratu eta hainbat hamarkada beranduago, ez da txantxa gero! Bai, belarriez nago. Betidanik izan dut jakin-min hori, zer funtzio betetzen duten jakitearen mina izan ere. Demontre! Ez nago entzumenaz, ez horixe, kanpoko belarriez nago, nire kasuan sikiera atzamarrez erraz tolestu daitezkeen kanpoko forma horiez. Ez naiz ni, ez, bertsolari izateko jaioa! Beti pentsatu izan dut haize handiko egunetan efektu aerodinamikoa zutela, besterik ez. Abisua eman behar dut, badaezpada, betaurrekorik ez dudala erabiltzen. Baina hara! Birala bihurtu den birusa etorri eta azkenean jakin dut zertarako ziren nire belarriak! Maskarari eusteko! Harrapa ezak/n! Irak/n!

Nahiz eta, aitortu behar hau ere, balizko bestelako normaltasun berriari begira bestelako betaurrekoak beharko ditugunez ohituratu beharko naiz belarriak helduleku hartzen. Betaurreko berriak, bai, motzean dena zein luzean izan daitekeena aurreikusteko modua emango digutenak. Izan ere, azken asteotan hamaika agiri sinatu ditut, betiere barrikadaz aldi beretik etorriak, jakina, irakurri egiten baitut eskuari sinatzeko baimena eman aurretik! Denetan dago bestelako bideak hartu beharra, nahiz eta denetan hain argi azaldu ez bihar goizean egin beharrekoa… Trantsizio barik ez baita eredua aldatzerik! Nahia ez da nahikoa!

Total, aurtengo hondartza-aldia auskalokoa! Seguru dena da, aurten ere hareak murriztuta izango duela eguzkitan egoteko berezkoa duen eskubidea. Zelan kontrolatu edukiera… hori ei da kezka, kameraz? droneaz? 4.0z? Nik, Naturan Oinarritutako Irtenbideak gogoan, zera, marrazoak ugarituko nituzke hareatzetan… neurriko edukiera berez kontrolatu baietz!