GARA
BILBO

Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa hasi da EAEn

Batxilergoko eta Lanbide Heziketako goi mailako zikloren bat egin duten 12.594 ikaslek hasi zuten atzo goizean Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE), lehen selektibitatea bezala ezagutzen zena, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), iaz baino %8,6 gehiagok.

EHUk jakinarazi duenez, ebaluazioa egiten hasi diren gehienak batxilergoko ikasleak dira, 11.758. Horietatik 1.640 Arabako campusean ari dira egiten azterketa, 5.801 Bizkaikoan eta 4.287 Gipuzkoakoan.

Lanbide Heziketatik, berriz, 836 ikasle aurkeztuko dira; 136 Arabako campusean egiten ari dira azterketa, 379 Bizkaikoan eta 307 Gipuzkoakoan.

Hizkuntzari dagokionez, Batxilergoko ikasleen %74 euskaraz egiten ari da proba (8.677 ikasle), eta %26 gaztelaniaz (3.051). Lanbide Heziketako ikasleen %57 ari da proba euskaraz egiten, eta %43 gaztelaniaz.

Araceli Garin Gradu eta Graduondoko Ikasketen errektoreordeak atzo adierazi zuenez, arazorik gabe joan zen azterketen hasiera, eta ikasle guztiak eserita zeuden azterketak hasi baino ordu laurden lehenago. Ikasleak pixkanaka sartu ziren azterketa-zentroetara, 20 minutuko tarteetan.

EHUk higiene, osasun eta antolakuntza neurriak jasotzen dituen protokoloa prestatu du egunotarako, probetan parte hartzen duten guztiek errespetatu beharrekoa. Protokoloa bigarren hezkuntzako ikastetxe guztietara bidali zuen eta EHUko webgunean ere kontsultatu ahal da.

Osasun neurrien artean, ikasle bakoitzak maskara kirurgikoa eta azterketa egiteko materiala eraman behar ditu probara (bolaluma, erregelak, kalkulagailua), eta une oro mantendu behar du ezarritako gutxieneko segurtasun distantzia.

Pertsona guztiek eskuak garbitu behar dituzte ikasgelara sartu aurretik, eraikinen sarreretan ipini diren ontzietako gel hidroalkoholikoak erabilita. Bestalde, dagokion epaimahaiko presidenteak edo idazkariak emandako jarraibideak jarraitu behar dituzte.

Egoitza gehiago

Ohi bezala, aurten ere hiru egunez egingo da ebaluazioa, atzo hasi eta bihar arte. Hori bai, azterketak egiteko egoitzen kopurua handitu egin da, osasun baldintza onenak izateko. Horrela, Euzkal Herriko Unibertsitatearen ohiko egoitzei, besteak beste, BEC Bizkaian, Armeria Eskola eta Eibarko Institutua Gipuzkoan eta Ekialdea Institutua Araban gehitu zaizkie. Ordutegiak ere aldatu egin dira aurreko urteko azterketekin alderatuta.

Desgaitasuna edo hezkuntza-premia bereziak dituzten 405 ikaslek egokitzapenak beharko dituzte Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazio egiteko. Neurriokin, ikasle guztiek sarbide-proba aukera-berdintasunean egiten dutela bermatu nahi izan dute.