Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Hiztegia argituz doa…

Udan gara. Eta, udan, udakoa. Hondartza? Batek daki! Aurten semaforoaren koloreak gidatuko du hareatzetako sartu-irteneko trafikoa. Udako ikastaroak? Antza bai, hurbileko eduki batzuk nahi dituzte urrutitik eztabaidatu, birusak eragindako normaltasun zaharrean; azalekoa zulatu eta muinerainoko edukiak izango ote? Batek daki! Hortaz, udazkenean jakingo udako ikastaroen ekarpena bestelako normaltasun berriari. Amen!

Bitartean, kosta ahala kosta, banoa hiztegiaren berba berrien esangura ezagutzen. Oraindik ere, ‘‘gobernantza’’ zer demontre den ez dakidan arren, jakin badakit sikiera ‘‘aldebikotasuna’’ zertan den. Eta ondo pentsatuta, zentzuzkoa dirudi: alde biren maila bereko tasuna! Halere, zalantzan izan naiz orain arte zein alde bi ziren, baina jeltzaleek argitu berri didate horren adiera: Euzkadi eta? Kantabria, prefosta! Horra ditxosozko aldebikotasuna! Harrapa ezak/n! Irak/n! Eta ausartak gero jeltzaleak eta jelkideak, zer eta muga gainditu! Hamaika ikusteko gara gero! Hori bai, Kantabriak hondartzak ditu! Nafarroak balitu! Ama, ama! Agintariak, bata eta bestea, saiatu dira muga horretan antzezten Ipar eta Hego Koreako agintarien garai bateko topaketa hura, baina maskarekin! Auto-gobernua alegiazkoa, auto-ilarak benetakoak! Ene, ene! Jaurlaritzaren auto-zer horrek Renove plana behar du!

Hara non, Ajuriaeneko maizterraren esanetan, besteok ez dakigu datu ofizialak ondo erabiltzen! Kexu ageri da horretaz. Hori ere esatea pulpituko horman 39. zenbakia iltzatuta duenak! Legebiltzarrean egonkortasuna dakarren zenbaki magikoa! AHTk eragindako gainkostuak ondo ulertzen ez dakigula? Aurrekontuetako kontuak ere ez? Eta pandemiakoak? Tira, bestelako harira! Hiztegia bakarrik argitzen joan ez, alfabetoa bera ere joan badoa, argitzen! Berria ez bada ere, argiago geratu da X zein den… Udako ikastaroko gaia!