05/06/2020

Don Draperri agur... eta gero arte
Amaia EREÑAGA

Mad Men” telesaila berreskuratzeko asmoa bazenuten egun hauetan, berandu zabiltzate, Netflixen eskaintzatik desagertuko baita. Eta telesailen maratoiren bat egiteko asmoa baduzue, jakin ezazue telesail hau aproposena dela. Ez ditu merezitako sari guztiak jaso, baina grabatu den onenetarikoa dela esango nuke... eta kritikari asko nirekin ados egingo lirateke, Matthew Weinerrek asmatutako telesail hau altxor bat delako. Ekainaren bukaera arte, eta urte dexentetan Netflix plataformako “diamantea” izan ondoren, irailaren 9tik aurrera Movistarren soilik ikusi ahal izango da. Don Draper eta bere publizitate bulegoko lankideekin batera, AEBetako eta, oro har, munduko gorabeheren berri eduki ahal izan dugu. Zazpi denboraldiz eta 92 atalez osatuta, 2007ko uztailean estreinatu zen AMC katean. Handik, planetara.