01/07/2020

Iluntasunetik argitasunerako bidaia osatu du Miren Agur Meabek

«Begiak zerumugan» (Elkar) 68 poema eta 48 aforismoz osatutako liburua da. 2003tik 2020ra idatzitako testuak berreskuratu eta sailkatu ditu Miren Agur Meabek, eta gero Ane Pikaza ilustratzailearen arteari esker sortu nahi zuen bidaia onirikoa osatu du. Bere lekua bilatzen ari den ibiltari baten pausoak jarraituko ditugu lau ataletan zehar, azkenean bilatzen ari den horrekin topo egiten dugun arte. Adin guztietako lagunei zuzendutako liburua da.

Nagore BELASTEGI
0701_kul_meabe

2003tik aurrera idatzitako 200 poema inguru zituen Miren Agur Meabek gordeta. Horiek berrikusi, sailkatu eta aukeratu bat egin ondoren, 68 bildu ditu “Begiak zerumugan” liburu berrian, Ane Pikaza ilustratzailea bidelagun hartuta.

Antxiñe Mendizabal Elkar argitaletxeko editoreak atzo Internet bidez egindako aurkezpenean azaldu zuenez, iluntasunetik argitasunera egindako ibilbide bat da poema liburua, poesia irakurtzera ohituak ez dauden helduei zein poesia irakurtzen hasten diren haurrei eta gazteei zuzendutakoa, alegia, adin guztietako irakurleentzat aproposa. «Lehenengo orrian haize-arrosa bat dago, norabidea sekula ez galtzeko –adierazi zuen–. Hortik hasita, lau ataletan zehar pertsonaia baten pausoak jarraituko ditugu».

Liburuaren amaieran Pikazak egindako «horma irudia» dago, liburutik askatu daitekeena mapa moduan erabiltzeko, irakurtzen gauden bitartean ibilbidea ikusiz.

Meabek, bere aldetik, azaldu zuen poemak antolatzean ez zuela bilduma soil bat izatea nahi eta, horregatik, zentzu bat ematea erabaki zuela. «Azken hamabost urteotan Irrien Lagunak klubaren aldizkarian edo beste argitaletxeekin argitaratutako poemak dira; badakizue generoak nahastea gustatzen zaidala. Bada, horiek galtzea pena ematen zidan», adierazi zuen idazleak.

Bidaiaren lau atalak

Lau atal osatu ditu eta bakoitzean pertsonaiaren ibilbidea jarraitzeko gakoak ematen ditu. “Har ezazu fardela” da bidaiaren hasiera, leku aldaketaren premia adierazten duena. «Fardelean askotariko emozioak daude: poza, etsipena, beldurra, mina… edozein gizakik bere bidean garraiatutako zamak», esan zuen.

“Argi-itzaletan mela” da bigarren atala, bidean aurki ditzakegun zailtasun, zalantza, nekeei erreferentzia egiten diona. «Bidaia behin hasita ez dago gelditzerik», aipatu zuen idazleak. Hirugarren zatia da “Arimaren arbela”. Arbela hori zeruaren metafora bat da eta hausnarketara, kontenplaziora eta ikasketara gonbidatzen gaitu. Izan ere, ibiltaria askatasun bila dabil bere lekua konkistatzeko.

Azken atalean, berriz, “Han hemen marinela”, ibiltariak zeharkatu dituen askotariko espazioak ikusiko ditugu. Amaierako poemak “Izan” du izena, eta ordura arte bizitakoari zentzua ematen dio, pertsonaia bilatzen ari zen horri buruz hitz egiten duelako: izatea. Tartean 48 aforismo topa ditzakegu. Meabek horiei «mapa txikiak» deitzen die, uste duelako «norberaren baitan dagoen geografia» markatzen dutela.

Ane Pikazari enkargua poemen aukeraketa egin ostean iritsi zitzaion. Guztiak irakurri eta ideia pila bat etorri zitzaizkion burura, baina ezinezkoa zen 2.000 irudiz osatutako liburua sortzea. Hala, zabalgarri bat egitea erabaki zuen poemen osotasuna irudikatuko zuena, baina ideia hori ere baztertu egin zuen eta beste ideia batzuk lantzen hasi zen.

Elkarrera bere lana erakustera joan zenean baztertutako ideiak ere erakutsi zituen, eta, Antxiñe Mendizabali eta Miren Agur Meaberi zabalgarriaren ideia asko gustatu zitzaienez, berreskuratu egin zuen. «Erronka izan da osotasuna adierazten duen baina era berean atal bakoitzari erreferentzia egiten dion ilustrazioa egitea», kontatu zuen marrazkilariak. Era berean, konfinamenduan zehar egin duen lana izan denez, uste du nahi gabe berak sentitzen zituen gauza batzuk ere islatu dituela irudietan.