Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Egutegiak muga!

Egia esateko, ez dakit zein puntutan garen «oronabirus» horren bidean: puntu batean garela bai, badakit, baina ez dakit den puntu eta bereiz, puntu eta koma, puntu eta jarrai, edo eten-puntuak diren, eta puntu! Jainkoak berak baleki! Eusko Alderdi Jaurlaritzak baleki! Total, buruaren bazterrak nahastuta dauzkat, buruaren erdia bera beste, eta ezin ideiak antolatu; kaosak bizi nau. Horra, kasurako, mugena! Horixe bai kristoa! Ez dago hori ulertuko duen mugalaririk! Mugak ireki aurretik berriro itxi! Non edo non entzun dudanez, muga-hesiak botaka ikusi dituzte nonbait, hainbeste gora eta behera antzutan egon ondoren.

Baina nago ni, mugetan mingarriena, nork bere buruan dauzkanetatik aparte, lurralde bereko mugena dela. Izpegiko gaina, kasuko, gogoan! Euskararen berdeak batzen ditu alde biak; are gehiago, alde bi direla esaterik ere ez da, lur jarraitua delako... euri-ura bera ere zalantzan egoten da sarritan, zein aldetara isurtzeko dudan, baina berdin da, Kantauri itsasoak batzen baititu urok lehenago edo geroago. Baina muga hor, gaur-gaurkoz! Izadi eta izaki bera alde bietan, baina egutegi desberdinak... Egutegien hesi birtuala muga fisiko bihurtua!

Ama! Oraindik ez naiz enteratu zertan izango den berri ditxosozko normaltasun berria! Eta ez pentsa, eskolatua naiz! Total, normaltasun zaharretik zer kenduko eta berrira zer ekarriko, ideiarik ez daukat! Hiztegi gizajoa, pazientzia gero zurea! Aurreko krisi-sortatik gentozela, Zaldibarreko zabor-luizitik pasatuta (gorpu biak gogoan iltzatuta), klimarena ere bidaide, pandemiara heldu... eta puntu honetan gaude, eta ez galdetu zein puntu den, mesedez. Kontua zera da, irakite-puntua izan beharko lukeena izozte-puntuan ez geratzea... Ezin ahaztu historia geuk idazten dugula, eguneroko gurpilean.