Oihane IRAZU
BARAKALDO
Entrevista
SOIARTZE PEREZ
TXINTXILIN EUSKAL JANTZIAK (BARAKALDO)

«Ez ditugu bi jantzi berdin, bakoitzak zeozer ezberdina du»

Soiartzek hamar urte daramatza euskal jantziak saltzen. Kazetari eta dantzaria, 2010ean murgildu zen euskal jantzien munduan. Amak oso ondo josten zuela-eta, mertzeria txiki bat ireki zuen Barakaldon. Zazpi urte geroago, euskal jantzien Txintxilin denda ireki zuten. Gaur egun, Soiartzek eta amak Bizkaia osorako egiten dituzte euskal jantziak.

Nola hasi zineten denda honekin?

Orain dela hamazazpi urte, amari ideia oso ona etorri zitzaion burura. Etxean josten zuen, eta, batzuetan, familiakoentzat egiten zituen gauzatxoak. Orduan, mertzeria bat jartzea pentsatu eta horrela egin zuen. Mertzeria hori oraindik irekita dugu. Zazpi urte geroago, Txintxilin ireki genuen amak eta biok. Nik kazetaritza ikasi nuen, baina amaitu eta dendara sartu nintzen ama laguntzera, eta orain arte. Tailerra daukagu hemen, eta amak eta bi langilek egiten dituzte jantziak: txalekoak, txaketak, gonak… Jantzi esklusiboak josi eta Bizkaia osoan banatutako dendetan saltzen ditugu. Denda honetan dauzkagun jantzi guztiak guk egindakoak dira, ez daude bi berdin. Orain arte salmentak oso ondo joan zaizkigu, eta alboko herrietako dendetan ere oso ondo saltzen dira gure jantziak.

Euskal jantziak saltzeko sasoi onena zein da?

Egia esan, ia urte osoan zehar ditugu salmenta asko. Martxoan edo apirilean hasten dira Dantzari Egunerako jantziak eskatzen. Hemen Dantzari Eguna oso garrantzitsua da, eta jende pila bat etortzen da bi hilabete horietan dantzarien jantziak erostera. Gero, ekainetik irailera arte amantalen denboraldia da. Ezkerraldeko eskoletako gurasoek orokorrean guri eskatzen dizkigute amantalak, guk hemen tailerrean egindakoak. Eskolara bueltako denboraldia amaituta, Gabonetakoa dator. Gabonetan baserritar jantzi asko eskatzen dizkigute, baina eskaerak urritik hasten dira. Horregatik, normalean, bakarrik urtarrilean eta otsailan ditugu salmenta txikiak.

Zuen bezero ohikoenak nortzuk dira orokorrean?

Egia esan ez ditugu ohiko bezero zehatz ak. Baina esan behar badizut, dantzari taldeak izango lirateke bezero ohikoenak. Ni dantzaria naiz, eta abantaila hori dut dendan. Norbait datorrenean dantzari jantzi bat eskatzera, ez didate argazkirik erakutsi behar, badakit zer nahi duten. Gainera, mundu hau izugarri gustatzen zait. 3 urte nituenetik dantzatzen dut, eta, orain ere, 31 urterekin, dantzatzen jarraitzen dut.

Bestalde, Gabonetako eta eskoletako kanpainaz gain, bordatuak ere egiten ditugu, pertsonalizatuak, adibidez, jaioberrientzako. Instagramen eta Facebooken profilak ditugu, eta gure jantziak eta bordatu pertsonalizatuak ipintzen ditugu. Sare sozialak erakustoki bikaina bihurtu dira, edozeinek ikus dezakeelako zer egiten dugun.

Nola bizi izan dituzue pandemiaren ondorioak?

Suposatzen dut beste dendari guztien moduan: txarto. Esan bezala, gure salmentak jaietan daude oinarrituta eta hori guztia gelditu egin da momentuz. Ez dakigu zer-nolako salmentak izango ditugun hemendik aurrera: ez dugu pentsatu ere egin nahi. Orain maskarak egiten hasi gara tailerrean, eta harrera bikaina izan dute. Maskara pertsonalizatuak ere egiten ditugu. Pentsa, uneotan dauzkagun enkargu bakarrak maskarak dira. Jairik gabe, euskal jantzien salmentak jaitsi egin dira.