Maider Eizmendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Arnasa

Heriotzak dozenaka kontatzen ari ginela munduratu da eta bere buruaz eta munduaz kontzientzia hartu eta hura ulertzeko giltzak eskatzen hasten denean gurasoek zer egoera berezian jaio zen azaldu beharko diote ezinbestean, seguruenik, hura azaldu gabe ezin izango dutelako inguratzen duen hori behar bezala azaltzen asmatu. Jaiotzeko uneaz ari zela esan zidan erditu berri den amak maskara jarrita zuela ikusi zuela lehendabizikoz bere alabatxoaren aurpegia. Ziur, une horretan gutxienekoa zela, baina ahoa estalita erosketak egitea ere zaila bada...

Arnasketaren inguruko ikerketa batean irakurri dut, egunean, batez beste, 20.000 bat alditan egiten dugula birikak puzteko keinu hori, baina ez ditugula behar beste betetzen, haiek duten kapazitatearen erdia baino gutxiago ere ez dugulako baliatzen. Sakon arnasteko, diafragma uzkurtu behar da eta jaiotzen garenean sabela puztu eta arnasaldi luzeak egiten baditugu ere, urteak bete ahala, ohitura hori galtzen dugu eta bular-kaxa puztuta soilik, arnasaldi labur eta arinak eginez bizitzen ikasten dugu, are gehiago arazo edo ardura batekin sabela korapilatuta dugunean, orduan are eta konplikatuagoa delako birikak zabaltzea.

Arnasketa oso lotua dago patxadarekin, zenbat eta lasaiago egon, orduan eta sakonago arnastu dezakegu eta, kontrakoa, zenbat eta sakonago arnasa hartu orduan eta lasaiago senti gaitezke. Uste dut maskarek arinak ziren arnasaldiak arindu ditzaketela: batetik estalkiak berak arnasa itxuraldatu dezakeelako, hodi batekin ur azpira sartzen denak egokitu bitartean sentitzen duen larriaren parekoa eragin dezakeelako; eta bestetik, oihal hori larriaren irudi bilakatu delako, egoeraren berezia parez pare jartzen digu eta.

Geratzeko etorri da, jada moda irizpideen baitara egokitzen ari den osagarri bilakatu bidean dago eta, baina asmatu beharko dugu hura jantzi eta ondo arnasten, une hauetan agian inoiz baino beharrezkoagoa delako behar bezala arnasteko pentsatzea eta behar bezala pentsatzeko arnas luzean aritzea.