Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Postontzi gizajoak

Goizean hurreratu eta… etsita ikusi dut etxeko postontzia. Izan ere, lasai askoan bizi izan da bera konfinamenduak iraun duen artean; bere kasa, hutsa eta hautsa, eta funtsezkoena dena, inoren esku-sartzerik gabe. Baina hara! Derrepentean etenaldia eten, deseskalatzen hasi, eta zer etorri? Bada, hauteskundeak! Horixe bai kolpea postontziarentzat, postarientzat baino gehiago, azken batean hauek zama sartu eta badoaz, joan ere, hurrengoaren bila. Ulertzekoa da, ez da erraza postontziaren bizitza hauteskunde garaian. Propagandaz lepo, gizajoak, norbaiten esku-sartze arina eskatu gurarik! Ama, ama! Bai nekeza propaganda gero!

Total, hainbeste pena hartu dut ikustean ezen hustu egin dudala, eta etxeko mahai gaina bete ere. Hauxe gutun-azal pila! Azal gehiago gutunak baino, hori ere esan behar. Halako bero-kolpe batean zabaltzea eta guzti pasatu zait buru aldetik, baina segituan hoztu eta zera esan dit, barrutik, buruak: «Kieto parao Murgoitio, ez du merezi, aprobetxatu hotzaldi hau, klima aldaketak ez du halakorik asko ekarriko eta!».

Eta propaganda sailkatzen hasi naiz: batzuk zuzenean papera birziklatzeko ontzira, beste batzuk kospost-ontzira, hor-konpost! Batzuetan zalantzan egon naiz: «Erantzunak» irakurri dut azalean, arrosa zimela ondoan… barrukoa azalera ekarri eta demontre! Erantzunak bai, baina galderak zein ziren ageri ez! Gauzak horrela, konponbideak baino gehiago horkonponbideak iruditu zaizkit. Ontzira!

«Euskadi Zutik» ikusi eta belarriak tentetu; «Aterako gara», baina horretarako ibili egin behar, zutik geratuta ez dagoelako mugimendurik. Ez, ez da Zutik Euskal Herria, ez izena eta ez izana. «Ongi Etorri» ere ikusi dut! Baina ez, ez da errefuxiatuak, errefusa baizik, zaborrak erretzeko planta zutitu dutenez… beste batzuk Zaldibarreko luizitik ezin aterata… Onena opa diot postontziari!