GARA
PILOTA

Beaskoetxea eta Lekerika, lehen finalistak Markinan

Beaskoetxea eta Lekerika dira lehen finalistak Markinako Masters Series txapelketan, aurtengo Jai Alai World Tour zirkuituari hasiera emango dion lehiaketan. Erkiaga eta Aldazabal oso indartsu hasi ziren ostiral gaueko finalerdiko lehen tantoetan, baina partida aurrera joan ahala neurketaren itxura aldatu egin zen eta azkenean 8-15, 15-13 eta 5-1 izan zen emaitza.

Aritz Erkiagak eta Ibon Aldazabalek sekulako jokoa erakutsi zuten aurreneko jokoan. Berriatuko atzelariak maila bikainean jokatu zuen eta Lekerika mendean hartu zuen behin eta berriro. Aurrean ere tanto onak ikusi ziren, baina azken emaitzak (8-15) ongi islatu zuen kantxan ikusitakoa.

Bigarren jokoan, ordea, gauzak aldatzen hasi ziren. Urdinek ez zuten halako nagusitasunik erakusten, eta gorriek aldiz, gogor lan eginda tanto bakoitzean, neurketa berdintzeko aukerak ikusi zituzten. Lehenik 14-11 aurreratu ziren, ondoren 14-13ra gerturatu ziren urdinak, baina azkenean, Beaskoetxearen horma-biko bati esker, 15-13 nagusitu ziren.

Hirugarren eta azken jokoa bost tantora jokatzen da, ezin izaten da akatsik egin, eta horretan Beaskoetxea eta Lekerika hobeto moldatu ziren. Aldazabalek pilota bat gora bidali zuen, eta Erkiagak ere pilota pare bat galdu zituen arriskatzen hasita. Azkenean, 5-1 gorrien alde.

Bigarren finalerdia Karmen Egunean jokatuko da, datorren ostegunean, Goikoetxea-Etxeto eta Hormaetxea-Lopez bikoteen artean. Eta finala igandean iritsiko da, uztailaren 19an.

Ezkurdia-Aranguren, bikain

Eskuari dagokionez, Ezkurdiak eta Arangurenek 22-19 irabazi zieten ostiral gauean Elezkano eta Aretxabaletari Larrabetzun. Dema polita izan zen, Ezkurdiak erabaki zuena azken txanpan.